Ikusezina

Gure gizartearen arazo larriek behin eta berriro harritzen naute. Azken arazo larria tanatorioen kokapena da. Hain larria non albiste izatera ere heldu baita. Jendeak ez du tanatoriorik gura bere etxe azpian! Benetan gertaera tragikoa. Ez dugu gure ondoan drogazaleei laguntzeko zentrorik nahi, ez etxe gabeei aterpea emango dienik… Zerbitzu horiek guztiak beharrezkoak dira, onak… gugandik urrun dauden heinean. Eta orain hain arriskutsuak diren tanatorioak ere ez. Tanatorioen giroak tristetu ei ditu auzokoak. Hori tragedia, txo!

Gizarte honek aspaldi ahaztu zuen elkartasunaren esanahia, hori esan barik doa, baina azken honek apeta burgesaren neurria hartzen du. Batek zioenez, ez zuen gorpuen gainean lo egin gura! Jakina, denok dakigu zer arriskutsuak diren hildakoak. Neuk ere ez nuke gorpu baten gainean lo egin nahi, ukitu oso hotza izan ohi dute. Brrrrrr! Ergela ni, beti izan naiz bizien beldurrago hildakoen baino.

Baina normala da, ondo pentsatuta. Gizarte honek tabu bihurtu du herioa. Ez horretaz ezin delako berba egin. Kontua da hiltzea antiestetikoa dela, ezkutatu beharreko zerbait. Gure zientzialariek gau eta egun egiten dute lan dama ilun hori gure bizitzatik ezabatzeko. Laster Europan debekatu ere egingo dute inor jendaurrean hiltzea eta bakardadean, ezkutuan egin beharko dugu, inori eragozpenik ez sortzeko.

Nago tradizio kristauaren ondorioak direla hauek. Beste kultura batzuek biziaren zatia dela onartzen dute, eta pozik ematen ez dien arren, barneratuago daukate zikloaren une ezinbestekoa dela. Gurean itsuskeria da, haren aurrean begiak itxi nahi ditugu, ixteagatik desagertu behar balu legez. Eta bidearen amaia ostentzeko bide horretan, apurka-apurka zahartzaroa bera ere debekatu nahian gabiltza. Zahartzaroa baita heriorako atea, zerbait desatsegina, beraz. Gizakiak sortu duen unibertsoa menderatu ez duen seinale. Guztiaren errege sentitzen den gizakiak ez baitu herioa makurrarazi, eta horrek handinahia zauritzen dio.

Hildakoak hobe daude pantailan, urrun, ikuskizun moduan, erraiak bonba batek sakabanatuta bada ere. Ez nire auzoan, txukun-txukun prestatuta ere. Jakina, beste kasuetan legez, kontua ez da tanatorioak desagerraraztea, niri ere nor edo nor hilko zait, joan beharko dut batera… baina ez nire ate ondoan, mesedez.

Hipokrisia, gizarte osoaren krisia.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude