Azken
egunotan feminismoei eta matxismoei buruz ditudan ideien gainean
hausnarrarazi didaten zenbait testu irakurri ditut. Azkena, alasbarricadas-en
gustura irakurri ohi dudan Acratosaurioarena izan da, Esperanza
Aguirreren hitz batzuen harira. Oraingoan, ordea, ezarritako diskurtso
politikoki zuzenetik aldentzen ez dela begitandu zait, testuaren eta
ideien kalterako.
Irakurritako
testu horiek -besteak beste, Prado Estebanen “Pensar la mujer desde el
15-M” eta “Una nueva reflexión a 15 de octubre” eta aipatu
Acratosaurioaren “¿Existe la violencia estructural contra las mujeres?”–
feminismo eta matxismo kontzeptuei zenbait buelta emanarazi didate.
Gaia oso sentikorra da eta interpretazio okerretarako bidea eman dezake;
horregatik, ahalegin handia egingo dut hemen zirriborratuko ditudan
ideiak matxismoa elikatzeko biderik eman ez dezaten. Bestalde, aurreratu
behar dut, gai guztietan bezala, hemengo hausnarketak ez direla
ziurtasunak, etengabe birpentsatzera zabalik daudela eta behin-behineko
ondorioak baino ez direla.
Hasi
baino lehen, gizonen eta emakumeen balioez hitz egiten dudanean, argitu
nahi dut, txarto uler ez dadin, kultura judeo-kristau-islamdar
patriarkaleko -eta seguruenik gutxiago ezagutzen ditudan munduko
bestelako kultura patriarkaletako- gutxiengoek, historikoki boterea izan
dutenek -gizonak haietako gehienak, baina ez denak- gizonentzat eta
emakumeentzat finkatu dituzten paradigmez ari naizela, ondo baitakit
historian egon diren eta orain diren emakume eta gizon gehienek eredu
horietatik norabide batean edo bestean aldentzen diren hamaika balio
eskala, gustu, joera eta nortasun izan dituztela eta dauzkatela.
Politikoki
zuzenak izan beharrak feminismoak dioen oro ontzat hartu eta zalantzan
ez jartzera bultzatu gaitu askotan, haren ideia nagusien atzean
ezkutatzen den errealitatearen irakurketa ofizialaz besteko
interpretazioak baztertuta. Askotan, emakumeak baino gehiago, gizonok
bultzatu ere, feminismo ofizialarekin aurkitu ditudan kritikoenak
emakumeak eurak baitira, maiz diskurtso horrek emetasuna bizitzeko duten
modua ukatzen diela sentitzen dutelako. Hori dela-eta, ematen du
momentu batean denak bihurtu garela, ezpainetatik kanpora, feminista,
zalantzan jartzerik ez dagoen ideologia nagusia balitz bezala. Baina
feminismo ofizial horrek bultzatzen duen gizarte eredua sakonago
aztertuta, hasi naiz pentsatzen erabateko matxismoaren garaipen
atzeraezina ez ote dagoen haren baitan. Askok feminismoa matxismoaren
ifrentzutzat hartzen dute, baina nago matxismo beraren jantzitik
modernoena ez ote den, sarri. Neo-matxismoa, azken finean. Adierazpen
arriskutsua da eta horregatik kontu handiz azaltzen ahaleginduko naiz.
Hasteko,
ikusi behar dugu feminismoa, ideologia moduan, zer testuinguru
historikotan eta nork bultzatuta sortu zen eta, horri lotuta, zein ziren
aldarrikapen nagusiak, harrezkero, gure egunotaraino aldarrikapen
nagusi horietan sakondu eta ildo beretik jarraitu baino ez baita egin,
oro har. Feminismo mota asko egon daitezkeela jakinik -eta haien artean
feminismo ofizialarekin guztiz kritikoak direnak, are erabat arbuiatzen
dutenak edo, “ismo” horri hartzen dioten usainagatik, feminismo
deitzeari ere uko egiten diotenak ere badaude-, batez ere adar
ofizialari, mendebaldeko Estatu kapitalistek bultzatzen dutenari helduko
diot.
Ez
naiz aditua, baina historiografiari kasu eginez gero, feminismoa,
mugimendu gisa, XIX. mendearen amai aldera sortu zen, aldarrikapen
nagusia emakumearentzako boto eskubidea zelarik. Haren bultzatzaileak,
oker ez banago, klase ertaineko emakume burgesak ziren. Harekin batera,
aldarrikapen historiko nagusiak ardatz ekonomikoei lotuta egon dira: lan
egiteko (soldatapeko izateko) aukera berdintasuna, soldata
berdintasuna, ikasteko -langile izateko prestatzeko- aukera
berdintasuna, enpresetan goi karguak betetzeko berdintasuna…
Politikari edo, zehazkiago, botereari lotutakoak ere etorri dira, eta
horren gailurra zenbait erakundetan ezarri diren “parekotasun” legeak
eta kupoak dira. Halaber, jakina, Estatuaren egitura guztietan
berdintasunez egoteko aldarria ere egon da; besteak beste, epaile,
polizia, soldadu… izateko aukera berdintasuna. Bestetik,
sexualtasunari, gorputzari eta genero rolei lotutako aldarriak ere
agertu dira. Horiei dagokienez, nagusienak abortu eskubidearen -edo ama
izan ala ez izan hautatzearen- aldeko aldarria -askotan zio ekonomikoen
arabera erabakitzen dena-, eta sexu indarkeriaren aurkako borroka
lirateke. Horiekin guztiekin batera, aldarrikapen txikiagoak ere egon
dira -hauek ere ekonomikoak, batik bat-, hala nola Estatuak emakumeen
etxeko lanak ordaintzekoa edo prostituzioa legeztatzekoa.
Lehen
begiratuan, zentzuzkoak ematen dute guztiek eta daukagun gizarte eredu
hau ontzat ematen badugu, bitan pentsatu barik haien alde egiteko
modukoak. Baina zentzuzkoak, zer begirada edo balio eskalaren arabera?
Ikus dezagun zein izan diren gizonezkoei eta emakumezkoei historikoki
goitik eman zaizkigun eginkizunak eta balioak eta argiago ulertuko dugu.
Horretarako,
gizarte eredu bat hartuko dut, kultura eredu nagusi eta menderatzaileak
izan duen ehiztarien sistema patriarkala. Izan ere, gizarte guztiek ez
dituzte balio eskala berberak, mundu ikuspegi berberak eta eginkizun
banaketa berberak izan, ezagutarazi dizkiguten nagusiak egiturazko
matxismoan edo patriarkatuan bat etorri badira ere.
Gizarte
patriarkalean, ontasunaren eredua gizona izan da. Hura da izaki
bukatua, buruzagia, legea, benetako gizakia. Haren balio nagusiak
ehizatzeko eta besteak menderatzeko indarra eta gaitasuna izan dira.
Gizonak ezin da umeez erditu eta, beraz, gaitasun hori gutxiesgarria da,
amatasuna gizonezkoen eginkizunak betetzeko oztopo baino ez, beste
izaki ahul horren, sasi-gizakia den emakumearen, zama gogaikarria -are
gogaikarriagoa “zikin” edo “kutsatu” bihurtzen dituen hilekoa, batez ere
sexu harremanetarako oztopo sentitzen denean-. Alabak izatea, gainera,
lotsagarria da, emakumeen dohain bakarra gizonezko oinordekoak ematea
baita -Biblia irakurtzea baino ez dago, ikusteko patriarken semeen
zerrendak baino ez direla aipatzen-. Beraz, emetasunari lotutako
ezaugarriak gutxietsiak izan dira historikoki, eta gizontasunari
legozkiokeenak goretsi. Maitasuna, besteekiko ardura, elkar-laguntza,
errukia, ahulekiko ardura, etxea, familia… traba dira gizonentzat.
Beraz, haiek denak emakumeei dagozkie -eta halako joerak dauzkaten
gizonak baztergarriak, maritxuak, ahulak haiek ere, azken finean,
emakumeak bezalakoak direlako-. Horiek denak, noski, paradigmatzat
hartuta; horregatik, gorriak eta bi ikusiko zituzten bestelako
ezaugarriak zeuzkaten gizonek eta emakumeek euren burua zen bezala
onartzeko eta besteen aurrean agertzeko. Hori horrela izan dadin
ziurtatzeko, erlijioak jantzi morala eman dio emakumeen “betebeharrari”.
Familia jainkoaren nahia da, eta emakume ororen derrigorrezko desira
-eta patua- ama izatea. Emakumea ahula izatea merezi duen zigorra da,
gizona bezain duina ez delako; azken finean, bekatuaren iturria
-desiraren objektu debekatua- da emakumea.
Gizonari
egotzitako balio eskala hori ideologia liberalak eta hark asmatutako
kapitalismoak eta Estatuak eraman dute gorenera, antiklerikalismo
erabilgarriz mozorrotuta maiz. Kasu honetan, gizarte patriarkalaren
balioak batez ere ekonomiaren eta boterearen -politikaren- ikuspegi bat
ezartzeko erabili dira. Balio gorena besteak menderatzea izanda,
ekonomian ere kapitalista baten (eta Estatuaren) balio gorena beste
enpresariak, merkatuak, kontsumitzaileak (eta Estatuak) menderatzea da;
politikariarena beste politikariak eta herritar guztiak menderatzea,
boterea, gobernua eskuratzea. Hobbesen filosofia: guztiok guztien
aurkako gerra maila guztietan. Arrakastatsua, miretsia, goraipatua,
edozein gerra motatan garaile irteten duena. Indarra ahultasunaren
aurka, ahultasuna -mota guztietakoa, hortik gaixotasunari, zahartzeari,
txirotasunari… eta emetasunari eta homosexualitateari izandako
higuina, horiek denak ahultasuntzat jotzen direlako, gizarte
patriarkalaren ereduan- deitoragarria baita. Horixe bera zen, besteak
beste, Nietzscheren balio gorena. Errukiak ez du lekurik, ez gerran, ez
negozioetan, ez politikan. Hortaz, maitasunari eta altruismoari lotutako
jarduera guztiak gutxietsi behar dira. Familiak eginkizun bakarra du:
gerlari eta morroi gehiago sortu eta heztea. Eginkizun hori beharrezkoa
den bitartean, familia onargarria da.
Horixe
da eredu kapitalistaren barruko tentsioa, familiari dagokionez: gustura
ezabatuko luke, gorrotoaren logikari ihes egiten dion azken aterpeetako
bat delako, baina hura behar du Estatuaren beharrak asetzen dituzten
besoak berritzeko -gogora dezagun Aldous Huxleyk bikain marraztu zigun
gizartea, klonazioari esker familiak herri atzeratu eta basatien
bitxikeria bihurtu zirenekoa, gizaki guztien betebehar nagusiak
sistemarentzat lan egin eta beti zoriontsu izatea zirelarik-. Beraz,
komeni zaionean, Estatuak erlijioaren diskurtso moralista erabiliko du,
alde baterantz bultzatzeko, eta komeni ez zaionean, diskurtso
antiklerikal faltsua eta “erradikala” erabiliko du besterantz
orekatzeko. Emakumeak -eta gizonak- presio horien bien artean kateatuta
beti.
Larriena
honakoa da: feminismo ofizial edo instituzionalak, emakumeen balioak
-zenbat emakume hainbat balio, zalantza barik- bilatu, balioetsi eta
haien arabera beste mundu bat asmatu beharrean, bere egin ditu eredu
patriarkalak bultzatutakoak eta berdintasuna bilatzeko bide bakarra
hautatu: emakumea gizon bihurtzeko bidea. Horrela, eredu patriarkalak
egindako emetasunari lotutako balio guztien negatibizazioa bere egin,
eta maitasunaren, sentiberatasunaren, elkartasunaren, elkar-laguntzaren
aurkako diskurtsoa eraiki du, gizonak eta emakumeak elkarren arerio
bihurtuta. Ez da harritzekoa batzuengan sentitzen den gizon guztiekiko
gorrotoa, androfobia: hura izan nahi eta ezin. Zoritxarrez, gainetik
kentzerik ez duten emetasunari gorroto diote. Gizarte patriarkaleko
gizonentzat haurrak, adinekoak, gaixoak… zaintzea zama, katea,
arrakasta ekonomikorako oztopoa bada, emakume feminista patriarkalentzat
-neo-matxistentzat- ere maitasunak gidatutako jarduerak oro zama,
katea, kartzela bihurtu dira. Gizarte patriarkaleko gizonentzat balio
nagusiak arrakasta ekonomikoa eta botere nahia badira, emakume feminista
patriarkalak ere arrakasta ekonomikoaren eta boterearen atzetik jarri
dira, hil ala biziko lehian.
Horrela
uler daiteke hainbat gizon eta emakume ezkertiarren artean emakume
gerrillariek sortzen duten miresmena. Haiengan ametsa gauzatzen da.
Gizarte patriarkaleko gizonen balio eskala erabat bere egin duen
emakumea ikusten dute, basakeria gizonen pare erabiltzeko kapaz den
emakumea, gerra egiteko eta goitik beherako sistema hierarkiko eta
diziplinatuan bere tokia betetzeko gai den eta, aldi berean, gizonentzat
desio objektu ezkutua den izakia. Uste dut ez dela kasualitatea azken
gobernu sozialistan gerraren ministroa -Defentsa Ministerioa diotsote
Gerra Ministerioa zenari, eta Afganistanen soldaduak izatea, seguruenik,
“defentsa” kontua baino ez da…- Carmen Chacon izendatu izana. Nork
bere borrokak borrokatu behar ditu, noski, eta seguru nago emakumeek ez
dutela inoren beharrik euren borrokak eurek borrokatzeko -dirudienez,
feminista batzuek uste dute emakume “ahulek” Estatuaren laguntza behar
dutela aurrera ateratzeko-, baina horretarako ez dut uste gizonezkoek
sortutako borroka paradigmei eta estetikari jarraitu behar dietenik.
Feministen
eginkizuna kontrakoa ere izan zatekeen: gizonoi maitasunaren,
elkartasunaren, errukiaren, elkar-laguntzaren… edertasuna erakutsi,
balio haiek goresten irakatsi eta gorrotoak, botere eta arrakasta nahiak
bultzatutako balioak gutxiesteko bidea gure begien aurrean jarri.
Horrela, agian, guk haiei lotzen dituzten kateak seme-alabak,
bikotekideak, gaixoak eta aitaita-amamak direla irakatsi beharrean,
haiek irakatsiko ziguten benetako katea soldatapeko lana dela, egunero
txanpon batzuk ateratzearren, telebistak nahiarazten dizkigun mila
tontakeria erosteko dirua izatearren, gogoko ez dugun zeregin batera
abiatu eta gure bizitzako ordurik onenak eginkizun hari ematea dela
daroagun katerik astunena. Arrakastak edo botere nahiak baino atsegin
handiagoa ematen duela gure beharra duenari laguntzea, saririk espero
barik. Irabazten aterako ginen denok eta ardurak eta premiak elkarrekin
eta berdintasunean hautatu eta banatzeko askoz askeagoak ginateke.
Gizarte
patriarkalaren ikuspegi zikiratu horren erruz, emakumeek guk baino
sarriago, hobeto edo maitasun handiagoz egin dituzten eginkizun horiek
guztiak gutxietsi ditugu eta, okerragoa dena, emakumeei ere
gutxietsiarazi dizkiegu, gure gizartean “prestigiorik” ematen ez
dutelako. Eta hori, emakumeen kalterako ez ezik, gizonon kalterako ere
izan da, hots, gizaki guztion txarrerako, geure buruari maitasunez
jarduteko aukerak murriztu dizkiogulako eta behar genuen eta dugun
benetako iraultza atzeratu baino egin ez dugulako -ez ahal da betiko
izango!-.
Bestetik,
emakumeak “gizonezkoenak” ei ziren esparruetan sartu direnetan,
gizonezkoek ezarritako ikuspegi berbera erabili dute haietan jarduteko.
Azken finean, haiei heltzeko bultzada ez da emakumeen erabaki aske eta
kontzientetik atera -ezta gizon gehienon erabaki aske eta kontzientetik
ere-, sistemak oso ondo pentsatutako operazio batetik baino. Horrela,
esan legez, feminismo ofiziala neo-matxismoa baino ez da izan. Emakumeak
gizonezkoek diseinatutako sistemaren borondatezko mendeko bihurtzeko
estrategia ezin hobea. Emakumeei “eman” zaien “eskubide” bakoitza ez da
haiek askatu eta berdintasuna eskuratzeko urrats bat, guztiontzako kate
estuago bat baizik.
Horregatik,
feminismoak, benetako berdintasuna bilatzen duen mugimendua izan nahi
badu, lehenbizi honako hausnarketa egin behar luke: berdintasuna zertan?
zer ereduren arabera? berdintasuna gu gizonezkoak bezalakoak izateko,
haien balioak indartu eta geureak lurperatzeko? berdintasuna gizarte
eredu patriarkalaren arabera goitik behera eraikitako Estatuan eta
kapitalismoan? Ala hutsetik hasi behar genuke geure mundua, geure
balioak, geure harremanak, geure nortasunak, geure gizartea, geure
gorputzak… eraikitzen, emakumeok eta gizonok, gizakiok, denok batera
eta benetako berdintasunean?
Pentsa
dezagun emakumeak gizonekin berdintzeak (zergatik ez da alderantziz
izan, gizonak emakumeekin berdindu? edo, egokiena, elkarrekin zertan eta
norantz berdindu eta zertan ez erabaki? aniztasuna askoz aberatsagoa,
emankorragoa eta askeagoa delako) zer “aurrerapen” ekarri duen:
emakumeek -herri batzuetan- boto eskubidea lortu zuten eta…, zelako
gobernuak atera dira hautestontzietatik, ezer aldatu da, gizarte ereduak
hobetu dira gobernu horiei esker, aintzat hartu dituzte emakumeen
balioak gobernu horiek?; emakumeak gizonezkoek egiten zituzten
soldatapeko lanetan hasi dira eta…, morrontza bikoitzean ez dira
sartu, bada, emakume -eta gizon- anarkistek eurek aspaldi salatu zuten
bezala, hain zuzen ere, lehen egiten zituzten zereginak gutxietsita,
zama gorrotagarritzat hartuta, gizonezkoak haiei heltzeko prest egon ez
direlako?; emakumeak gobernuburu bihurtu dira -gogoratu behar da aspaldi
ere erreginak egon zirela eta horrek ez zuela gehiegi aldatu erresuma
horien izaera totalitario eta inperialista, Ingalaterra edo antzinako
Egipto eta Kleopatra ospetsua gogoratzea baino ez dago- eta, zer aldatu
da onerako haien gobernuetan, emakume izateagatik? Margaret Thatcher eta
Angela Merkel, Esperanza Aguirre, Yolanda Barcina, Michelle
Bachelet…, ezagun egiten zaizkigu?; emakumeek enpresak zuzentzea eta
administratzea lortu dute eta…, galdu dute enpresa horiek euren izaera
esplotatzailea edo hobetu da haietan emakume langileen egoera?;
emakumeak polizian eta armadan sartu dira, epaile bihurtu eta…, aldatu
da haien izaera errepresibo, edo hiltzailea, haien ankerkeria?
gogoratzen naiz, honi dagokionez, Espainiako Polizia Nazionala istiluen
aurkako taldeetan emakumeak sartzen hasi zenean, lagun batzuek esaten
zidatela -horretan eskarmentua izan zutelako esan ere- nahiago zutela
emakume polizia batek ez atxilotzea, gizonezkoen pare egon nahi horretan
askoz basatiago jokatzen zutelako, indarkeria mailan ere “gizonak baino
gizonago” bihurtuta, “ahul” ez agertzeko…
Aipatutako
aldarrikapenen artean, oso bitxia da Estatuek etxekoandreei soldata
ordaintzeko garai batean egiten zen aldarrikapena -gaur egun argi dago
Estatuaren kutxa ez dagoela holako alaitasunetarako-. Lehen begiratuan
aldarrikapen onargarria eman dezake, baina, azken finean, lerro artean
irakurriz gero, ondorio bi atera daitezke: mundu honetan ez dago ezer
musu truk edo maitasunez egiterik balioa galdu barik -eta emakumeek ere
horrela ikasi behar zuten, ahalik eta lasterren-, eta dirua
bikotekidearen eskutik onartzea baino duinagoa da Estatuaren eskutik
jasotzea, horrek “independentzia ekonomikoa” ematen ei duelako. Egiten
den guzti-guztia monetarizatu behar da -zer eta kontsumitzeko ahalmen
handiagoa izan dezagun, noski-. Jakina, pentsaera hori ezin hobea da
Estatuaren beharra elikatzeko. Lehen, legez, senarraren mendeko zen
emaztea. Orain, Estatuaren mendeko da emakumea, gero eta gehiago. Kasu
batean zein bestean, inoiz ez bere buruaren jabe. Objektu beti, inoiz ez
subjektu, feminismoak berak objektu bihurtu baititu emakumeak, Estatu
gurasokeriaren kate hertsatzailearen mende.
Are
bitxiagoa da, aldarrikapen feminista delakoan, prostituzioa
legeztatzeko eskatzea, batzuek, oso aurrerakoiak direlakoan, egiten
duten bezala. Estatuak aldarrikapen hori behar du, egon daitezkeen
errezelo moralak ahultzeko. Azken finean, askoz egokia litzateke emakume
horiek -eta batez ere haien atzean dauden gizonek- egiten duten
jarduera ekonomikoa legearen barruan egotea eta zergak ordaintzea.
“Babestuago” leudeke, gainera. Zentzuzkoa dirudi, hola ulertuta, baina
prostituzioa, jarduera moduan, nekez defenda daiteke. Batzuek,
zurigarri, esango dute puta batzuek gustura eta euren gogoz dihardutela,
eta haiei legez lan egiteko aukera eman behar zaiela. Berriz ere,
gizonei -sexu esklabotzaren onuradun nagusiak eurak- komeni zaien
irakurketa sinplifikatzaile, atzerakoi eta patriarkala. Sexua era
osasuntsuan bizi bagenu, zama moralik, taburik eta konplexurik gabe,
benetan denok, emakumeek eta gizonok, gizakiok, geure gorputzaren eta,
batez ere, geure buruaren jabe bagina, prostituzioak ez leukake lekurik.
Gainera, “nahi duelako” prostituitzen den emakume bakoitzeko, seguru
nago milioi batek modu batean edo bestean derrigortuta eta gogoz kontra
egiten dutela. Baina gizarte patriarkalak buruan sartu digu munduko
lanbiderik zaharrena delako leloa -eta ikuspegi ezkertiar batzuek
erromantizismoz jantzi dute drama-, berezkotzat eta saihestezintzat
harrarazi digu milioika neska-mutil, gizon eta emakumeren eguneroko
tragedia den jarduera. Prostitutak benetan babestu nahi baditugu, haien
onerako zerbait egin nahi badugu, eman diezaiegun beste zerbaitetan
jarduteko aukera.
Bestalde,
pentsatu behar da noiz eta zer helbururekin “eman” zaizkien
“eskubideak” emakumeei. Pentsa daiteke feminismoa emakumeek askatasunez
eraikitako ideologia dela, baina “emakumeen” aldarrikapenei “men”
egiteko uneak eta haien onuradunak aztertuz gero, ikusiko dugu oso
bestelakoa dela kontua:
Emakumeei
boto emateko “eskubidea” eman zitzaienean, emakume burges eta kultuen
botoa -egun bezala, haietako asko manifestazioetan ateratzen ziren
bitartean, etxeko lan “desatseginak” bigarren mailako emakume txiroek
egiten zituzten- beharrezkoa zen Estatua eta kapitalismoa -botoa batez
ere emakume burges horiek emango baitzuten- indartzeko eta partitokrazia
parlamentarioari zilegitasun handiagoa emateko.
Lan
indar gehiago behar zenean, emakumeak soldatapeko lanetara bultzatu
zituzten -AEBn ere, lan indar gehiago behar zutenean beltzak “askatu”
zituzten, haiek proletarizatu eta iparraldeko industriak elikatzeko,
orain hegoaldeko etorkinekin egiten den bezala, euren herrietatik kanpo
estrategia askoren bidez eta egoera guztiz dramatikoetan bultzatuta
europarrek nahi ez dituzten lanpostuak har ditzaten eta Gizarte
Segurantzaren kutxak eta europarren jaiotza-tasa urria orekatzeko,
kasurik pribilegiatuenetan, txarrenetan paperik gabeko esklabotzan
murgiltzen baitituzte batzuk aberasteko behar den azpi-ekonomian; haiei
guztiei “eskubideak” pixkanaka onartzea Estatuarekiko fideltasuna
ziurtatzeko estrategia oso adimentsua izan daiteke, behar denean arazo
guztien errudun bihurtzeko erabiltzen dituzten bitartean, diskurtso
bikoitz oso interesatuan-, eta enpresen interesei jarraituz,
Unibertsitateak haientzat ere zabaldu; bide batez, lanean ere emakumeen
eta gizonen arteko lehia bultzatu zuten, eta langile guztien baldintzak
okertu, eskulan gehiagoren artean hautatzea zegoelako, emakumeen
soldatak baxuagoak beti. Baldintzak zelan okertu diren ulertzeko,
nahikoa da ikustea emakumeak lan merkatuan sartu aurretik klase
ertaineko pertsona baten soldata nahikoa zela familia aurrera
ateratzeko, eta egun klase bereko bikotekide bien soldatekin ere
ozta-ozta iristen dela hilaren amaierara, besteak beste, kontsumo
“premiak” muturrera eraman direlako. Beraz, ematen du merkatuak askoz
lehenago ulertu zuela kontsumo mailari eusteko eta enpresen irabaziak
handitzeko familia bakoitzeko pertsona bik egin beharko zutela lan,
gutxienez.
Armadak
krisian zeudenean, kalean haien aurkako mugimenduak guztiz
gizarteratuta eta onartuta zeudelako eta modernizatu behar zirelako,
profesionalizatu eta emakumeak -eta ondoren etorkinak; AEBn homosexualak
ere “onartzea” neurri izugarri demokratikotzat saldu zen, armadaren
aldeko propaganda operazio ikusgarri batean- onartu ziren.
Estatu
aparatuetan emakumeari leku handiagoa emanda, berdintasunean aurrera
egin baino askoz gehiago, Estatua sendotzea lortu da. Kapitala ere bai.
Normala da. Mendeetan emakumeei esan bazaie besteak menderatzea, boterea
izatea, materialki aberastea gauzarik desiragarrienak direla, azkenean
haietarako guztietarako “aukera” ematen zaienean zelan egingo diote uko!
Estatuaren eta kapitalismoaren defendatzailerik sutsuenak izango dira,
haiek ere gizonen arabera hain desiragarriak diren plazer horiek dastatu
nahi dituztelako. Ez da haien errua hala nahi izatea eta ezin bestela
izan mendeetako doktrinamenduaren ondoren. Bestalde, daukagun gizartea
hau bada, ez dago ukatzerik emakumeek gizonek egiten dituzten gauza
berberak baldintza berberetan egiteko “eskubidea” daukatela -edozein
gizartetan behar lukete, eskatu beharrik gabe, erabateko aukera
berdintasuna-. Baina, gizonok zein emakumeek, gizarte honekin
konformatzen gara? Eredu honetara etsi dugu? Aukera berdintasunik izan
dugu hura hautatzeko?
Sistema
hau gorrotoak elikatzen du, gorrotoa guztiz funtzionala da
Estatuarentzat eta kapitalismoarentzat. Gizartea zatituta egotea,
elkarren arerio sentitzea, elkarren lehian, aurrez aurre. Herritarren
arteko elkartasuna, batasuna, maitasuna, elkar-laguntza… arriskutsuak
dira oso sistemarentzat. Ildo horretan, feminismo instituzionalak lan
handia egin du sistemaren alde, sexuen arteko gorrotoa bultzatuz.
Daukaten bide bakarra gizonen balioak bere egin eta gizonek
diseinatutako borroka zelaian eta arauekin haiekin lehiatzea dela
barnerarazi zaie emakumeei. Benetako lehia agertzen ez den esparruetan,
artifizialki sortu behar da. Helburua, gainera, ez da gizona bezalakoa
izatea, bera baino “hobea” izatea baizik. Gizakiak arriskutsuak dira eta
ezinbestekoa da edozein harreman motatan argi izatea ez garela
gizakiak, gizonak eta emakumeak baizik, ondo bereizita eta elkarren
aurkari.
Bestalde,
Estatua, kapitalismoa, gizarte eredu hau, berez, egiturazko indarkerian
oinarritzen badira ere, indarkeria mota batzuk ezkutatu eta bakan
batzuei jarri behar zaie bozgorailua edo lupa. Indarkeria, gehienetan,
botere harreman baten adierazpena da, eta indartsuak darabil ahularen
aurka -edo ahulak indartsuaren aurka, indartsua bere indarraz kontura ez
dadin-. Botere harreman horren arabera, gurasoek erabil dezakete
seme-alaben aurka, edo seme-alabek gurasoen aurka; patroiek erabil
dezakete langileen aurka, edo langileek patroien aurka; gobernuek erabil
dezakete herritarren aurka, edo herritarrek gobernuaren aurka; herri
inperialistek erabil dezakete herri menderatuen aurka, edo herri
menderatuek herri inperialisten aurka; aberatsek erabil dezakete txiroen
aurka, edo txiroek aberatsen aurka; bikotekide batek erabil dezake
beste bikotekidearen aurka; gizakiek erabil dezakete beste izakien
aurka, edo beste izakiek gizakiaren aurka; gizonek erabil dezakete
emakumeen aurka, edo emakumeek gizonen aurka; gizonek erabil dezakete
gizonen aurka; emakumeek erabil dezakete emakumeen aurka… Baina, esan
bezala, indarkeria mota horien guztien artean, sistemaren bozgorailuek,
komunikabideek, batzuekin bonbardatu eta besteak isilaraziko dituzte.
Erabilera ez da neutroa, eta beti pentsatu behar genuke zer ezkutatzen
den ikusarazten digutenaren atzean. Sistemari guk zerbait oso argi
ikustea interesatzen bazaio, susmatu behar genuke atzean ikusten ez
dugun mekanismoren bat jarri dela martxan.
Emakumeen
aurkako indarkeria aspaldikoa da, eta sistema patriarkalak berak
bultzatu du. Gerra guztietan, menderatutako herriko emakumeak bortxatzea
aitortu gabeko lehen arauetako bat da -duela zenbait urte txanponaren
ifrentzua ikustea tokatu zitzaigun, Irakeko inbasioan, emakume soldadu
haren argazkia erakutsi zigutenean, biluztutako gizona txakur gisa
zerabilela, eta ez da harritzekoa, emakume hark sistema eta mundu
ikuspegi oso bat barneratu baitzuen soldadu egitea erabaki zuen unetik-.
Emakumea gizonaren desio iturria da -baita gizona emakumearena ere,
normala denez, batzuetan hori ahaztarazi nahi badigute ere; desio
homosexualak bezain berezkoak biak-, eta horrek sortzen duen tentsioa
modurik makurrenetan lasaitzen da maiz. Baina Estatuen oinarria armada
eta gerrak izanda, armadek gerretan egiten dituztenak ezin dira
zalantzan jarri eta hobe haiek isiltzea, politikoki gure alde
erabiltzerik ez badaukagu, behintzat. Lanean ere, emakumeen -eta
gizonen- aurkako indarkeria etengabea da, baina sistema kapitalistaren
oinarria ezin da kolokan jarri eta emakumeen eta gizonen arteko gerra
elikatu behar da soldatapekoen eta jabeen artekoa uxatzeko. Familian ere
indarkeria ez da falta eta modu askotan agertzen da. Luzaroan, hori
dena ere ezkutatu egin da, familia eredu sakratu bakarra egon den eta
hura erakustea funtzionala izan ez den bitartean. Orain, ordea, interes
berezia dago indarkeria horren alde bat -eta bakarra- egunero jartzeko
gure begien aurrean. Bikote homosexualetan dauden indarkeria kasuak tabu
dira oraindik. Genero indarkeria esaten diote, edo indarkeria matxista.
Alde batetik, kasu askotan hala dela ukatzerik ez badago ere, eta haiek
inolaz ere gutxietsi barik, pentsatu behar genuke gizonen eta emakumeen
artean dauden indarkeria kasu guztietan generoa edo matxismoa ote den
eragilea, salbuespenik gabe. Bestetik, geure buruari galdetu behar
genioke zein den indarkeria mota bat eta bakarra egunero gure aurrean
jartzeko helburua eta, era berean, zein diren horren emaitzak. Eta,
batez ere, indarkeria mota guztietan bezala, hartzen diren neurriak hura
desagerrarazteko diren ala beste xederen bat duten. Indarkeriaren
zioetan sakontzen ari gara, ala haiek ezkutatzen eta sintomak baino ez
erakusten. Dirudienez, Stieg Larssonek bizia galdu zuen Suedia bezalako
herri “eredugarrian” eskandaluzko zifren atzean ezkutatzen den
errealitatea agertzeagatik. Jakina, askoz errazagoa da azalpen sinpleak
eta norabide bakarrekoak ematea eta haiei heltzea, arazoek eduki
ditzaketen konplexutasun guztiak ulertzen saiatzea baino, batez ere
konplexutasun horiek sistemaren erroak ukitzen badituzte.
Izan
ere, gorrotoan, lehian, kontsumismoan eta indarkerian oinarritutako
gizartean bestelakorik espero genezake, gure gida espirituala zaborra
besterik ematen ez duen telebistaren doktrina dugunean? Gizakiok galduta
gaude eta ez daukagu helduleku etikorik ezta gatazkei, frustrazioei,
bakardadeari, ezintasunari, beldurrei, antsietateari… aurre egiteko
tresnarik. Maitasunak balioa galdu du, aspaldi, gizartea desegituratuta
dago eta komunitate sena galdu du, eta geratzen zaizkigun aterpeak
-familia eta lagunartea, batez ere- ahuldu eta suntsitzeko lanean ari
dira.
Aztertzen
ari naizen berdintasunaren ikuspegi horretan eredu baten barruko
ekonomia eta botere borrokari baino ez zaio begiratu, eta, gainera,
espiritualtasun eta etika oro desagerrarazi eta eredu haren atzean
gordetzen diren balioak ezkutatzea ezinbestekoa zenez gero, gure begien
aurrean emakumeak eta gizonak bereizten dituen generoa, sexua, alde
biologikoa baino ez da jarri. Emakumea gizonarekin berdindu nahi izan
da, ez alderantziz, ez ezarritako eredutik at. Eta bien arteko
harremanak aurrez aurreko lehia bilakatu dira. Horrela, ez da arraroa
egungo emakumeek eta gizonok geure nortasuna eraikitzeko, geure sexua
bizitzeko eta harremanak eraikitzeko hainbeste zailtasun izatea.
Emakumeek -eta gizonok- moralak ezarritako ereduaren edo interes
ekonomikoak ezarritako bidearen artean hautatu behar dute. Ez daukate
modurik euren bidea, euren eredua, euren baitatik eraikitzeko. Ezkerreko
ideologia “progresista” eta “iraultzailea”k erakutsi die naturak
ezarritako “kateak” hautsi eta moral klerikalari aurre egin behar
diotela, horretarako gizonak borrokatuz eta gizon bilakatuz. Moral
kristauak erakutsi die gizonaren atseginerako eta Jainkoaren borondatea
betez seme-alabak ekartzeko makina bat direla. Dirudienez, ez dago beste
eredurik. Eta eredu biak gizarte patriarkal matxista berberak eraiki
ditu, kasu bietan, emakumeen balio etiko eta pertsonalak eta haien
balizko gizarte ereduak gutxietsiz.
Euren
gorputza bizitzeko modua ere su biren artean dago. Alde batetik,
gizonen gutiziarako zaindu behar dute gorputza, haien desiren arabera
moldatu, edertasun kontzeptu jakin bati erantzun. Bestetik, eder
sentitzeari, seduzitzeko gogoari uko egin behar diotela agintzen zaie,
gizonekin mesfidatiak izan, bestela haien mendeko izango direlakoan.
Batzuek eta besteek erabaki dute emakumeak ez direla gai zer nahi eta
behar duten erabakitzeko; besteek interpretatu behar dute beti zer
sentitu behar duten eta zelan ulertu behar dituzten euren gorputza,
euren gogoa, euren libidoa, gizonek haiekiko dituzten portaerak…
Harremanak feministek ezarri duten bezala ulertzen ez badituzte,
kolonizatuta daudelako eta jakin gabe ere matxistak direlako da.
Publizitateak erakusten dituen emakumeak bezalakoak ez badira edo
gizarteak ezarritako interesak eta jarduerak bilatzen ez badituzte, ez
dira bizitzan ezer izango, ez dute arrakastarik lortuko.
Zoritxarrez,
Esperanza Aguirreren hitzak -ez berak ematen dien zentzuan, zalantza
barik- Acratosaurioarenak bezain egiazkoak dira. Moral kristauak ama eta
emazte fin eta saiatuak izateko eskatzen die, seme-alabak izatera
bultzatzen ditu -eta abortua, haren aurka agertu baina ordain dezaketen
familia aberatsen pribilegio hipokrita da-. Baina erlijio feministak,
Estatuaren egungo premiak, “askatasun” ekonomikoaren alde eta gizonen
pareko jarduteko edozer sakrifikatzeko gertu nahi ditu; langile, ama edo
bikote baino lehenago; dirua maitasunaren aurretik. Gozamena, atsegina,
zoriontasuna, gainera, derrigorrez bilatu beharrekoak dira, ulertzeko
modu bakarra dute eta ez daude erantzukizunari lotuta, oinarria
eskubideak direlako, eta ez betebeharrak. Horrela, zaila da pentsatzea
emakumeei erabakitzeko askatasun handirik geratzen zaiela. Gizonezkooi
ere geratzen ez zaigun bezalaxe, baina maila larriagoan. Hala sentitu
duelako ama izan eta soldatapeko izateari uko egin dionak -agian,
besterik gabe, enpresa baten morroi bilakatzeko asmorik izan ez duelako-
hamaika azalpen eman beharko dizkie besteei eta bere buruari bere
erabakia “zuritzeko”, batez ere bere burua aurrerakoi, ezkertiar eta
iraultzailetzat badu. Oso bitxia da, seme-alabak izan dituztenean, haiek
haztearren, euren sormen lanari uko egin eta idaztea beste une baterako
utzi duten zenbait gizon idazle ezagutu ditut azken urteotan -eta
ahalke barik adierazten dute seme-alabok euren zoriona direla-,
aurrerakoiak eta ezkertiarrak haiek denak, kontzientzia handikoak eta,
beharbada, euren erabakia hartu duten gizonak direlako, eta ez
emakumeak, ez dakit inork esan dien seme-alabak, bikotekidea eta etxea
kateatzen dituzten oztopoak direla eta ez lioketela euren pasioari uko
egin behar mendeko bizitza bat izateko. Jakin nahi nuke zer entzungo
zuten emakumeak izan balira…
Esandakoaren
eredu ezin hobea da publizitate kapitalista. Seguruenik, jende askok
izango du gogoan frankismoaren garaiko etxetresna elektriko marka ezagun
baten zuri-beltzeko iragarkia. Han, garai hartako estilo apaineko klase
ertaineko emakume eder batek larritasun eta itxaropenez begiratzen
zion, zutik eta atzetik, berak prestatutako oilaskoa jaten zuen
senarrari, garai hartako pelikuletako galai frankista horietako bat.
Senarrak plateraren gozoa laudatzen zuenean, emazteak arnasa hartu eta
berekiko ziotson sukalde modernoari, eskerroneko: <<Zenbat ordu
zoriontsu emango didazun>>. Garai hartako matxismoaren paradigma
da iragarkia. Baina duela pare bat urte, Txilen, feminismo
instituzionalaren paradigma den iragarki ezin matxistagoa ikustea tokatu
zitzaidan. Matxismo atzerakoiaren eta feminismo patriarkal
aurrerakoiaren uztarketa perfektua. Aurrekoaren bertsio modernoa baino
ez zen, azken finean. Kasu honetan ere, etxetresna elektriko marka
ospetsua zen iragarlea. Emakume gazte, eder -gure garaiko edertasun
ereduaren arabera, esan nahi baita-, lirain, bizi eta modernoa zen
protagonista, klase ertainekoa hura ere. Harro zioskun bera, aldi
berean, chef -etxeko sukaldari-, psikologo -ama-, hizkuntza aditua -ama
berriz, haurrei etxeko-lanetan laguntzen-, ez dakit zer arlotako langile
-bulego moderno batean ageri zen-… eta ez dakit zenbat gauza gehiago
zela. Guztietan irribarretsu, fresko, neke aztarna barik. Hori dela-eta,
honakoa haren buruari ziotsona: <<Harro nago super-emakumea
izateagatik>>. Eta elektrotresnei esker, “askeagoa” ei zen. Uste
dut super-emakume horrekin pozik bizi zen gizona ere ageri zen non edo
non. “Super-emakumeen” marka farandulako programa batean ere iragartzen
zuen haren aurkezleetako batek, bera ere emakume eder, moderno eta
“emantzipatua”. Azken finean, hamaika lan eta bosti lotuta egonda,
gizona baino gehiago dela erakusten ei du eta muturreko esplotazio
horrek harrotasun eta pozerako zioa behar du, antza.
Ondorioak
atera nahi badira, honakoa esango nuke: berdintasun mota guztien alde
nago, baina berdintasuna askatasunean baino ez da posible. Askatasunak
baldintza bat behar du, ordea: aukera guztiak maila berean egotea.
Hortaz, gizarte eredu patriarkal batean, Estatua eta kapitalismoa nagusi
diren bitartean, emakumeen eta gizonen -eta, oro har, gizakien- arteko
benetako berdintasuna ezinezkoa da, balio eskala gizonek (gizon batzuek,
gutxiengoak, eliteak) ezarri duten sistema batean, ez dagoelako aukera
berdintasunik nork bere balio eskalaren arabera hautatzeko. Arrakasta
ekonomikoa eta boterea balio gorenak diren gizartean, ezin dut
askatasunez hautatu nire lehentasuna soldata lortzea eta lanean gora
egitea den, ala sari bakarra maitasuna izango duen jarduera batean
jardutea. Izan ere, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna baino
askoz gehiago behar dugu: gizaki guztien arteko aukera berdintasuna.
Lehen batez ere emakumeek egiten zituzten lanak eta eginkizunak, hala
nola haurrak, gurasoak, gaixoak zaintzea, etxea txukun edukitzea eta
otorduak prestatzea -ahaztu barik horiek baino askoz gehiago ere egin
dituztela beti, batez ere beti egon diren emakume nekazari eta
langileek-, eta maitasunez eta ordainik eskatu gabe egiten diren
jarduera guztiak, maitatzen eta balioesten ikasi bagenu, emakumeei
zerbait irakasteko aukera eman bagenie, soldatapeko lana baino hobetsiko
genituzke haiek denak, beharbada, eta zamatzat hartu beharrean, gustura
egin geure haiek guztiak. Orduan bai, aukera legoke, berdintasunez,
askatasunez eta doktrinamendurik gabe hautatzeko, emakumeek eta gizonok,
ama edo aita izan nahi dugun -edo ez dugun izan nahi-, zer lan egin
nahi dugun, zein diren gure lehentasunak, zelan eta norekin bizi nahi
dugun gure sexualtasuna, zer eta zertarako ikasi nahi dugun… Bestela
esanda, gure denbora zertan, norekin eta zertarako erabili nahi dugun
eta gure emetasuna edo gizontasuna -edo biak- zelan bizi nahi ditugun
hautatzeko askatasuna. Baina sistemarentzat arriskutsua litzateke,
seguruenik bai emakumeek bai gizonok ohartuko ginatekeelako egiten
ditugun -sistemak behar dituen- gauza gehienak ez ditugula egin nahi eta
ez dutela merezi, kontsumitzen ditugun produktu gehienak ez ditugula
behar eta kalte egiten digutela guri eta gu parte garen inguruneari, eta
posible dela beste balio eskaletan oinarritutako gizarteak eraikitzea,
hasieratik berdintasunean eta adostasunez eraikitakoak. Indarkeriak ere
askoz leku txikiagoa izango luke, eta sistemarena ere ez genuke
onartuko.
Bukatzeko,
beste zerbait argitu nahi dut. Beharbada, testua irakurrita, uler
daiteke nire ustez patriarkatuak ezarritako prozesu guztietan,
iraganekoetan zein azken mendeotako bultzada berrian, emakumeak biktima
eta objektu pasibo hutsak izan direla. Hori egitea berriz ere diskurtso
neo-matxistarekin bat egitea litzateke, eta errealitatetik kanpo
kokatuko ninduke. Ez. Gauzak aldatzeko onartu behar dugu patriarkatuaren
ezarpenean emakumeek gizonek beste egin dutela. Alde batetik, era
aktiboan, patriarkatuaren oinarri izan den esplotazioari eta rol
banaketari emakume askok etekin handia atera diotelako, piramidearen
goiko erpinean egonda, itzalean zein agerian. Neo-matxismoaren
bultzatzaile eta onuradunen artean, noski, ez dira emakumeak falta.
Bestetik, era pasiboan, sistema patriarkala zuzenean bultzatu ez arren,
emakume asko, gizon asko bezala, oso eroso sentitu direlako. Honetan ere
La Boétieren Borondatezko morrontzaren diskurtsoak esanahi
osoa hartzen du. Gutxiengo batek gehiengoa menderatzeko derrigorrezkoa
da gehiengoa menderatuta bizitzeko prest agertzea. Pasibotasuna,
askatasunari uko egitea, gizatasuna galarazten badigu ere, oso
tentagarria da, bizitza errazten zaigulako. Azkenik, garai guztietan, ez
dira gutxi izan sistema patriarkalari aurre egin dioten emakumeak -eta
gizonak-, estrategia batzuk edo besteak erabilita, hura saboteatzeko
modu asko erabili direlako -armak hartzea modu bat baino ez da, eta
gehienetan ez da eraginkorrena izan aldaketa sakonak lortzeko-, eta
haietan emakumeak ere protagonista izan dira. Beraz, patriarkatua -eta
hark sortutako Eliza, Estatua eta Kapitala- menderatzeko eta gizartea
errotik aldatzeko bidean, ez dut uste gizonen eta emakumeen borrokak
daudenik, eta banaketa horrek emakumeak eta gizonak ahuldu baino ez
gaitu egiten. Gizaki guztiak emantzipatzeko borroka bakarra da, gizaki
guztiok batera, aukera berdintasunez eta estrategiak eta helburuak
adostuta, egin beharrekoa. Hori horrela ulertzen badugu, urrats handia
emango dugu emakumeen emantzipaziorako eta benetako berdintasunerako
bidean, emakume emantzipaturik gabe ez baitago gizon emantzipaturik,
beltz emantzipaturik gabe zuri emantzipaturik ez dagoen bezala, edo
homosexual emantzipaturik gabe heterosexual emantzipaturik ez dagoen
bezala. Nire benetako askatasuna beste guztiak ere aske direnean baino
ezin da gauzatu. Besteen kateek neu ere lotzen naute. La Boétiek ere
argi ikusi zuenez, herria lotzeko darabilen tiraniaren kateak tiranoa
bera lotzen du herria beste. Inoiz txakurrik paseatu baduzue, erraz
ulertuko duzue. Txakurrari heltzen dion eta mugimenduak mugatzen dizkion
uhalak geuri ere heltzen digu eta mugimenduak murrizten dizkigu.
Uhaletik askatu nahi badugu, hari jaregin eta txakurra askatzea dugu
irtenbide bakarra. Tiranoaren egoera tragikoagoa da, txakurraren kasuan
ez bezala, hark jakin baitaki kateari jareginez gero herri askea ez dela
haren eskua miazkatzera itzuliko, haren lepoaren bila baizik.
Paradigmak elkarrekin birdefinitzen hasi behar genuke, ezta?