Laos IX (Mundu utopikoaren bila X)

Nam Ou ibaia

Gura bidaiaren azken atalean Muang Ngoi Neua herrixkan geratu ginen haren kale nagusi-bakarretik osteratxoa eginda. Herriaren aukerak, ordea, ez dira hor bukatzen, eta barruan umeek jostatzeko igerileku naturala badute, kanpoan haraino eroan gintuen ibai zabala dugu ordu batzuk emateko. Nahikoa da herriko arrantzale gazte bati holako zerbitzua eskatzea, eta berak jakingo du ondo gu nondik nora mugitu kea zer den ere ez dakiten paisaia haietan barna. Urek itxura lohia izan arren, euriak harrotutako lurra eta arrainak besterik ez daroate, biziz gainezka, eta ertzeetan berdin ikusiko ditugu jendea zein bufaloak bainu freskagarria hartzen.

Natura bete-betean sentitzeko parada da hau, gure gida prestuaren bitartez inguratzen gaituenaren berri izan dezakegun bitartean.

2005-7x14 31 Nam Ou Txalupa aldi honetan merezi du gida turistiko guztietatik kanpo geratzen den beste herrixkaren bat ere bisitatzea, eta halako bateraino eroan gintuen gu. Izena ez galdetu, beharrezkoa ere ez da. Txalupa utzi eta haren etxeen artean abiatzea ume alaien agurretan murgiltzea da. “Sabaidi, sabaidi”, leihoko neskatilak nekatu barik oihukatzen zigun legez…

2005-7x14 38 Nam Ou

Han ez dago kalerik bereizterik, etxeak oso ordenatuta dauden arren, eta haien inguruan dena da pasiatzeko eta umeak korrika ibiltzeko lekua, inguratzen duten muga bakarrak naturalak izaki: ibaia eta oihana.

2005-7x14 37 Nam Ou

Gu iritsi ginen egunean giro handia zegoen eta mundu guztia batzen zen etxe baten azpian. Beraz, jakin-minak jota, geu ere hurbildu ginen eta…: herriko saltzailea zen iritsia hiritik ekarritako hainbat gauzarekin, bereziki umeen pozerako!!

2005-7x14 41 Nam Ou

Guk ere erosketak egiteko saioa egin genuen, gure kasuan hiritik ekarritakoak ez, herrian bertan egindako oihalen bat baizik, baina prezioa ulertzeko zailtasun batzuen ondoren, eta laoseraz gure ahalegintxoa eginda, azkenean konturatu ginen gure kalkuloei zeroren bat falta zitzaiela eta ez geneukala behar beste diru.

2005-7x14 45 Nam Ou

Beraz, umeei euren dendatxoan freskagarri bat erosita konformatu behar. Freskagarria izenez, argindarrik gabe nekez egongo baitzen hotz. Erosketarekin atzera txalupara eta ibai zoragarriaren uretara.

Itzuleran ertzeetan zebilen jendearekin egin genuen topo, eta horrela neska haren gurasoek baratzean zituzten fruituen berri izan, edo hirian saltzeko harrapatzen zituzten karramarro ederrak ikusita gosea piztu.

2005-7x14 50 Nam Ou

Nam Ou bera arduratuko zen berriro errepideetara itzularazteaz, asfaltorik gabeko oasi txiki honen ostean.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude