Beldurraren kontzientzia, etorkizunaren beldurra

Asierren blogean irakurritako azken mezuak zer pentsatu eman dit. Hori baino gehiago, aspaldiko pentsamendua hemen forma apur bat emanda uzteko gogoa (bide batez, balio dezala hasi berri dudan ikastaroan eskatutako ariketa moduan…).

Txikitatik hasten gara garatzen kontzientzia deritzogun hori. Kontzientzia horren barruan balioak (morala, etika, hamar mandamenduak edo zaku horretan nahi duguna) kokatzen goaz, ona eta txarra bereizten, zer egin eta zer ez barneratzen.

Azkenean, ona eta txarra badaudela sinestera iritsi garen pertsona helduak bilakatzen gara. Kontzientzia horretan sartu dugunaren arabera jokatu behar dugula ere guztiz geure egiten dugu. Onak gara. Ez dugu gaizkirik egiten. Gezurra esatea txarra da, egia esatea ona. Oreinak ehizatzea ona da, auzokoa akabatzea txarra. Jakiak ahoan sartzea ona da, ipurdian oso txarra…

Baina azkenean, burutik pasatu ohi zaizkigun pentsamendu guztiak ekintza bihurtzea galarazten diguna benetan da ustezko kontzientzia? Zinez barrutik jaiotzen zaizkigun desio, apeta, irrika, burutazio batzuk baztertzen dituena haiei gaizto iriztea da? Ala zuei bururatzen zaizkizuen asmo guztiak aratzak eta aitortzeko modukoak dira?

Argi daukat nik, edo hori uste dut orain, batek daki bihar zelan ikusiko dudan kontua. Gure benetako kontzientzia bakarrak helduleku bi ditu, eta biek egiten dute bat. Beldurraren jakitun gara. Etorkizunaren kontzientzia dugu. Etorkizuna da etengabeko mehatxua, agindua bezainbeste. Erlijioek hil ondorengo izua erabili dute historikoki. Legeek delitu ondorengo zigorrarena. Badakigu gure ekintzaren ostean bizitzen jarraituko dugula, gure ingurukoekin egongo, legearekin topo egingo, espero ez dugunean hilko… Etorkizunaren kontzientziak beldurraren kontzientzia dakar. Beldurra gertukoenen gaitzespenei (zer dira gertukoak, behar ditugun pertsonak baino, adiskide eta laguntzeko prest?); beldurra ezezagunen esamesei; beldurra, zelan ez, legearen zigorrari; eta izurik handiena, sinistunen artean, bizi ondorengo betiereko zigorrari.

Bat-batean etorkizunaren kontzientzia ezabatuko balizute, beldur oro kendu… seguru zaude ez zenukeela burutuko gaur egun zeure buruari debekatzen diozun eta ona zarelakoan baztertzen duzun hainbat asmo, ekintza txiki zein handi? Zure balioen aurkakotzat dituzun horiek guztiak deitoratuko zenituzke berdin-berdin? Etorkizunik gabe ez dago beldurrik; beldurrik gabe ez dago kontzientziarik. Horrek salbatzen gaitu. Ala kondenatu?

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

5 erantzun Beldurraren kontzientzia, etorkizunaren beldurra-ri

  1. egilea: asel

    adibide moduan diktadurak ditugu: zelan jokatzen dute, legea eurak baino ez direla ikusita, inpunitate osoz mugi daitezkeenak? egun batetik bestera bihurtu dira “munstroak”, ala barruan eraman dute kaiolatuta askatzeko aukera “segurua”, etorkizunaren beldur ez dena, sentitu arte?

  2. egilea: jose

    Too Much! , WEb 2.0 ko ikastaro batean izen eman eta “kontzientzia” eta eztabaidatzen bukatu behar. Asel, benetan mezu mamitsua jarri duzu.

    “La insoportable brevedad del ser” irakurri nuenetik ez dut alako paja mentalik irakurri.

    Dena den, nire iritzia argia da, “kontzientziarik” gabe ez ez gara gizaki.

    Nire ustez artista eta pertsona asko saiatu dira “Beldur” horiek izango ez balituzte bezala jokatzen. Nola bait “libre” izaten. Baino eta, kontzientzia hori kenduta zer gelditzen zaigu? Beldurra ezagutuko ez bagenu, segurtasuna ere ez genuke ezagutuko, eta pekatua desagertuko balitz , berarekin joango litzateke plazerra. Kontzientziarik gabe animalia praktiko batzuk bakarrik ginateke.

  3. egilea: asel

    Ados nago, gauza bera gertatuko litzakete oroimenik ez bagenu. Demagun gure oroimenaren iraupena 24 ordukoa dela. Holan ere nekez ezagutuko genuke beldurra. Gaur egindakoa bihar ahaztuta legoke. Izugarrikeria eginda ere, biharko inork ez luke gogoratuko, ezta geuk ere. Berez ekintzaren positibotasun edo negatibotasuna baino, ekintzaren ondorioak dira neurtzen ditugunak, eta neurri hori eskarmentuak ematen digu. Horregatik, etorkizunaren beldurra ez dutenen adibide gehitu ditut gero diktaduren gehiegikeriak adibide.

    Kontua gehiago zen norberaren kontzientzian zalantza hau sortzea: uste dugun bezain zintzoak gara, berez, ala gure izuek ematen digute ustezko zintzotasuna? Nik, erantzunak ematea baino, galderak irekitzea dut maiteago. Gure larruan noizean behin deseroso sentiaraztea. Geure buruaz uste onegia izatea ere ez da osasungarria.

    Ikastarokide zaitut, beraz. Kiku bat egingo dut ea zure bloga zerrendan dagoen eta iristeko moduan (badago hor bat, baina haren loturak momentuz ez zaitu inora eroaten).

  4. egilea: asier

    Egia da, ba, Asel! Txatal honek ondo merezia dauka pajeo kategoria eta, erantzunik ez, baina ez dira gutxi gure baitara bota dituzun dudak, zati honekin geratuko naiz:

    Berez ekintzaren positibotasun edo negatibotasuna baino, ekintzaren ondorioak dira neurtzen ditugunak, eta neurri hori eskarmentuak ematen digu.

    24 orduko memoriaren alde non sinatu behar da?

  5. egilea: asel

    jajajajajajaja, bai, baina guztientzat, jakina. norbera balitz holako oroimenaren jabe bakarra, bai hondamendia! egunero kartzelan itzartu zergatik gauden gogoratu barik. are gehiago, beste mundurik dagoen ere gogoratu barik 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude