Itsasoko woka

Gaurko errezetak itsasoko zaporea dakar, eta japoniar estilokoa izan arren, neure kolkotik atera dut, eskura nuena erabiliz (gauzak egiteko modurik onena, zalantza barik!). Baina probatuz gero, batek baino gehiagok errepikatuko du, erraza bezain gozoa baita. Lortzeko zaila izan daitezkeen osagai bakarrak tenpura eta beste hainbat gauzatarako erabiltzen den tentsuyu saltsa (hiru parte dashi salda, hemen gainetik azalduta, parte bat soja saltsa eta parte bat mirin, arroz ardo leuna), etxean presta daitekeena, edo holako produktu exotikoak dituen supermerkaturen batean eginda erosi (gomendagarria, behin probatuta saltsa hau edozertarako erabil baitaiteke zapore handiagoa emateko), eta katsuobushi (hegaluze lehorrezko malutak, dashi bera egiteko erabiltzeaz gain, japoniar plater askori gehi dakiokeena, behin bukatuta eta berotan gainetik botata). Prestatzeko ez da 20 minutu baino gehiago behar, eta osagai asko ere ez du eskatzen; betiere, eskura dugun beste barazkiren bat gehi diezaiokegu.

  • Tipula bat (gorria zaporetsuagoa izan ohi da)
  • Piper gorri bar
  • Tomate handi bat
  • Porru bat
  • Olagarro garro bi
  • 400g. pota
  • 300g. arrain hezurrik gabe (nik panga erabili dut, prezio onean dagoelako, baina xerretan saltzen den beste edozein erabil daiteke, hobe haragi trinkoa duena, ez desegiteko)
  • Goilarakada bi soja saltsa
  • Goilarakada bat tentsuyu saltsa
  • Pastilla erdia japoniar curry (hemen ohartxo bat horretaz)
  • Pixkat bat katsuobushi
  • Olioa
  • Gatza (nahi izanez gero)

Hasteko, tipula, piperra, porrua eta tomatea zatituko ditugu. Garroak, pota eta arraina ere 2cm-ko zatitan ebakiko ditugu. Wok batean olioa ipini, eta bero-bero dagoenean barazkiak erantsiko ditugu. Minutu batez nahastu, eta arraina eta enparauak bota. Sua inoiz jaitsi barik, nahastu bi minutuz edo, larregi ere eragin barik; nahi izanez gero, gatza gehitu (kontuan hartu soja saltsak eta bestelakoek berez ematen dutela zapore handia, beraz, ez da oso beharrezkoa), eta berehala tentsuyu eta soja saltsak erantsi, currya, eta dena ondo nahastu. Utzi su bizian, noizean behin dena mugituz, arraina eta pota barruraino eginda egon arte. Sutatik kendu, eta gainetik katsuobushi-a bota. Oso ondo geratzen da gainetik nori alga zerrendak ere botata. Eta ahoa gozatzeko prest!

Nahi izanez gero, soba edo udon fideoak egin daitezke batera jateko, holako plateren lagun ezinhobeak baitira. Arroz zuria ere ederto ezkontzen da.

Itsasoko woka

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude