Bazen behin mundu bikain eta zoriontsu bat. Jainkoak, bere jakintza mugagabearekin sortu zuen, akatsik eta orbanik gabea, aratza, garbia eta osoa. Ondo pentsatua zegoen: unibertsoa gutxika-gutxika joango zen handitzen, Jainkoaren beraren loriarako, eta bizia ere milioi urtetik miloi urtera aldatzen eta garatzen joango zen, aurrez programatutako diseinu bikain bati jarraituz. Milioika urte horiek guztiek helburu bakarra izango zuten: Jainkoaren irudira egindako izaki bat ematea, gizakia, alegia. Horrela, Jainkoak helburu bi lortuko zituen: bere nartzisismoari bide jostagarria ematea, eta gizaki horrek sortuko zuen zientziaren gezurra tronpatzea, dena kasualitatez sortua izan zitekeela ere sinetsaraziz.
Bere kalkuluen barruan sartzen zen gizaki bikain horrek hainbeste lanaren ondoren osatutako mundu idilikoa suntsituko zuela. Izan ere, egunen batean Jainkoa bere jostailuarekin aspertuko zen eta zer hobe, jostailuaren deuseztatzea bere irudira egindako izakiaren esku uztea baino.
Jokuak arrisku bakarra zeukan: gezurrezko zientzia ziztrin horren bitartez gizakia Jainkoaren borondaterik ez zegoela sinistera iristea. Hori onartezina baita Jainkoaren nartzisismorako, berak etengabe gurtuko duen menpekoa behar baitu jolaserako. Baina hori ere aldez aurretik kalkulatu, eta Ratzinger kardinala sortu zuen.
Egia da, ezin ukatu, Bibliak ezin hobeto deskribatu zuen munduan bizi gara eta gure lur hau ez da sekula bere lekutik mugitu. Gira-biraka dabiltzanak gizaki tronpatu batzuen garunak baino ez dira. Jainkoak berak han-hemenka izkutaturiko hezur eta fosilak topatuz eta geneak lako izaki mitologikoak ikertuz ziri ederra sartu die Jainko ahalguztidunak euren buruari zientzialari deritzoten horiei…
Salbatuak gara, ordea, Jainkoari esker!
Arrain bat joan-etorrian zebilen itsasoan zehar. Bapatean burua atera, eta dordoka bat ikusi zuen. Eta galdetu zion:
-Dordoka, zer da ura?
Eta dordokak, harriturik, honela erantzun zion:
-Uretan jaio zara. Uretan bizi zara, eta uretan aurkituko duzu heriotza. Zure inguruan ura dago nonnahi, baita zure barrenean ere. Uretan aurkitzen duzunetik jaten duzu, eta bertan ugaltzen zara. Eta zuk, niri galdetzen al didazu zer den ura?!
PD: Arrain hori bezain ezjakinak, Beragan eta Beragatik jaio, bizi eta hiltzen gara. Baina arrain horrek bere inguruan dagoen ura ezagutzen ez duen bezala, guk ere ez dugu ikusten gu inguratzen gaituen Errealitatea.
Amen.