Bazen behin kontinente bat…


Bazen behin kontinente nahi legez espoliatu bat. Gizon zuri jakintsuak (honen guztiaren buru gizonak baitzeuden, lorpen handi guztietan bezala) hara joan eta erabaki zuten, erlijio eta kultura aurreratuagoak usaintzen uztearen truke, zilegi zela handik aberastasun guztiak ateratzea, mugak gogoak eman ahala ezartzea, eta premiazkoa zen doako lan-eskua indarrez eramatea itsaso handiaren bestaldean aurkitutako lur konkistatu berrietara.

Ordaina, horixe bera: zibilizazioa. Eta gosea eta miseria gorria ere bai, bide batez. Egun batean kontinente espoliatu hartakoek erabaki zuten, gizon zuri jakintsuek garatzen uzten ez bazieten, agian lor zezaketela gosez ez hiltzea gizon haien lurretara joanda. Baina gizon zuri jakintsuari ez zitzaion ideia gustatu, eta alarma guztiak piztu ziren kontinente txiki eta aurreratuenean. “Neurriak hartu” agindu zieten kontinente espoliatuko gobernuei, “zuen txiroak zuen etxean ustel daitezen guri buruhausterik , gure etxean sartzeko”.

Baina goseak ez ditu ulertzen gizon zuri jakintsuaren arrazoi pisuak eta tematia da. Horregatik, ipuin hau ez da bukatu, hasi besterik ez. Agian gizon txuri jakintsuak, txiro horiek goseak akabatzen ez uzteaz gain, berak ere apur bat txiroago izan beharko duela ulertzen duenean hasiko da bukatzen. Beharbada lehenago eta ezer ulertzeko astirik izan aurretik…

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

3 erantzun Bazen behin kontinente bat…-ri

  1. egilea: txomin

    Oso ona!

    Atzo entzun nion gobernuko bozeramaileari, neurri gogorrak hartuko dituztela etorkizun baten bila datozen gizaseme eta emakumeen aurka.

    Hipokrita hutsak gara! lurralde bateko aberastasunak usurpatu, beraien bizimodu tradizionala lurperatu, beraien biztaleria txirotasunera kondenatu eta erakusten diegun plastikosko ongizate honetako zatitxo baten bila abiatzen direnean lepoa moztu! Bejon deigula!

  2. egilea: asel

    Uste dut garaia dela geure ongizate hori zalantzan jartzen has gaitezen. Beti gehiago, beti hobeto… ze preziotan? Noren lepotik? Gure maila jaitsi barik ez da sekula egongo beste batzuena sikera pizkatxo baten orekatzea! Baina ez, guk beti gehiago gastatu gura, gehiago erosi gura, hori ei dalako aurrerakuntza, horretan oinarritzen dalako gure sistema honen gezurra. Itsu-itsu! 😉

  3. egilea: asier

    Oraintxe esan duzu. Lehenengo kontaktua, kasualitate geografikoz, Tenerife, Fuerteventura, Gomera edo Hierroko udatiar izangai garenoi toka dakiguke eta patu putearen kapritxoa bada ere, lotsagarri geratzen gara, zilbota beltz-beltz egitea beste ardura barik, mixeria gorritik ihes gorriak ikusten dituzten heroi anonimo aldra hauen aurrean. Eta urteekin, egia esan, antzera sentitzen naiz sasoi bateko kolonializatzaileak baikinen, kokotetik behera erretratu kamara, herri exotikoetan gabiltzanean.

    Harako hark esan zuena: “Pribilejiorik izango ez balitz ez litzateke bidegabekeriarik izango.”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude