Urtebetez amets libertarioak saretzen

Laster, otsailaren 19an, urtebete izango da askok nahi baina gutxik
espero genuenaren hazia erein genuenetik. Zarautzen gertatu zen,
Putzuzulo Gaztetxean. Zerbait sumatzen zen giroan, urrats bat aurrera
egiteko, indarrak batzeko, elkar ezagutzeko gogoa. Segurutik, han bildu
ginenon artean nork bere bidea egingo zuen lehenago han agertzeko. Nire
aldetik, gogoan ditut aurreko udazkenean Gernikako Gaztetxean antolatu
ziren jardunaldiak, anarkismoa eta nazio askapena gai hartuta. Harrituta
geratu nintzen Gernikaraino Euskal Herrietako hainbat lekutatik
etorritako jende aniztasun hura ikusita. Poz berezia eragin zidan
Nafarroatik gurekin bat egiteko ahalegina egin zuten lagun berrien
agerpenak. Segurutik, gutako batzuentzat elkarren berri izateko lehen
aukera izan zen. Halaber, Zarautzen, Putzuzulo Gaztetxean bertan, handik
aste batzuetara bertako CNTk, bere mendeurrenaren karietara, oker ez
banago, gai berberaren gainean antolatu zuen solasaldia dut gogoan. Hura
izan nuen hango jende jatorra ezagutzeko lehen aukera, iluntze bizi eta
aberasgarria emanda. Horregatik, han ezagututako lagun batek Euskal
Herrietako libertarioen arteko batzarra egiteko deia zabaldu zigunean,
ez nuen zalantzarik egin deialdia zabaltzeko eta hara bertaratzeko.
Busturialdeko lagun on batekin joan nintzen eta handik zerk irtengo zuen
ez bagenekien ere, sentipen berezia generoan, zirrara moduko bat. Egun
hartan bizitakoak, ordea, gure itxaropenik baikorrenak gainditu
zituelakoan nago. Bai nireak, behintzat.

2011ko otsailaren 19 hartan laster EHKL (Euskal Herrietako Koordinakunde Libertarioa edo Euskal HerrietaKo Libertarioak)
izango zena jaiotzen hasi zen. Batzar luzea izan zen, ideia, kezka,
zalantza eta itxaropen asko jarri ziren mahai gainean. Zoruaren gainean
esan beharko, Gaztetxeko areto nagusian zelanbaiteko borobil handia
osatuta jardun baikegunen, jesarrita batzuk, zutunik besteak. Gehienok
elkarren ezezagunak ginen, baina aurpegi ezagunak ere bazeuden, batzuk
berriki ezagutuak, besteren bat aspaldikoa baina inondik inora han
aurkitzea espero ez nuena. Batzarrak ohiko Estatu muga administratiboak
urratu zituen, zorionez. Iparraldetik hegoaldera, Euskal Herrietako
inguru gehienetako jendea agertu zen. Euskal Herrietan bizi diren beste
zenbait tokitakoak ere bai. Beraz, lehen zeregina elkarren berri izatea
zen, gure arteko hastapeneko konfiantza zubiak eraikitzen hasi. Ez
geneukan argi zertarako batu ginen, seguruenik, nork bere itxaropenak,
usteak, aurreiritziak, beldurrak, asmoak… izango zituen. Baina hala ere,
behin-behineko elkartze hartatik asmo komun batzuk zirriborratu ziren:
elkar ezagutzeko gogoa zegoen, bakoitzak egiten zuena partekatzeko,
sakabanatuta ikusten ziren ekimenak batu, koordinatu edo, gutxienez,
elkarren berri izateko, ideia libertarioei Euskal Herrietan leku duina
emateko, gizartean parte hartze handiagoa izateko… Handik, hurrengo
batzar baterako deialdia atera zen. Ez zen gutxi. Hasitakoa ukiezina
zen, lanbrotsua, baina aurrera jarraitzeko, bidea elkarrekin egiten
hasteko gogoa ez zen falta. Hori zen gure ondarerik preziatuena.

Esan
dudanez, laster joango da lehen urtea hasierako batzar hura egin
genuenetik. Eman ditugun urratsak ez dira gutxi, onerako zein
txarrerako. Denbora honetan aukera izan dugu gure arteko loturak
estutzeko, konfiantza sendotzeko, adiskidetasuna lantzeko. Asmoa ez da
inoiz izan inork egiten duen ezeri amore ematea, nork egiten duenari
hedapen handiagoa eman eta, ahal den kontuetan, indarrak batu eta ekimen
bateratuak bultzatzea baino. Gogoan dauzkat hasiera batean utopikoak
ziruditen Euskal Herrietako I. kanpaldi eta jardunaldi libertarioak,
udako azken txanpan, Otxandio eta Olaeta artean. Niretzat bereziki
hunkigarria izan zen, kanpaldia burutu ziren lurrak atontzeko lanetan,
anarkisten artean eta euskaraz jardutea. Ederra jardunaldiek iraun zuten
lau egunetan, egunero, ehun lagunetik gora ikustea han, egitarau
interesgarriaren inguruan. Gure gabezia batzuk ere agerian geratu ziren,
baina hura dena zein azkar eta zein baliabide urrirekin prestatu genuen
ikusita, arrakasta itzela. Gogoan dut abstentzio aktiboaren aldeko
kanpaina, hura amaitzeko Bilbon egin genuen manifa…  Gogoan ditut bidean
aurkitu ditugun zailtasunak ere, astiro doazen ekimenak, ez atzera ez
aurrera ibili garen asmoak… Gure ahultasun nagusia: zereginak inorengan
eskuordetzeko joera, antolakuntzan ardurak hartzeko zailtasunak. Ez da
arraroa. Sakabanatuta geunden eta sakabanaketa horri gutxieneko batasuna
ematea ez da egun batetik bestera lortzen den paseotxoa. Hor dago, gure
lotsen artean, Nizako 3en aldeko elkartasuna koordinatu eta
ikusarazteko ahalegin huts egina, esaterako.

Baina okerrek alde ona daukate: zuzentzeko eta hobetzeko parada.
Badakigu, jakin, Euskal Herrietan dauden libertario guztiek ez dutela
gure ahalegin honetan parte hartu. Horrek ere pozerako behar luke,
oraindik norbanako eta talde asko daudelako hor kanpoan, lanean, zein
bere logikatik eta interesen alde, eta hori ere potentziala delako,
etorkizunari begira.

Joan den urteak ideia libertarioen gaurkotasuna ere erakutsi digu.
Sortu eta sortzen dituen mesfidantza ulergarriak gorabehera, ezin uka
M-15 mugimenduak asko zor diela bide eta praktika libertarioei. Egiazko
denborako laborategia izan da, neurri handi batean, bere alde on eta
txarrekin. EHKLn ere tokia egin diogu gure hausnarketa eta eztabaidetan,
eta gutako batzuk bertan egon gara. Munduan sistemarekin gatazkan
dauden giza taldeak gero eta ugariagoak dira, eta haietan ekintzaile eta
pentsalari anarkistak ez dira falta. Batzuetan, eta agian modu
zuhurrena izan daiteke, gehiegi agertu barik, lelo eta ikur
identifikagarri barik, herritarrak herritarren artean. Euskal Herrietan
bertan une historikoa bizitzeko sentipena oso zabalduta dago, sistema
aldatzeko gogoa ere bai. Halako prozesuetan, aukerak beste dira
arriskuak, eta libertariook kateei eusten dien esku aldaketa hutsak ez
gertatzeko lan egin behar dugu. Estatua eta kapitalismoa maila berean
salatzea dagokigu, batzuek, ondo dakigunez, oker guztien sorburua
bigarrenean jarriko dutelako, lehenengoan salbazio taula irudikatzen
duten bitartean. Euskal Herriek Estaturik gabeko proiektua(k) behar
d(it)u(z)te, gure herriak oinarritik, bitartekari barik saretzeko
proposamena(k), ekonomia eta politika herriaren eskuetan jartzeko,
ordezkeriatik erantzukizunera itzultzeko. Zorionez, halakoak ere ez dira
falta, interesgarrienetako bat, zalantza barik, Auzolan
ekimena. Asmatu beharko dugu haietan adimenez parte hartzen. Aurten
batzuek Nafarroako erresumaren konkistari eman nahi dioten irakurketaren
aurrean zeresan handia daukagu. Poztekoa da Iparraldean balizko euskal
Estatuaz egiten ari diren lana. Poztekoa EHKL osoak horren inguruan
ekimenak antolatzeari eman dion garrantzia.

Zailena, elkarrekin koordinatzeko erabakia hartzea, egin ostean,
erronkak ez dira falta. Estatuaren eta kapitalaren erasoak egunetik
egunera indartzen doaz. Iraultza agian ez da, batzuek aldarrikatzen
dutenez, su festa erraldoi bat, baina borrokari alaitasun dosia ere
jarri behar diogu. Balizko garaipenak baino gehiago, bidezko mundu aske
baten alde borrokatzen garela jakiteak hauspotu behar gaitu. Urte
honetan egin dugunaz jabetzeko hausnarketa egin beharko dugu, are
gehiago aurrerantzean dauzkagun erronkei aurre egiteko bideak
pentsatzeko. Oraindik gure artera hurreratu ez diren libertarioengana
iristen ere asmatu beharko dugu, tokiko ekimenei duten garrantzi osoa
aitortuta, horiek denak saretzearen garrantzia eta edertasuna helaraziz,
agian. Zer ospatu era badaukagu. Ospa dezagun merezi duen moduan,
aurrera jarraitzeko indarrak biltzeko!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude