Izarrak itsutzen dituzuen kale sobera argiztatuei,
ikasi eta inoiz barneratu gabeko moralari,
irribarre debaldeko zuriei,
uniforme berdinzaleei,
zure hodi burrunbarien monoxidozko bihotzari,
bide zuzenetik oker garoatzaten zure konbentzio ez-konbentzigarriei,
zure asfalto eta plastiko arteko paradisu amesgaiztokoari,
zure ihesbidezko droga kartzeleroei,
merkatal askatasun dogmatikoari,
egunero irribarreak margotzen dizkigun zure grisari,
zure zorion erosi, erosi, erosi, salduari,
atzean utzi gaituen zure aurrerapen azkar motelgarriari,
garena erakusten digun pantaila sortzaile-gortzaile, sorgortzaileari,
tradiziozko traizio buruasegarriari,
hezurretaraino sartzen diguzun presio asegaitzari,
zure kultur-zabor garbi guztiari, bihotz-bihotzez
eskerrik asko, mila esker.
Esker mila zugan itota artista bilakatu,
beste salbazio kondenaturik izan ez duten ahots horiengatik,
arrastoan sartzerik izan ez duten sortzaile madarikatuengatik.
(Yutaka Ozaki entzun eta labean berdela prestatu bitartean, vodka tanta batzuk edanda sentitutako leherketa txikia. Beste bat).