Ezker monarkia zalea eta Estatuaren apologia (kateak berritzen)

2012. urtean sartu gara, batzuentzat,
munduaren bukaeraren urtea. Iragarpen apokaliptikoak alde batera
utzita, ordea, euskaldun eta espainiar batzuentzat atzera begiratzeko
urtea ere bada. Batzuek, mundu ikuskera oso bat betiko lurperatzeko
jarritako lehen harriaren bigarren mendeurrena ospatuko dute, eta
herrian zeuden demokraziaren azken apurrak betiko deuseztatuz Estatu
liberal kapitalista modernoaren lehen garaipen ideologikoa laudatu,
1812ko Cadizko konstituzioa, alegia. Besteek, negar egingo diote
1512an galdutako erresuma zaharrari, Nafarroako erresumari. Batzuk
zein besteak bat etorriko dira puntu batean: nazio-estatuaren
gurtzan.

Lehenengoen logika guztiz ulergarria
da, askatasunean sinesten dugunok gogotik borrokatu beharrekoa izan
arren. Espainia bakar, handi eta askearen defendatzaile sutsuak dira,
eta konstituzio hura haien ideologiaren garaipenaren ikur
nagusietakoa da. Bigarrenen logika, ordea, ulergaitzagoa da, benetan
bitxia. Izan ere, azken boladan gero eta gehiago entzun dira, eta are
gehiago entzungo dira, Nafarroako erresumaren diskurtso apologistak,
norengandik eta euren burua ezkertiartzat duten zenbait
euskaldunengandik. Neurri batean ulertzen dut, bolada labur batez,
aspaldi, neuri ere eragin zidan historiaren irakurketa partzial
horren lilurak. Bigarren efemeride horri helduko diot testu honetan,
beraz, Nafarroako erresuma nostalgiaz goraipatzen dugunean, zer
aldarrikatzen dugun argitzeko. Testu honen neurriak eta asmo xumeak
laburbildu eta sinpletzea eskatzen didate, eta eztabaidarako eta
ideiak gehiago garatzeko heldulekua baino ez du izan nahi.

Nafarroako erresumaren minez bizi
direnen arabera, hura izan zen euskal Estatua, gure askatasunen
oinarri eta egungo Euskal Herriaren independentziaren aldeko argudio
nagusi. Horrela, gogora beste lelo badaezpadako batzuk
dakarzkigutenak irakurriko ditugu han edo hemen, hala nola “Euskal
Herria bat eta bakarra”. Halakoek ezin dute herrien independentzia
Estatu barik aditu, ez zaie buruan sartzen. Euren burua guztiz
euskalduntzat izanda, ez dira ohartzen pentsaera kolonizatuta
daukatela, mundu ikuskera arrotzek ekarritako moldeak errepikatzea
amesten dutela, hain maite dituzten jatorrizko euskal herriak
mespretxatuz.

Berez, bitxia da XXI. mendean bere
burua ezkertiartzat, are marxistatzat daukan inork monarkia baten
alde egitea. Ulertu behar dugu hegoaldean 1512an galdu ei zen
monarkia gure edo orduko euskaldunen askatasunen euskarria zela?
Monarkiari “euskal” izenondoa jarrita koroa baleko bihurtzen
dugula? Okerra, ikusiko dugunez, bikoitza da. Alde batetik, koroa,
monarkia agertze bera, herri askatasunak lurperatzeko lehen harria
izan zen, euskaldunek independentzia edo hautazko interdependentzia
galtzeko lehen kolpea. Bestetik, ordurako monarkia hark ezer gutxi
zeukan euskaldunetik. Monarkia frantsesa zen eta, neurri handi
batean, frankoen onerako agintzen zuen, euskaldunen kaltetan.

Zein da Nafarroako erresumaren
jatorria? Historiografiari apur bat begiratuta, ikusiko dugu haren
sorlekua Iruña dela, garai hartako Pompaelus, eta hala,
hastapenetan, Pompaelo, Pamplona edo Iruñeko erresuma esango diote.
Orduko Iruñeak zerikusi gutxi zeukan euskaldunen askatasunekin,
ohiturekin eta kulturarekin. Erromatarrek sortu edo birsortutako
hiria izanda, haien legeen eta ikusmoldeen arabera antolatutako hiria
zen. Frankoek ere euren nortasuna emango zioten, baita bisigodoek
ere. Eta kultura horien gizarte antolamendu hierarkiko eta klasistari
eta izaera militarrari zor zion haien klase banaketak bultzatutako
oligarkia militar bat bertan errotzea. Lehen erregetzat dugunak,
Eneko Aritzak, Banu Qasitarren bultzadari esker eratu zuen bere
erresuma, karolingiarrei aurre egiteko. Banu Qasitarrak musulman
bihurtutakoak ziren, jatorriz beharbada erromatar-hispanoak,
beharbada bisigodoak. Euskaldunak, ez dirudi.

Edozelan ere, zer ekarri zien erresumak
mendi eta haranetan aske bizi ziren euskaldunei? Errege baten mendeko
bihurtzea, horrek dauzkan ondorio guztiekin. Aurrerantzean, herri
demokrazia, udaletako herri-batzarretan gauzatzen zena, etengabeko
tentsioan egongo zen beti Erregearen botere nahiarekin, herriaren
independentzia atzera eginez, urtetik urtera. Inposaketa horrek
argudio nagusia izango zuen: indar militarra.

Ordura arte euskaldunen artean
horizontalak ziren harremanak bertikaltzen joan ziren, eta monarkia
izan zen bidea kristautasuna ere erlijio ofizial bihurtzeko,
lehenagoko mundu ikuskera paganoa, jatorrizkoa, legez kanpo jarrita.
Baita latina eta hizkuntza erromantzeak nobleen artean ofizial
bihurtu zituen erakundea ere.

Euskal Herriak Estatu bihurtzea
kalterako baino ez zen izan euskaldunentzat. Herri demokrazia
(errepikakorra da, baina gaur egun, demokrazia hitza hain ustelduta
dagoenean, behar ez liratekeen adjektiboak jarri behar dizkiogu,
egungo diktadura partitokratikoetatik bereizteko) etengabeko
mehatxupean geldituko zen, gero eta gehiago, herriak berak bere
buruari emandako gobernu sistema barik, Erregeak (edo Jaunak),
“eskuzabaltasunez”, emandako pribilegio edo oparitzat hartuta.
Batzar Nagusiak eurak, maiz erabiliko ziren oligarkien interesen alde
eta herrien aurka. Adibide argia da, garai batean, Bizkaiko Batzar
Nagusien legeak haietan ordezkaritza izateko herriek gazteleraz
zekien norbait bidaltzera derrigortzea. Horrela, erdaldunik ez
zeukaten herri asko ahotsik gabe gelditu ziren luzaroan, lege hori
atzera botatzea lortu zen arte. Ez da kasualitatea foru zaharrak eta
berriak hain berandu eta erromantzez idatziak izatea. Ordurako,
bazegoen tokian tokiko elite bate herriaren nahia bere interesen
arabera berrinterpretatu eta interpretazio hori idatziz jasotzeko.
Euskaldunek idatzizkoari (kontratuak, legeak zein literatura izan)
zioten mesfidantza oso osasungarria eta zuhurra zen, bai horixe.
Bestalde, gaur egungo lurralde erakundeei Batzar Nagusiak esateak
txantxa iluna dirudi. Garai batekoek gorde zuten sen demokratiko
apurretik izena baino ez dute gorde, haiek ere alderdi interesen
aldeko borrokarako esparru bihurtuz, haiek ere frantses iraultzak
ezarritako diktadura parlamentarioaren kopia hutsa.

