Erregearen opilak

Ipuinak idazteko teknika jakina da ipuin ezagunen birmoldaketarena. Eskolan hori da umeen sormena pizteko erabilienetakoa, beharbada. Gaur jostari altxatu naiz eta jolas horri heltzea pentsatu dut. Kasu honetan, “Erregearen soinekoa” delakoaren moldaketa nahiko librea egingo dut, aldez aurretik barkamena eskatuz sukaldariei, ez baita nire asmoa haietako inor mintzea.

Kontua da, behin bazela oso-oso, baina oso urruneko Euskal deritzon Herrian lagun talde bat. Gauzak errazteko, hirura mugatuko dugu taldea, bestela kopuruekin galdu egiten naiz-eta. Oso lagun onak ziren, oso alaiak. Haietako bi ostalaritzaren munduan mugitzen ziren, nahiko trebe, baina gazteak izanik artean ez zeukaten ospea irabazita. Hirugarrenak, ordea, txikitan amak, jolas moduan, prestatzen irakatsi zizkion ogiak besterik ez zekien egiten. Hori bai, ogi horiek egitea maite zuen, baina jakina, horrekin ez zen sukaldaritzaren munduan oso urrutira iritsiko. Lagun haiek, irakurri egiten baitzuten, bazeukaten ipuin baten berri, eta ideia bat otu zitzaien: teknika bera erabiliz, erregeari ziria sartu ordez, eurek sortuko zuten errege berria: Sukaldaritzaren erregea. Eta errege hori, munduari ziria ondo sartzeko, ogiak besterik egiten ez zekien laguna izango zen.

Kontua ez zen erreza, alajaina, baina gure lagunek ez zituzten euren garunak alferrik erabiltzen. Hemen, hola, bat-batean gauetik goizera sukaldaritzaren erregea bihurtzea… Bidaia bat egingo dugu eta kanpoan koroatuko dugu gure erregea. Eta Tokiora joan ziren. Jakina da Japoniako sukaldaritza ospe handikoa dela, eta jakina da, era berean, japoniarrek oso heziketa ona daukatela eta desberdinak diren kanpoko gauzak txalotu egiten dituztela, etiketa zaintzeagatik baino ez bada ere. Beraz, maletak egin eta Tokiora joan ziren. Han jende gutxik daki zer gertatu zen, baina hiru lagunak etxera itzuli ziren Sukaldaritzaren errege berria aldarrikatuz. Ogiak ez dauka xarma handirik, horregatik erabaki zuten haiek ez zirela berriro ogi izango, opil baizik. Sukaldaritzaren erregearen opilek aho bete hortz utzi zituzten Tokioko adituak! Opil haien sinpletasuna, freskotasuna, haurtzaroa gogorarazten zien usaina miresten zituzten.

Euskal Herria itzuli eta beste barik hori aldarrikatzea ere ez zen erreza, ordea; hortaz, sukaldaritzako aditu garrantzitsu bat bilatu zuten bere onespena eman ziezaien. Honetan guztian ez dakigu oso ondo adituaren arrazoiak zein izan ziren, baina lau haizetara zabaldu zuen Sukaldaritzaren erregearen opilen bikaintasuna.

Denbora laburrean izugarrizko zurrunbiloa sortu zen opil haien inguruan. Denek dastatu nahi zituzten eta denak liluratzen zituzten beren sinpletasunarekin eta haurtzaroaren oihartzunekin. Inor ez zen sekretua asmatzeko gai. Jakina, benetako sukaldari batzuek bere baitarako gorde zuten iritzia: haiek ogi traketsak ziren, ez inondik inora opilak. Baina zelan ausartuko ziren hainbeste adituri kontra egiten? Holakorik iradokitze hutsak Michelin gidan sardexka batzuk galtzea ekar ziezaiekeen!

Hiru lagunak (eta aditua, esan gabe doa) poz-pozik zeuden. Sukaldaritzaren erregeak jatetxea ere ireki zuen, eta bezeroen zorionerako, ogiekin batera noizean behin bere lagun biek prestatutako benetako plater batzuk ere ateratzen zituen. Dena dela, bezero guztiek aho batez laudorio itzelak botatzen zizkieten ogiei. Opil ezin gozoagoak zirela sinestera ere iristen zien. Lagunak ere zoriontsu ziren eurek sortutako idolo berriaren abaroan.

Egun batean, eskola batean Sukaldaritzaren erregea gonbidatu zuten. Izan ere, Sukaldaritzaren erregeak opil bereziak egiten zituen haurrentzat ere, eta haurrek zinez maite zituztela ematen zuen. Eskolan ogiak eta gailetak egiten irakatsi zieten ikasle txikiei, eta sari moduan Sukaldaritzaren erregea joango zen haiek probatzera, eta sukaldari txikirik onenari opil eder-ederra oparituko zion. Haurren ogiak eta gailetak probatu, eta begi liluratu handienekin begiratzen zion neskatila izendatu zuen irabazle. Neska gorri-gorri eginda joan zen bere sariaren bila, eta umeek dakiten bezala, bihotzetik jaurti zituen hitz hauek:

-Zure opilak maite ditut etxean amarentzat prestatzen ditudan ogien berdin-berdinak direlako… -eta musua eman zion masailean.

Izango ez ziren ba! Baina baten batek uste badu neskatilaren hitzek agerian utzi zutela Sukaldaritzaren erregearen egia, azkenean lausoa kenduko ziela begi itsutuei, argi dago ez duela ez gure protagonista ez Herri hura ezagutzen. Sukaldaritzaren erregeak bere irribarre liluragarria atera eta sano esan zuen: <<Hala da zutaz pentsatuz prestatu dudalako eta zure barruan sukaldari handia dagoelako>>. Hori jenialtasuna! Sukaldaritzaren erregea gai zen haurrei sukaldari handi sentiarazteko! Izugarrizko gaitasuna zeukan txikienen gogoarekin bat egiteko! Berak opilak egin eta etxeko ogiak zirela sentiarazten zien! Sukaldaritzaren erregearen ospea handitu eta handitu egin zen, benetako sukaldariak zapuztuta utziz berriro ere.

Sukaldaritzaren zenbat errege ez dagoen munduan… Hala bazan eta ez bazan, ekarri niri legatza saltsan.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude