Estonia ezezagunetik

Vennaskond

Zenbat gauza esan dezakezu Estoniaz? Hiriburua zein den ere badakizu? Baltikoari begira bizi den errepublika txikiaz agian hizkuntza arraroa duela jakingo du baten batek, Europako hizkuntzen mapan, euskara, finera, hungariera eta besteren batekin indoeuroparretatik kanpo geratzen direnen multzoa osatuz topatu duelako. Nik neuk, talde hau eta herri honetako beste batzuk (JMKE eta Metro Luminal, besteak beste) entzun nituenean ez zitzaidan Estonia burutik pasatu, eta finlandiartzat jo nituen. Baina ez, txikia eta ezezaguna izanagatik, Estonia han dago, eta bertakoa da Vennaskond talde bitxi eta harrigarria.

Wikipedian begiratuz gero, punkabilly/punk erromantiko berri legez definitzen du, eta horrek zehazki zer adierazten duen jakin barik ere, esan dezakedana da haien soinuak lehen akordeetatik harrapatu ninduela eta ez dudala antzeko nortasunik duen beste talderik topatu Estonian bertan ez bada. Haien kideak JMKE ez bezala, abiada ez dute ezaugarri nagusia, eta bai zapore tristea, agian bai, erromantikotzat, jo ditzakegun melodia bereziak eta haiekin ezin hobeto bat egiten duen ahotsa.

1984an sortu ziren, Tallinn-en uste dut, eta sei lagunek osatzen dute, 22 urteren ondoren bizirik baitiraute, oker ez banago. Betiko osagaiez gain (ahotsa, gitarrak, baxua eta bateria), biola ere badute, eta akordeoia ere maiz agertzen da. Beharbada elementu hauek ematen diote Vennaskond-i berezko izaeraren zati handi bat.

Haien kantarik ezagunenetakoa den “Insener garini hüperboloid”en zuzeneko bertsio honek definitzen dituzten ezaugarri guztiak biltzen ditu. Inoiz imajinatu duzue punka holakoa izan zitekeenik?

Haien webgunean sartuta ezer gutxi ulertuko dugu, baina aurreratuko dizuet punk anarkista dela egiten dutena, eta hitzak inondik ere adituten ez ditudan arren, ematen du bizitzeak berak dakarren minari abesten diotela. Diskografia luzea dute, eta guztiak ez badira ere, gehienak aMulerekin eskura daitezke. Punkaren beste aurpegi bat ezagutzera gonbidatzen zaituztet beraz!

Eta oraindik punkak ote diren zalantza egiten baduzue, agian beste bideo honek (“Täna jälle me joome bensiini”) argituko dizkizue gauzak…

Japoniatik itzuli aurretik ere argi neukan Vennaskond aukera bikaina zela blogari eginkizunari berriz heltzeko!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Estonia ezezagunetik-ri

  1. egilea: Eneko

    Aupi kaixo, googlen bilaketa bat egiten nengoela aurkitu dut blog hau.

    Nire izena Eneko da eta estonian bizi naiz. Vennaskond taldeko partaide batzuk ezagutzen ditut, Tartuko Zavood tabernan izan naiz bberaiekin. Taldeko liderra. Mari presidente ohiaren kampaina politikoa lideratu zuen.

    Vennaskond edo beste edozein estoniar talderen informazioa , cd-ak eta abar nahi badituzu, email bat bidali edozein momentutan.

    Barkatu nire euskera kaxkarra, idazteko ohitura galdu dut.

    Nägemist ( gero arte estonieraz)

  2. egilea: Anonimoa

    enekotraveling@gmail.com da nire emaila

  3. egilea: asel

    Eskerrik asko idazteagatik! Ni Euskal Herriko punk talde baten ibili naiz abeslari, eztarrian arazoak izan arren, eta oraindik ere ahal dudanean haiekin joan eta zer edo zer abesten dut. Hemen entzun ditzakezu gure kantak (zuzenekoak oraingoak dira eta nik ez dut abesten) eta hitzak irakurri ere bai. Estonierara itzuli nahi badituzu, gustura gehituko dut, jakina! http://punkamine.wikispaces.com/
    Estoniako talde gutxi ezagutzen dut: Vennaskond, JMKE, eta beste pare bat, baina haiek entzuteko izan dudan aukera bakarra aMuleren bitartez jaistea izan da, ez naizelako sekula Estonian egon.
    Besarkada bat Laosetik! (hmen nago orain, etorkizuneko bizitza planifikatzen…).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude