Agindutakoa zorra da, eta bada garaia utzi nuen bat kitatzeko. Izan ere, badira aste batzuk Gianni Celatiren trilogia ixten duen liburua bukatu nuela, eta aurrekoekin lain gozatu dut honekin ere. Eleberri itzela da Paradisuko almanaka hau, aurrekoak bezain umoretsua eta beste konstante batzuetan ere bat datorrena. Aitortu behar dut trilogia honek mementoko nire idazle kutuna bihurtu duela Celati.
Kasu honetan, Giovanni dugu protagonista eta narratzailea, Alemaniara joandako italiar gaztea, bihotza lapurtu dion neskatza baten atzetik. Horrela, Anje nahasgarriaren familiaren etxean bizitzen hasi, eta hamaika egoera barregarri zein negargarritan ikusiko du sartuta bere burua.
Zein dira Celatiren konstante horiek? Besteak beste, subjektibitatea eta ukitu surrealista. Eleberri honetan, aurrekoetan legez, ez zaigu istorioa kontatuko gertatzen den bezala, protagonistak biziko duen ikuspuntutik baizik. Ikuspuntu xelebrea betiere. Eta aurreko bietan legez, batzuetan zaila gertatzen da benetan zer gertatzen ari den jakitea, bizitzan bezala gertaeren egia ez dugulako jakiten, hartatik geuk sortutako pelikula da lagun dugun errealitate bakarra. Eta batzuek, beste barik, ez dute azalpenik (Alemaniara iritsi orduko gurpilak puzteko ponpaz, azalpenik gabe, buruan kaskarreko ederra jotzen dion txirrindulariaren portaera, esaterako).
Protagonista berriro ere da inguratzen duen munduan guztiz ondo egokitzen ez den arima. Zelan egokituko da ondo eskarmentu bako italiar gazte bat alemaniar mundu batean, hizkuntzaz ere guztiz ezjakin?
Pertsonaien galeria aberatsa topatuko dugu, Giovanniren kalterako batzuetan, onerako besteetan, eta pertsonaia horien guztien jokabideen interpretaziorako gida bakarra protagonistaren beraren hausnarketak.
Ez dut hemen liburuaren balizko zentzuaren azterketa sakonik egingo, hori norberaren lana da. Uste dut Celatik irakurketa ugari eskaini digula, hari eta gai asko, eta protagonistaren bukaerako hausnarketek gertatutako guztia birplanteatzera garamatzate. Gure bideak nork edo zerk gidatzen edo erabakitzen duen kezkaz aztertzera. Baina esanahiak esanahi, liburuak ordu gozagarriak igarotzeko aukera ederra eskaintzen du, atzerritar batek hamaika komeria pasa baitezake ondo ezagutzen ez duen lurra zapaltzean. Beste kultura bateko norbaitekin amodiozko esperientziaren bat izan duenak, gainera, bere burua ikus dezake Giovanni dispersoaren gorabeheretan islatuta. Neskarentzat gorde gura dituen sentimenduek zentratzeko oztopoak topatuko dituzte maiz. Grina mota batzuek denok berdinagotzen gaituzte. Ez gutxiago komunikatzeko zailtasunek.
Aurrekoetan bezalaxe, bestalde, bitxia da bere joera ezkertiarrari ematen dion lekua, baita horretaz egin daitekeen irakurketa ere.
Holako lan gehiago euskaraz, mesedez!