Muang Vieng Thong
Gure bideari aurrera jarraituz, gure azken geralekua, Mung Ngoi Neua, utzita, eta Nong Khiaw -n garraoia lortuta (negoziazioaren artea), ekialderantz joko dugu. Guk, egin genituen poloniar lagunekin batera, nahi genuen herrira iritsi aurretik, Muang Vieng Kham-en geratu behar izan genuen aurrerago eroango gintuen bigarren pertsonaren bila, baina azkenean, presa barik, dena lortzen da.
Hango asfaltotik orduak eginda, herri zoragarrira iritsi ginen: Muang Vieng Thong. Ez da ez, gidetan topa daitekeen lekurik turistikoena eta aipatuena, eta kasu honetan, argi eta garbi esan behar genuke: zorionez! Izan ere, han egon bitartean kanpotar, falang, bakarrak izan ginen. Hori ez ezik, bukatzeke zegoen ostatua guretzat ireki zuten, eta lanak bertan behera utzi zarata izan ez genezan. Hangoa bai familia jatorra, aurreko batean aipatu dudana…
Zer topa daiteke herri honetan? Laostar zapore peto-petoa duen leku lasaia. Askotan esan dudan legez, hemengoak ere presak ez ditu ezagutzen. Herri ederra, goitik behera zurez egina, nekazaria, erreka inguruan eraikia. Zubira inguratu eta arroz-zelai zabal zabalak topatuko ditugu begien gozamenerako. Ez da aukera txarra zubian bertan geratu, eta hango erritmo patxadatsuari begira ematea hurrengo orduak.
Herriaren erdigunea dendagunea ere bada. Kalera irekita, denetarik topa daiteke, eta bertatik mugitzen da jende gehien, auto bakanen batek oso noizbehinka gurutzatzen duen kale nagusiaren alde banatan.
Bestalde, jendeak badaki denbora zertan eman, denbora pasa bakoitzaren osasungarritasuna neurtzea, norberaren esku…
Inguru horretan bertan topatu genuen taberna bakarra, eta hura bilakatu zen gure eguneroko otordu eta garagardoen lekua. Arropa-denda eta tabernaren arteko zerbait zen hartan, etxean legez: gu solasean eta jan-edanean ibili bitartean, hango familiak ere gure atzean jaten zuen telebistaren aurrean.
Hankak luzatu gura izanez gero, aukera onak ere badaude: zubia zeharkatu, eta arroz-zelaiei jarraituz, ur-beroetara irits daiteke, eta animatuz gero, inork gutxik bisitatzen dituen beste herrixka batzuk ere aurkitu, bere saltsan bizi diren bufaloak…
Hango arazo bakarra, beste lekuetan dagoena: garraio publikoa egunean behin igarotzen da, eta adi-adi ibili ezean, guri legez gertatu eta herriko norbait konbentzitu beharko dugu bere autoan atera gaitzan. Baina horrek ere badu bere xarma, batez ere mundu guztiak hain ondo tratatzen zaituen leku batean. Haiek nekez aztoratzen dira eta umorez hartzen dituzte holako “ezbeharrak”. Ez da zaila denbora laburrean lagunak egitea…