Azken hiletan hainbat buelta eman diot ideia bati, hari ekiteko unearen zain, eta gaurkoari une egokia iritzi diot ideia kimu horri irteera emateko, Txileko Santiagon egiten ari den goi-bilera horietako baten karietara Txileko telebistan entzun ditudanak entzun eta gero. Dirudienez, eztabaida bizia piztu da ez dakit zein nazioarteko erakunderen buru Raul Castro izendatuko omen dutelako. Hori dela-eta, Txileko alderdi ultraeskuindarretako politikariak, herritar aberatsak eta talde neonazi batzuetako kaskamotzak agertu dira banan-banan hango telebista nazionaleko albistegian, aho batez, Raul Castro diktadorea dela eta Kubakoa diktadura dela aldarrikatzeko -xelebrea izan da, gainera, Txile bezalako herri batean, maputxeen, anarkisten eta disidente ororen aurkako errepresiorik bortitzena zuritzen eta are auspotzen duten berberek, giza eskubideen urraketaz berbetan entzutea-. Halaber, bat zetozen gehienak -neonaziak izan ezik- herri bat demokratikoa izateko alderdiak behar zituela aldarrikatzerakoan. Ez dut nik esango Kuba diktadura den ala ez, demokrazia ez dela argi dago, laster azalduko dudanez, baina, demokraziaren benetako esanahiari lotuz gero, beharbada konturatuko gara Kubak demokratikotzat hartu ohi diren herri guztiek baino esparru demokratikoagoak badauzkala, oraindik ere auzo- eta herri-batzarrek nolabaiteko zeresan politikoa daukatelako Kuban, beste herrietan holakoen aztarna guztiak aspaldi desagerrarazi zituzten bitartean, egungo sistema nagusitu zedin, hain zuzen ere. Izan ere, kontua ez da Kuba, Txile, Estatu Batuak, Txina, Espainia, Argentina, Venezuela, Frantzia, Iran, Egipto, Israel… diktadurak direnetz. Kontua da ea haietako bakar bat ere demokratikoa den. Eta horixe ahaleginduko naiz hemen argitzen, argi ikusiko dugulako haietako gehienetan, hots, euren burua demokratikotzat jotzen duten guztietan, daukaguna lapurreta historikorik handienetako bat dela. Izenen gerra haiek hasi eta, orain arte, haiek irabazi baitute.
Hori ulertzeko, oso interesgarria da historian -benetakoan, ez eskola eta unibertsitateetako doktrinamendurako idatzi den horretan- eta filosofian barneratzea, eta politika sistemek lehen teoria politikoak idazten hasi zirenetik izan dituzten izen eta definizioetara jotzea. Beldur naiz artikulu luzeegia aterako ez ote zaidan, eta horregatik buruan daukadan alboko hainbat gai baztertu eta punturik garrantzitsuenetara mugatzen ahaleginduko naiz. Irakurleak barka biezat harira ekarriko ditudan egileen aipu zehatzak ez ematea, uste dut norberaren lana dela irakurtzen duen edozeren atzean dagoen balizko egia bere kabuz ikertzea. Zoritxarrez, filosofia lehen eskutik irakurtzea oso gutxietsi da gure egungo kulturan -beren beregi gutxietsi ere-, eta eskoletan irakasten duten ebaketara mugatu ohi da gure ezagutza. Horren aurrean, filosofiaren testu historikoak osorik irakurtzera adoratu nahi nuke irakurlea, gure egungo gizartea eta egun nagusitu diren ideiak, kontzeptuak eta “egiak” nondik datozen eta zelan itxuraldatu edo itxuragabetu diren hobeto ulertzeko ezinbestekoa delakoan. Artikulu honek nire behin-behineko iritzia baino ez du islatuko, eta honetara mugatzea baino gomendagarriagoa da nork bere iritzi osoa egiteko tresna guztiak eskura izatea, nork bere erara ulertzen baitu irakurtzen duena.
