Sistemaren aldeko ekologia eta giza eta gizarte aztarnak

Zalantzarik
gabe, azken hamarkadetan ekologismoak eragin handia izan du bizi garen
mundu sistemaren bilakaeran. Sistemak berak bere egin du diskurtso
ekologista, aspaldi -guk gehienok baino askoz lehenago-, eta kapitalismo
berdearen eta Estatu politika ekologisten baitan txertatu du. Hola,
Europan, esaterako, denok ikasi dugu papera eta kartoia ontzi urdinera
botatzen, beira berdera, ontziak horira, eta Euskal Herrietan, hondatzen
zaizkigun elektrotresnak Garbiguneetara eroaten. Gure etxeak kontsumo
txikiko bonbillaz bete dira eta gutako askok geure poltsak eta motxilak
eroaten ditugu erosketetara, plastiko eta, hola, petrolio gutxiago
kontsumitzeko. Eta azken urteotan, gertuko produktuek ur aztarna
txikiagoa uzten dutela ikasi, eta nekazaritza ekologikoaren negozioak
elikatzen hasi gara, osatzen dugun elite ekonomikoarentzat eskuragarri
dauden kalitate hobeko produktuak hautatzeko aukera eman zaigula.
Greenpeace-k konbentzitu gaitu baleak salbatu behar direla, eta
barru-barruan ulertu dugu lurrak mugak dauzkala eta gure kontsumo
erritmo zoroan gorriak ikusiko ditugula laster. Buruko mapetan marraztu
zaigun premia gorriak bultzatuta, desazkunde taldeak eta trantsizioko
hiriak hasi dira ugaltzen.

Esan
dudan bezala, ekologismoaren diskurtsoa bere egiten lehenetakoak
gobernuak eta enpresak izan dira. Baina bakearekin bezala gertatu da.
Egun, eskoletako doktrinamendu unibertsalari esker, haur guztiak dira
gai gerren aurka argi egoteko… armadak eurak zalantzan jarri barik.
Izan ere, eskolako itxurazko bakezaletasunak funtzio jakin bat dauka,
eta ez da Estatuen oinarria, armada, alegia, ezertan ukitzea, hain zuzen
ere. Gauza bera gertatzen da nagusi den ekologismoarekin. Helburu
nagusia dauka: munduan dauden baliabide naturalak iraunaraztea, gu bizi
garen bitartean, behintzat, urriegi bihur ez daitezen, sistemaren
oinarriak -giza esplotazio orokorra eta bakan batzuen etengabeko etekin
ekonomikoa- ukitu barik. Ekologismo horrek espezie bakarra utzi behar
izan du bere kezketatik kanpo: gizakia bera.

Hola,
azken boladan, iparralde globalean gutako askok ikasi dugu kontsumitzen
ditugun produktuen ur aztarna edo aztarna ekologikoa zer diren, eta
progreenek, ekologiarekin batera ongizateaz gehien arduratzen direnek,
oso kontuan hartuko dute -batzuetan- erosiko dutenak zer ur aztarna eta
zer aztarna ekologiko uzten dituen, bere denda solidariorik gogokoenean
ondo hautatzeko. Baina ongizatearen Estatuarekin gertatzen den bezala,
ekologismoak giza dimentsioa ezkutatu digu. Izan ere, bai Ongizatearen
Estatuaren alde egiten dugunean, bai gure kontsumoari kontzientzia
ekologikoa aplikatzen diogunean, geurekoikeria da pizgarri nagusia,
berba politen atzean ezkutatu arren. Non geratu da, ordea, gizaekologia?

Eduardo
Galeanok ere, oro har, diskurtso progre itxuraz erradikal berari
jarraitzen dio, eta ezkertiar asko bezala, sistema osoak baino gehiago,
kudeatzeko moduak kezkatzen du, baina hala ere, batzuetan ondorio
egokietara iristen da. Hala, Latinoamerikako zain irekiak
liburuan, esaterako, oso argi azaldu du errealitate ukaezin bat:
eskualde geografiko batzuetan naturak eskainitako aberastasunak bertan
bizi diren giza taldeen kondena eta txirotasun eta gose iturri bihurtu
dira. Izan ere, kontsumitzen ditugun produktuek, ur aztarna bezala, giza
eta gizarte aztarnak ere uzten dituzte. Zergatik ez ditugu haiek
neurtzen? Azken finean, natura baliabideak urriak direlako eta haien
urritasunak koloka jar dezakeelako nire “ongizatea” -egungo
doktrina nagusiak hitz horri ematen dion zentzuan-, eta giza
baliabideak, ordea, nahi adina daude; are gehiago, ondo ikasita daukagu
dagoeneko gizaki gehiegi garela lur txiki honetan -herri
gainpopulatuenak hegoalde globalean ez badaude ere, irakasten zaigunaren
kontra- eta, beraz, urrun gertatzen direnak urrun gera daitezela, horri
esker, goizero, azukredun kafesnea hartzea badaukat.

Zer
gertatuko litzateke, ordea, giza eta gizarte aztarnak kontuan hartuko
bagenitu? Konturatuko ginatekeela, Eduardo Galeanok liburu berean ondo
azaldu duenez -horri badaezpadako interpretazioa eman arren, maiz-,
herri batzuetan, gure etxeetan kafe, te, kakao, tabako, arroz, arto,
azukre, banana… faltarik ez egoteko, hango herritarrak gosez hiltzen
direla, eurek jaten zituzten jatorrizko produktuetarako lurrik geratu ez
delako, lurrak gero eta lehor eta pobreagoak direlako -iparralde
globaleko agroindustriaren aurrerapenei esker, neurri handi
batean-, eta gainera, lur gehienak -europar jatorrizko- lurjabe bakan
batzuen eskuetan gelditu direlako -eta euren poltsikoen interesen
arabera erabakitzen dute iparralde globalak eskatzen dituen produktuen
artean zeini ekin-. Konturatuko ginateke, halaber, gauza horiek guztiak
esklabotzan ekoizten direla ekoizten diren kopuruetan, esklaboak ondo
porta daitezen CIAk trebatutako talde militar eta paramilitarrek milaka
nekazari eta indigena hiltzen dituztela
urtero -Argentinan lurjabe batzuek beste teknika batzuk darabiltzate.
hala nola nekazarien seme-alabak egun osoan lurreko zuloetan sartuta
uztea, arazorik sor ez ditzaten eta gurasoek behar beste lan egin
dezaten, txintxo-. Konturatuko ginateke, azken finean, kikara bat
kaferen giza prezioa hainbat giza bizi dela, eta gizarte prezioa
komunitate osoak suntsitu, desegituratu, akulturatu, txirotu,
proletarizatu eta megalopolietako aldirietara bultzatzea dela, merke
zabaltzen den drogak hiltzen ez baditu elkar akaba dezaten tiroka
-segurtasunaren eta kartzelen negozioak ere bere diskurtsoa elikatu
behar du-. Milaka haur esklabok Taiwan, India edo Argentinako
tailerretan jositako gure Nike berrietan ez genituzke oinak hain eroso
sentituko.

Petrolioa
agortu eta gure energia kontsumo neurrigabea -gehien-gehiena industriek
irensten dute eta, beraz, gure etxeetan egiten ditugun ahalegin txikien
ondorioak ezdeusak dira- elikatu ezinik gelditu eta gure erosotasunari
agur esan beharko diogun beldur, beharbada, auto elektrikoak, hidrogeno
edo biodiesel bidezkoak bultzatuko ditugu; kapitalismo berdeari zintzo
jarraituz, herritar eredugarriak izango gara. Baina zer gertatuko
litzateke berriz ere giza eta gizarte aztarnei erreparatuko bagenie?
Gure poz ekologikoa pikutara joango litzatekeela berriz ere. Lehenengo
aukerari dagokionez, elektrizitatea ez da ezerezetik sortzen, oraindik
ere, asko mineral fosiletatik dator, eta hori ezean, kapitalismo
berdearen diskurtsoak energia nuklearra saldu nahi izan digu berriz
-ondo zihoan kontua Fukushimakoa gertatu arte-, gure mendiak errota
erraldoiek inbaditu bitartean. Mineral fosilei erreparatuz gero -baita
errotak eta eguzki-panelak eraikitzeko behar diren materialen jatorriari
erreparatuz gero ere-, energia sortzeko eragiten duten kutsadura itzela
alde batera utzita, meategien mundu desatseginean sartu beharko genuke,
eremu labainkorregia, eta Europako kapitalismoa ahalbidetu zuen
errealitate odoltsura garoatzana. Europak bere jatorrizko kapitala meta
zezan zilar eta urre meategiek zenbat milioi indigena irentsi zituzten
pentsatzen badugu, Proudhonen berbak -jabetza lapurreta da- berretsi ez
ezik, galdera deserosoa egin beharko diogu geure buruari: zenbat bizi
irensten dute egungo meategiek, batez ere hegoalde globalean daudenek?
Ui, kontuz! Mineralen giza eta gizarte aztarnak neurtuz gero agian
zalantza handiak izango ditugu gure hurrengo iPoda, iPada, iPeda eta
iCarlya erosteko, haiek eta gure ezinbesteko ordenagailuak egiteko behar
diren mineralen artean dagoelako urre berria, herri txirotu askoren
azkenaurreko kondena. Bestalde, ur aztarnaz arduratzen gara eta…
hidrogenoz -urez- dabiltzan autoak erabiltzea ez da apur bat
kontraesankorra? Jakina, Patagoniak ur erreserba “agortezinak” ditu…
Beraz, biodiesela geratzen zaigu. Erabil dezagun landare olioa gure
hirietako autobusetan…, pentsatu gabe hura lortzeko behar den koltza
ari dela orain Latinoamerikako lurra jan eta jan, sojarekin batera,
lehen kafeak, tabakoak, azukreak, kakaoak… eragindako giza eta gizarte
hondamendi berbera errepikatuz -eta, hazi transgenikoak lagun, arazoak
biderkatuz-.

Bide
arriskutsu beretik jarraituz gero, erosten ditugun produktuen giza eta
gizarte aztarnak ez ezik, gure Estatuenak ere neurtu behar genituzke.
Kalkulua ez da zaila. Neurtu ditzagun Estatu bateko natura baliabideak,
bere lurrak ematen dituenak; neurtu ditzagun natura baliabide horiekin
ekoizten dituen produktuak; neurtu dezagun haren aberastasun ekonomikoa,
batez besteko bizi maila; neurtu ditzagun beste herrietatik hartuta
dauzkan kontsumoak -energia, elikagaiak, tresna elektronikoak eta
haietarako behar diren lehengaiak, arropa, papera…, nahi den guztia-.
Dauzkan aberastasun mailari eta kontsumo mailei berak bere baliabideen
bidez sortzen duena kentzen badiogu, bizi maila horri eusteko behar den
kanpoko esplotazio eta arpilatze maila aterako zaigu -horri, barruko
esplotazio eta arpilatze mailak erantsi behar litzaizkioke, jakina,
baina iparralde globaleko herriek hegoaldera eroan dituzte esplotazio
mailarik latzenak, barruan nolabaiteko gizarte bakea bermatzeko-. Azken
finean, Estatu horrek bere aberastasun mailari eusteko kanpoan uzten
dituen giza eta gizarte aztarnak ere neurtu ahalko ditugu. Jakina,
hegoalde globaleko Estatuetan maila negatiboa izango dugu, giza eta
gizarte aztarnarik handienak euren mugen barruan dauzkatelako. Baina
Estatu horiei ere ez die axola, Estatuak eurak, hots, bertako elite
armatu eta antolatuak, direlako giza eta gizarte aztarna horietatik
zuzenean elikatzen diren lehenak, ahalbidetu dituztenak eta bermatzen
dituztenak, eta herritarrak arazoak ematen hasten direnean berehala
dauzkate anaia nagusiak prest behar den laguntza militarra emateko,
sinbiosi mota oso berezian.

Horrela,
oso bitxia egiten zait progreen artean Suedia, Norvegia, Finlandia…
hainbeste goresten dituztenean. Han ikusten da sozialdemokraziaren
lastozko buztana. Batzuentzat -ezkertiarrentzat batez ere-, arazoa
kudeaketari baino ez dagokio. Argi ari da ikusten oraingo krisian.
Espainia, Grezia, Italia… gorriak ari dira ikusten, Estatuak ondo
kudeatuta ez ei daudelako, neoliberalismoa nagusi ei delako. Horren
froga, Europako iparraldeko herriak. Sozialdemokrazia da nagusi haietan,
eta krisiak ez ditu horrenbeste kolpatu, ondo ari dira ateratzen,
Estatua handia da, ongizate maila are handiagoa, denek ordaintzen
dituzte euren zergak zintzo… Diskurtso patetiko horretan kontu formal
bat gertatzen da barregarrien, lehenbizi: ezkertiar eta progre horietako
batzuek, ikur nagusia Errepublikaren aldarrikapena izanda -¡gora
Errepublika! oihu egin berri du Ondarroako Udalak…-, bat-batean,
amnesia kolektibo moduko batean, ahaztu dute, Italia eta Grezia
Errepublika diren bezala, Norvegia eta Suedia monarkiak direla -baina
jakina, monarkia sozialdemokratak…-. Baina aztertzen ari garenera
etorrita, zertan oinarritzen da Norvegia, Finlandia eta Suediaren
ongizate eredugarri hori? Azter dezagun Eskandinaviako lurrak, urte
erdia ilunpetan ematen duten lur izoztu horiek, zertan diren aberats,
euren baliabideen bidez zer ekoizten duten, erka dezagun kontsumitzen
dutenarekin -esaterako, negu gorriei aurre egiteko behar duten energia
kontsumoarekin-, jarrai diezaiogun kontsumitzen dituzten lehengaien
jatorriari…, eta konturatuko gara zer giza eta gizarte aztarnak uzten
dituen herri sozialdemokrata eredugarri horietako Ongizatearen Estatuak.
Kasualitatea ote da ekologistenak ere haiek izatea?

Ekologiak
gizaekologia kontuan hartzen ez duen bitartean, Estatuek eta
kapitalismoak beharrezko duten beste partxe bat baino ez da izango, egun
den bezala, iparralde globalaren interes berekoien morroi. Eta
irtenbidea ez dago bidezko merkataritza aldarrikatzen duten Oxfam eta
halakoen produktuetan, produktu horiek ekoizten dituzten nekazariak
hobeto ordainduta badaude ere, giza eta gizarte aztarnek bertan
dirautelako, merkatu logika berari jarraitzen diotelako: herri batzuek,
euren herritarrek jateko eta bizirauteko behar dutena ekoitzi beharrean,
gure merkatu aberatsek eskatzen dituzten lehengaiak ekoitziko dituzte
etengabe. Gizaekologia arriskutsua da, beraz, gogorarazten digulako gure
ongizatea urruneko gizarteak -baita gurea ere, batez ere XIX. mendetik
hona- guztiz hankaz gora uztean eta egunero milioika gizaki esklabotzara
edo, zortea dutenean, heriotzara, kondenatzean oinarritzen dela.
Gizaekologia ez da bateragarria kapitalismo edo Estatu berdeekin.
Ekologia bere osotasunean, hots, gizakiak ere haren funtsezko elementu
direla, hartu nahi badugu, Estatu interesak -mugen barrukoak zein
geopolitiko eta geoestrategikoak- eta merkatu interesak, hots, Estatuak
eta kapitalismoa, batera desagerrarazteko lan egin behar dugu, etiketa
ekologikoa duten poteak erosi eta gure kontsumoen ur aztarna eta aztarna
ekologikoa neurtzetik harago.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude