Jaiotzen garenetik, etsaiak asmatutako teknologiek inguratuta bizi
gara, eta haietara ohitzen gaituzte, gure onerako direlakoan, gure
askatasuna handitzen dutelakoan. Haietako bat dugu Internet, armadak
aspaldi sortutakoa eta munduko gobernu guztiek herritarrak gero eta
zorrotzago kontrolatzeko hasieratik eta etengabe erabilia.
Komunikazioaren ameskerian bizi gara, ‘informazioaren gizartean’,
doktrina modernoak barnerarazi nahi izan digunaren arabera.
Inkomunikazioaren, desinformazioaren, intoxikazioaren, doktrinamenduaren
eta gizagabetzearen gizartean, zintzoak izateko.
Kontrol, manipulazio masibo eta errepresiorako sortutako tresna
horiei mozorroa kentzen diegunean, bide bi baino ez zaizkigu geratzen:
haietatik ihes egin eta Estatuen kontroletik kanpo dauden geure tresnak
asmatu, edo ahal dugun neurrian tresna horien izaera kaltegarria
murriztu eta geure alde baliatzea. Beharbada, geure buruari iruzur
egitea da pentsatzea teknologiak inoiz neutroak izango direla eta Estatu
aparatuek asmo zehatz batekin sortu zutenari buelta eman ahalko
diogula, baina guztiz amore emateak ere ez lituzke haiek desagerraraziko
eta erabateko garaipena emango lioke sistemari, eremu horretan,
bederen. Horregatik, agian, jarrerarik zentzuzkoena ahal dugun neurri
xumean gure xedeetarako erabiltzea izan daiteke, ahalik eta gutxien eta
helburu oso zehatzekin baino ez bada ere, sistemak uzten dituen
arrakalak inoiz handitzeko itxaropenez.
Gure helburuetarako tresna mugatuak eta gehien bat gure aurka
erabiliak direla ahazten ez badugu, etekina ere atera diezaiekegu
teknologiari eta Interneti. Bide horretatik, garrantzitsua da
inkomunikazioaren garaiotan geure artean komunikatuta eta maila xume
batean koordinatuta egoteko tresna bateratuak eskura izatea. Baita
sistemak isilarazi nahi dituen ahotsak, ideiak, jarrerak, jarduerak…
komunikazio hesitik aterarazi eta hedatzea ere. Asmo horrekin sortu da
Eztabai webgunea, gizarte mugimenduek Euskal Herrietan egiten dituzten
jarduerak, publikoki jakinaraz daitezkeenak, behintzat, bildu eta
edonorentzat eskuragarri bihurtzeko “leiho” berria. Diskurtso
menderatzaile nagusiari bere lurraldean bertan hozka egiteko jaio da Eztabai,
beraz, informazio gune bateratu eta zabala, euskal lurretan
kapitalismoaren eta faxismoaren aurkako gerran mugitzen diren fronte
guztien ahotsen bozgorailua izan nahian. Zoritxarrez, sistemaren
estrategia ondo hausnartuak barnerarazi digun ildotik, espezializazio
garaietan bizi gara, eta gure borrokak ere zatikakoak dira sarritan,
esparru jakin bati mugatuak. Horixe interesatzen zaie gobernuei, hola
dihardugun bitartean ez baitugu inoiz sistema bere osotasunean eta
erroetatik koloka jarriko. Horregatik, ez da alferreko ahalegina fronte
guztiak bateratzea eta elkarren berri izateko tokia ere eskura izatea,
kapitalismoaren eta faxismoaren aurkako gerra bakarra dagoela bistatik
ez galtzeko. Gerra horretan dihardugunon betebeharra da orain tresna
berriari erabilera zentzudun eta arduratsua ematea, ahaztu barik,
jakina, elkarrekin topatzeko esparrua eta Estatuen aurkako
borroka-zelaia kalean, auzoetan, herrietan, kartzeletan, okupetan, geure
asanblada eta topaguneetan… daudela. Nork bere banderari eusteak baino
premia larriagoa du borroka orokor horrek. Konplizitateak eta esfortzuak
saretzeko bide horretan, ondo etorri, Eztabai!