Oharpen hori eginda, historikoki filosofia politikoaz idatzi duten pentsalari nagusiek egindako sistemen banaketari helduko diot. Hala, Platonengandik hasita, haren Errepublikan, eta Aristotelesekin jarraituta, haren Politikan, hiru sistema nagusi aurkituko ditugu: demokrazia, aristokrazia eta monarkia. Halaber, hiru sistema horien desbideratzeak edo degradazioak ere aipatu zituzten filosofo klasikoek eta haien ondorengo gehienek: demagogia batzuetan, anarkia besteetan, demokraziari dagokionez, oligarkia, aristokraziari dagokionez, eta, azkenik, tirania, monarkiari dagokionez. Platon eta Aristoteles, eta haien ondoren etorri ziren teorialari gehienak, hala nola Machiaveli, Hobbes, Locke edo Rousseau bera, zein bere zioengatik eta ñabardurak ñabardura, ez ziren ez demokraziaren oso aldekoak. Izan ere, Platonek eta Aristotelesek herria gutxietsi zuten beti. Ez da arraroa, kontuan hartzen badugu, esaterako, eta Platonentzat batez ere, lan egitea -eta batez ere soldatapekoa izatea- morroien kontua zela, ez gizaki askeena, guztiz zilegitzat jotzen zutela esklaboak izatea, eta euren ikuspegi etiko eta filosofikoei jarraituz, herri xumea, langileak eta nekazariak, ezjakintzat eta are astakirtentzat zeuzkatela. Hala, Platonek diseinatu zuen diktadura idealean, hots, haren errepublikan, filosofoak zeuden deituta gobernatzera, derrigorrezko komunismo oso berezian bizi behar zuten zaindari edo gerlariak berme hartuta, eta iruzurra eta manipulazioa ezinbesteko armak ziren herria gobernatzeko eta bere zoriarekin etsi zezan. Aristoteles malguagoa zen, eta aristokraziaren alde egin eta demokrazia oso begiko ez bazeukan ere, haren Politika batez ere Estatuari, zein ere zen haren sistema politikoa, iraunarazteko metodoa zen -emakumeen eginkizunari dagokionez, ordea, Platonek erakutsi zuen berdintasunaren aldeko jarreraren aurrean, erabateko misoginiak gidatu zuen Aristotelesen politika-. Antzeko zerbait egin zuen zenbait mende geroago Hobbes bere Leviatan famatuan: bera monarkia absolutuaren alde argi eta garbi egin eta haren teoria guztia hura zuritzeko sortua izan arren, helburu nagusia Estatua bera zen, eta hala, guztiz arbuiatu zuen Estatuaren aurka egitea gobernu mota, monarkia, aristokrazia zein demokrazia izan -azken biak asanblada subiranoen multzoan sartuta-.
Baina, zertan zeutzan hiru sistema nagusi horiek? Historiako teorialari guztien testuetan, haiek definitzerakoan guztiak bat datozela ikusiko dugu… XVIII. mendean burgesia liberal edo ilustratuak Frantses Iraultza herriari ostu eta bere doktrina, egun ere nagusi dena, ezarri eta izenen prostituzio sistematikoa gauzatu arte.
Hala, Platon, Aristoteles, Machiaveli, Hobbes, Locke eta Rousseaurentzat, arestian aipatutakoen teoriei jarraitzearren, demokrazia herritar guztien batzar edo asanblada burujabearen bidezko gobernua da. Gobernu hori demokratikoa izateko, herritartasuna duten guzti-guztiei zabalik egon behar du, eta batzar horretan denek hartu behar dute parte, berdintasunez. Beste kontu bat da nori aitortzen zaizkion herritartasuna eta, beraz, politika demokratikoan parte hartzeko eskubidea. Aristokrazia, ordea, asanblada-sistema izan arren, bakan batzuen parte hartze zuzenera mugatzen da. Hots, herritartasuna dutenetako batzuen, gutxiengo baten parte hartze politikoan oinarritutako gobernu sistema da. Gobernuan parte hartzen duten horiek, aristokratak, alegia, herriak berak hautatutakoak izan daitezke edo, sistema horren degradazioaren ondorioz, garai batean hautatutakoen oinordetza-eskubidean oinarritu daiteke, besteak beste. Parte hartze eskubidea mugatzeko beste bide batzuk ere egon ziren, hala nola gutxieneko aberastasunen jabe izatea. Beraz, jatorrian eta berez, aristokrazia ez dago noblezia tituluei lotuta eta “onenen” gobernua da. Jatorrian, herriak berak erabaki behar zuen “onenak” nor ziren, hautagaien trebetasunen edo dohainen arabera. Monarkia, azkenik, pertsona bakar baten gobernua da. Asanbladak egotea onar dezake, aholkuak emateko, esaterako, baina azken erabakia hartzeko eskumena monarkarena edo berak eskuordetuena da.
Era berean, Platonen eta Aristotelesen lehen lan teoriko haietan bertan argi ikusi zen hiru sistemetan ardatz nagusia goikoen eta behekoen, hots, aberatsen eta txiroen arteko tentsioa dela. Hala, printzipioz, demokrazia txiroei lotuagoa legoke, eta aristokrazia eta monarkia aberatsei. Filosofo klasikoek argi ikusi zuten ezegonkortasun politikoaren zio nagusia aberatsen eta txiroen interesen arteko talka zela. Horri dagokionez, bereziki interesgarria da Aristotelesen lana, sistema bakoitza desegiteko arrazoiak aztertu zituelako. Hala, haren helburua beste bat bazen ere, ondorio bat atera dezakegu: demokrazia demagogiaren (gaurko populismoaren) esku geratu eta tiraniarako jauzia emateko arrazoi nagusia jabetza pribatuak, hots, desberdintasun ekonomikoak, irautea da. Horrek, halaber, beste ondorio batera garoatza zuzenean: demokraziak komunismo ekonomikoa ezarrita baino ezin iraun dezake eta, beraz, ezarri orduko jabetza pribatua abolitzeko urratsa ere eman behar da. Anarkismoak, komunismo libertarioak batez ere, argi ikusi zuen hori.
Aipatutako egileen artean, Aristoteles eta Rousseau bat letozke, gutxi gorabehera, demokraziari dagokionez, teorikoki, behintzat: sistemarik ederrena izan liteke, baina ezinezkoa. Rousseauren hitzetan, demokrazia jainkoen artean baino ez da posible. Hala, demokrazia ezinezkotzat jo eta aristokraziaren alde egingo zuten biek, lerro artean.
Kasualitatez, Rousseauk eta haren Gizarte-kontratua ospetsuak finkatu zieten iparra burges liberal edo ilustratuei. Frantziako burgesiak eta nobleziaren zati handi batek herriaren indarra erabili eta, geroko Errusiar Iraultzan alderdi boltxebikeak legez, herriaren bultzadak non amaitu behar zuen erabaki zutenean -harago joan eta demokrazia ezarri nahi zuten sans-culotteei anarkista deituta, besteak beste-, Frantses Iraultza burututzat emanda, euren neurrirako sistema politiko, sozial eta ekonomikoa diseinatu behar izan zuten. Horixe zen, izan ere, iraultza bultzatzeko hasieratik izandako asmo bakarra: zaharkituta gelditua zen sistema politikoa deuseztatu eta sistema modernoagoa, zetorren kapitalismoari hobeto egokitzen zitzaiona, ezarri, euren negozioak errazago loratu eta industralizazioa herriak oztopatu barik burutu ahal izateko.
Izan ere, ordura arteko sistema guztiak ia, teorialari gehienek aitortu zuten bezala, mistoak ziren. Osagai demokratikoak, aristokratikoak eta monarkikoak nahasten ziren gehienetan, herri bakoitzaren historiaren arabera, demokraziarantz, aristokraziarantz edo monarkiarantz gehiago edo gutxiago lerratuta. Hala, Europa feudal gehienean, garai historiko askotan erakunde demokratikoak egon ziren herri eta hiri askotako batzar edo kontzeju irekietan, erakunde aristokratikoak herri eta hiri askotan, batzuetan berberetan ere, zeuden batzar edo kontzeju itxietan eta zenbait gorte eta parlamentutan, eta erakunde monarkikoak herrian herriko erregeen, dukeen, printzeen edo jaunen eskutik.
Zalantza barik, sistema misto horiek oztopo handia ziren burges eta noble ilustratuentzat. Alde batetik, monarkiak sabaia jartzen zien goitik haien nahiei, eta haren esku geratzen ziren zerga-bilketa, legegintza eta armada nagusien kontrola, besteak beste. Bestetik, batzar eta kontzeju irekiek ere muga jartzen zieten behetik, batez ere, batzar irekien burujabetasunari lotuta lur askoren jabetza komunala zegoelako, eta industralizazioa aurrera eroateko beharko zuen eskulan gehiegi zegoelako landari atxikita, eta lurraren jabetza esku gutxitan pilatu ezean ez zuen landatik hirirako urratsa emango. Biak batera akabatu behar ziren eta, horretarako, haien sistema politiko formal ideala Rousseauk berak iradokitakoa zen: errepublika aristokratikoa. Pentsatu eta egin, kasu askotan monarkia aztarnekin batera bizitzeko arazorik izan ez arren, oztopo nagusia ez baitzegoen goian, behean baizik. Izenak, ordea, bazeukan bere mamia. Izan ere, azken mendeetan aristokrazia hitza nobleziari gero eta lotuagoa ikusi zen, eta iraultzak nobleziaren pribilegioak, hots, ordurako hiztegian aristokrazia bera akabatu zuela suposatzen zen. Sistema zaharra deuseztatzeko bere odola jarri zuen herriak, beraz, nekez irentsiko zuen aristokrazia izena zeroan sistema politikoa, eta horrek, gainera, agerian utziko zuen boterea bakan batzuen artean banatuko zela eta demokraziaren azken aztarnak betiko desagerrarazi nahi zirela. Herriak armak eskuetan hartzeko izan zituen helburuetatik oso urrun geratzen zen aristokrazia formalerako asmoa, eta herritarren oroimen historikoan boterea borrokatu eta armaz garaitzeko esperientzia gertuegi zegoen. Ilustratuek, “askatasuna, berdintasuna, elkartasuna” hitz eder horien pean mozorrotuta, herriari demokrazia emango ziotela sinetsarazi behar zieten herritar xumeei, eta konfiantza hori bereganatuta haiek denak armaz gabetzeko denbora behar zuten. Nazio-Estatu sortu berrien etsai nagusia etxe barruan zegoen, eta ondo baino hobeto zekiten aristokrata berriek.
Erraz konpondu zuten, beraz: ordura arteko teoria guztiek aristokrazia esan ziotenari izena aldatu, demokrazia bataiatu eta, denborarekin, badaezpada ere, izen horri “ordezkatzailea” edo “parlamentarioa” izenondoa erantsi, baten batek benetako demokrazia aldarrikatuko balu…, eta kito.
Bestetik, oso tentelak ez ziren, eta orduko pentsalari liberalek, euren arteko talde interes kontrajarriak ez ezik, argi izan zuten gauza batzuetarako txiroak alde beharko zituztela, eta beste gauza batzuetarako aberatsak. Hots, gizartearen oinarrian betiko iraungo zuen benetako talka txiroen eta aberatsen interesen artekoa izango zela, jabetza pribatua ez baitzuten sekula zalantzan jarriko, ilustrazio burgesaren interes nagusia kapitalismoa garatzea izanda. Hala, eta hau ere nahiko barregarria da, burgesek gidatu eta manipulatutako iraultza hartan bertan alderdien jokoa hasi zen. Garai hartan girondinoak eta jakobinoak, batez ere, eta gerora sortzen joango ziren alderdi guztiak eta bloke nagusi biak: ezkerra eta eskuina (zein ere diren batek eta besteak hartzen dituzten izenak). Bata txiroen aldeko nolabaiteko diskurtsoan oinarrituta, bestea aberasteko askatasunaren aldekoan. Hau dena oso eskematikoki esanda. Eta barregarria dela diot, edo ironikoa, sistema horren alde egin zuten eta egiten duten gehienek Rousseau erabili dutelako sistema defendatzeko oinarri. Eta, zer idatzi zuen Rousseauk alderdiei buruz? Kalterako baino ez direla, hain zuzen ere. Hots, alderdiak sortzea eta politika alderdien arabera egitea askatasunen aurkako eraso bortitza dela. Halaber, ordezkatuak erabaki dezakeen tokian ordezkariaren beharrik ez dagoela ere idatzi zuen bere liburu famatuan, noizean behin demokraziari keinuak eginez. Bestalde, gizarte-kontratuari gizarte-kontratu edo gizarte-itun deitu ahal izateko -egungo sistemaren defendatzaile sutsu askori gizarte-kontratu baten barruan bizi garela esatea gustatzen zaielako-, herritarrek gizarte-kontratua edonoiz berrikusi, aldatu edo hausteko bidea izan behar dutela ere esan zuen, edo, bestela, gizarte-kontratu hori “sinatzearen” -sinbolikoki bada ere- aurka dauden herritarrek handik ateratzeko aukera izan behar dutela. Alegia, ezin dela jakintzat eman herritar batek, garai jakin batean eta gizarte-kontratu jakin baten pean jaio delako, berez, kontratu hori sinatu duela edo harekin ados dagoela, eta, beraz, herritar guztiek eduki behar dituztela adostasuna edo desadostasuna edonoiz agertzeko modua eta kontratutik askatzeko bidea.
Beraz, XIX. menderako, ideologo nagusiek XVIII. mende arteko teoria politiko guztiak lurperatu eta alderdi-aristokrazia zenari demokrazia, demokrazia parlamentarioa edo demokrazia ordezkatzailea esaten hasi ziren, leloa egun arte errepikatuta, sehaskatik hilobiraino. Hala, ez da harritzekoa, demokraziaren lapurreta hori gauzatu ondoren, Proudhon frantsesak, Zer da jabetza liburu gogoangarrian, “zu zer zara?” galdetuta “ni anarkista naiz” erantzutea eta, harrezkero, anarkista guztiek demokrazia deitoratzea. Izena ez zuen halabeharrez hautatuko, ez. Seguruenik, Proudhonek ondo zekien bere garaiko aristokrata berriek bezala, hots, euren burua “demokratiko”tzat zutenek bezala demokraziari gorroto izan zioten askok anarkia ere esan ziotela herriaren boterean eta berdintasun politikoan oinarritutako sistemari, eta anarkistatzat jo demokrazia aldarrikatzen zuten beste garaietako txiroak eta langileak. Beraz, geroztik, demokraziaren izenean eta omenez deitoratu dute anarkistek “demokrazia”, hots, alderdi-aristokrazia edo partitokrazia. Era berean, demokraziaren etsai gehienek “demokrazia” goresten dute hura ukatzeko. Anarkistek, gainera, argi ikusi zuten anarkia, edo bestela esanda, demokrazia, bideragarria izateko, jabetza komunala berreskuratu behar dela. Hots, herritar guztien berdintasunezko partaidetza politikoa eta berdintasun ekonomikoa banaezinak direla, baten gabeziak bestea ezinezko bihurtzen duelako. Eta horretarako, besteak beste, klase sozial guztiek ere desagertu behar dutela. Izan ere, klase sozialak, aberatsen eta txiroen arteko amildegia, jabeen eta langileen arteko hesia desagertzearen kontrakoak zirelako ziren Platon, Aristoteles, Machiaveli, Hobbes, Rousseau eta Ilustrazio guztia demokraziaren etsaiak, sutsuagoak batzuk, epelagoak besteak, baina etsai, azken finean.
Hala, gaur egun aldarrikatzen diren demokrazia horien sistema politiko formala aztertzen badugu, aristokraziaren eta, kasu gehienetan, haren desbideratze edo degenerazioaren, hots, oligarkiaren, ezaugarri guztiak dauzkala ikusiko dugu argi. Hasteko, demokraziatik ez da deus geratu, ez baitago herritar guztiek berdintasun eta askatasunez eztabaida eta erabaki politikoetan zuzenean eta ordezkaritza barik parte hartzeko erakunde bakar bat ere, konstituzio liberalek (guri dagokigunez Cadizeko 1812koak) azken kontzeju irekiak eta azken lur komunalak desagerrarazteko tresna guztiak erabili eta helburua erabat lortu zutenez geroztik. Bestetik, edozein mailatan, udalak, batzar nagusiak zein legebiltzarrak izan, parte hartzeko bide bakarra alderdien bidez egitea da, salbuespenak salbuespen -kasu batzuetan, hala nola udaletan, hautesle zerrendak edo independenteak ere onartzen dira-, hots, iragazki bat igaro behar da, lehen zantzu aristokratikoa, eta, Rousseauk ondo adierazi legez, banakako askatasunen lehen murrizketa, ideia eta iritzi aniztasuna multzo batbera baten barruan urtzen duelako, alderdi-diziplina ezarrita, kasu askotan. Gainera, alderdi baten barruan egonda ere, erakundeetan parte hartu ahal izateko bide bakarra bozketa batean eserlekua irabaztea da, hots, herritarrek, euren burua zuzenean ordezkatzeko biderik batere izan barik, beste aukerarik ezean, zu onenen artekoa zarela iriztea. Hala, asanblada aristokratiko klasikoak ateratzen dira hauteskundeetatik, asanblada horiek udalbatzak, batzar nagusiak, legebiltzarrak, parlamentuak edo senatuak izan. Hori gutxi ez, eta alderdiek, aurkeztu ahal izateko, berariaz egindako lege batzuk bete behar dituzte, gutxieneko sinadurak lortu eta, kasu gehienetan, gutxieneko ondare ekonomikoa pilatu eta frogatu. Beraz, alderdi-aristokraziak zenbait galbahe dauzka botere formalaren erakundeetara iritsi ahal izateko. Zer esanik ez Estatu Batuak bezalako herri baten presidentziara iristeko, non, jakina denez, hauteskundeak pilatutako diruaren arabera irabazi ohi baitira. Alderdiak, gainera, familia eta klan batzuen eskuetan egon ohi dira, batzuetan goi-karguak hautatzeko bide aristokratikoak izan arren, eta, hala, teoria politiko klasiko gehienen argitara, zuzentasun osoz esan genezake, formalki, gure inguruko sistema politiko guztiak edo ia guztiak alderdi-oligarkiak direla.
Formalki azpimarratu nahi izan dut, alderdi-aristokrazia, alderdi-oligarkia edo, kontzeptu osoa biltzeko hitzik aproposena, partitokrazia sistema politiko formala baino ez delako. Horri erantsi behar zaio, herritarrek aristokrata batzuk edo besteak hautatu arren, benetako botere faktikoa inoiz hautatzen ez diren elite militarren eta ekonomikoen -kasu gehienetan biak batera, elite militar-ekonomikoak- esku egon dela beti. Beraz, edonondik begiratuta ere, esan dezakegu Europan demokraziaren azken aztarnak XIX. mendean desagertu zirela eta, kasualitatez, garai berean egin zela hemen azaldutako izen prostituzioa edo lapurreta, aristokraziak, izenez, baina inoiz ez izanez, demokrazia bihurtzeko. Hurrengo artikulu batean, kasu jakin batean aztertuko ditut demokraziatik aristokraziarako urratsak: Euskal Herrietako eta, zehazkiago, Bizkaiko erakundeetako demokraziaren lapurreta.