Bidaiak scriptoriumean zehar

Zalantza barik, iaz albiste ona jaso genuen euskal irakurleok Alberdaniak Paul Austerren Brooklyngo erokeriak eleberria argitaratzea erabaki zuenean. Albiste ona idazle onen lan bat euskaraz izateagatik, eta albiste ona kasu honetan itzulpena lehen-lehen unetik izan genuelako prest. Baina are albiste hobea da ikustea orduan hasitakoak jarraipena izan duela, bai Txalapartaren eskutik, kasu honetan Paul Karasik-ek eta David Mazzucchelli-k paratutako Kristalezko hiria-ren komiki-bertsio itzelaren bidez, bai bigarrenez Alberdaniaren lanari esker, aurrekotik oso desberdina den Bidaiak scriptoriumean zehar lan hertsagarriarekin. Ez dadila bide hau hemen eten!

Azken liburu honi buruz asko idaz nezake, baina uste dut onena haren orrietan barneratzea gomendatzea dela. Nik hasi eta buka, orriz orri gozatu dut, Austerrek maisuki sortu duen gelaren lau horma horietan gatibu. Ez dut batere misteriorik argitu gura, are gehiago, amaitu ondoren ere ezinezkoa egiten zaidalako, eta hasierako protagonistaren egoerak hainbat galdera iradokitzen baditu, ez dira gutxiago bati buruan geratzen zaizkionak azken esaldia irakurri eta gero.

Liburu honetan dena mugitzen da gela batean itxita esnatzen den adineko gizon baten inguruan, Blank jauna deritzona. Berak ez daki, ezta irakurleok ere, zerk eraman duen gela minimalista hartara, goizero esnatzen baita aurreko egunetan gertatutakoa gogoratu ezinik, ezta itxita dakusan atea giltzapetuta dagoen ere. Goizero zerotik hasiko balitz legez. Eta eskura dituen paper eta argazkiek eta bata bestearen atzetik izango dituen bisitek iraganeko mamuak jaurtiko dizkiote, nondik datorkion ez dakien erru sentimendua esnaraziko. Dena Blankek ezagutzen ez dituen kamerek eta mikrofonoek grabatua. Baina kanpotik begira duenak kameraz jaso dezakeenaz harago, protagonistaren pentsamenduak ere biluztuko dizkigu eta jakin-minak gora baino ez du egingo.

Besterik kontatu gabe, laburbilduko dut nire baitan geratutako sentipena: iragan ekintzak ez dira guk ahazteagatik ezabatzen, sentimenduek ere oroitzapenen gainetik dirauten legez (hor dago Anna gozoa hori frogatzeko). Literaturak erantzunak emateko baino gehiago, geure buruaz eta gure inguruaz galderak pizteko balio behar du, bai horixe!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude