Muang Ngoi Neua
Japoniakoak beste baterako utzita, jarrai dezagun Laosen, ipar-ekialderantz, astiro-astiro Vietnamgo mugarantz hurbilduz.
Gure azken geralekua Luang Prabang ikusgarria izan zen. Orain, ordea, herrixka bakartiago batera abiatuko gara, izen ahozkatzeko zaila duen Muang Ngoi Neua-ra, hain zuzen ere.
Herri honetara iristeko bide bakarra ibaia da, eta gu Nong Khiaw-tik abiatu ginen. Ordu erdiko bidaia da, eta inguratzen gaituen paisaiak berak merezi du ontzia hartzea.
Herri txikia da, lasaitasuna eta atsedena behar dituenarentzat ezin egokiagoa, eta han egoteak gau bakoitzeko dolar bat baino ez du balio, bungalow txiki baina xarmagarri batean. Inguruan ibaia eta oilarrak, besterik ez dugu entzungo, herri osoan ez baitago asfaltorik ezta motorerik duen ezer, eta argindarra bera, iluntzean hiru orduz baino ez dago. Baina naturaz, jende atseginez eta irakurketaz gozatzeko leku hoberik al dago?
Herria bera ordu laurden batean ikus daiteke, baina nik ez nuke galduko astiro ibiltzeko parada, hango bizitzari erreparatzekoa. Berez, kale bat baino ez du, punta batetik bestera doana, baina haren inguruan detaile liluragarri asko topatuko dugu.
Bufaloak, laborariak, umeak edonon jolasean… Gaur egungo gure haurrek asko dute ikasteko, jakiteko aspertzea norberaren baitan baino ez dagoela; baina horretaz hurrengo batean idatziko dut. Hemen ideia bat egiteko argazki batzuk utzi eta hizketan jarraituko dut…
Euriak ere magia dauka hemen. Oihanaren usaina dakarkigu ur harrotuei begiratzen diegun bitartean. Ordu erdian, ordu betean goitik jota, atertu eta paisaia busti eguzkitsua eskeiniko digu berriro.
Gure ibilaldian ikusiko dugu, zelan ez, herrixka honek ere bere tenplua duela, eta zorte apur batekin, monje gazte baten ordenatzean parte hartzea edukiko dugu. Bertan herri guztia bilduta topatuko dugu, eta umeentzat gure gizarte ordurako ahaztuaren zantzu bakarrak: coca-cola eta fanta ospatzeko! Agian horixe izan zen han topatzeak harritu gintuen gauza bakarra.
Badakit hain herri xumea izateko argazki askotxo jarri dudala oraingoan, baina egia esan, utzi zigun zaporearen araberakoa izan da. Oraindik ere beste bat gehituko dut, tenpluan dagoen lekuan, zelan ez, ikasten dabiltzan monjegai gazteak ere badaudelako. Guk kokoak jaten harrapatu genituen.
Hurrengo geralekua ez da hemendik urrun egongo!