Edozein ikuspegitatik begiratuta,
Estatu egiturak sortzea izan zen herrien independentzia murrizteko
lehen kolpea, eta erresumak eta jaurerriak, egitura hierarkiko eta
zentralizatzaileak sortzea hartu behar genuke euskaldunen
independentzia galeraren abiapuntu, 1512a baino askoz lehenago.

Bestetik, bertsio ofizialak diosku
Nafarroako erresumak galtzea euskal Estatua galtzea ekarri zuela
baina, benetan zen euskal Estatua 1512an “galdu” zena?

Ordurako, Bizkaiko oligarkiak aspaldi
zuen erabakia euren Jauna Gaztelako errege bihurtzea, ezkontza
bitartez. Gipuzkoa eta Arabako gehiena ere Gaztelaren eskuetan
zegoen, lurralde bakoitzeko Estatu buruzagiek erabakita edo okupazio
militarraren bidez. Ordurako, foruak errespetatzearen truke,
Lapurdiko erakundeek ere Frantzia osatzea erabakia zuten, eta Baiona
militarki konkistatua zen. Zuberoa ere militarki okupatua zen. Eta
geratzen zen Nafarroako erresuma horretan nork agintzen zuen?
Aspaldi, Ximena dinastiaren azkena hil ondoren, Frantziatik ekarria
izan zen monarkia berria, Xanpaina familiakoa. Hori XIII. mendean
gertatu zen. Alegia, XIII. mendetik, Nafarroako erresuma frantses
dinastia biren eskuetan egon zen, Xanpaina familiarenean hasieran,
Foix familiarenean gero, tarte labur batez, Frantziako eta Gaztelako
erregeen artean partekatuta egonda. Hori zen euskal Estatua? Izan
ere, 1512ko konkistaren ostean euskal Estatu “askearekin” zer
gertatu zen ikustea baino ez daukagu, monarkiak zer ekarri zuen argi
ikusteko: 1589an, konkista ospetsuaren 77 urte ondoren, Nafarroako
erregeak Frantziako errege bihurtzea onartu zuen, ezkontza bitartez,
horretarako katoliko bihurtuz, eta hurrengo mendean haren ondorengoak
koroa biak bat egitea erabaki. Beharbada, Gaztelak Nafarroa
konkistatu ez balu, egun frantsesak lirateke nafar guztiak, “euren”
erregeari esker. Eta ez da harritzekoa, “nafar” errege horien
jatorriari erreparatuta. Azken finean, frantses jatorrikoak ziren,
ezta?

Bestetik, gogoratu behar da erresumaren
“galera” Nafarroako monarkiaren abarotan loditutako handikien
arteko norgehiagokak bultzatu edo erraztu zuela, neurri handi batean.
Herrien interesekin zerikusirik ez zeukaten agramondarren eta
beamondarren arteko liskarrek zabaldu zizkioten ateak konkistari.
Euskal Estatuan, Euskal monarkian, boterea eskuratzeko lehiak,
azpijokoak eta ustelkeriak beste edozein monarkia zein Estatutan
zeuden eta dauden berberak ziren. Eusko labelak ez zituen ez
herrikoiago, ez duinago, ez zintzoago, ez demokratikoago, ez
eskuzabalago bihurtu.

Eta hainbat ezkertiar historia horri
begira jartzen dira euskal Estatua aldarrikatzeko, monarkia bat
goraipatzeko. Haiek ere, handikien, oligarkien, tiranoen erabakiei
begira jartzen dira, haien arabera irakurtzen dute herrien historia.
Horrek azaltzen du kanpotik ekarritako beste diktadura mota bat ere,
alderdi politikoen eta legebiltzarren bidezkoa, ontzat ematea.

Euskal Herriek, ordea, beste historia
bati begiratu behar liokete, jauntxoek, eliteek, apaizek, nobleek eta
burgesek idatzi nahi izan ez duten historiari, ahal izan duten
neurrian ezabatu eta ahaztarazi nahi izan duten behekoen historiari.
Herrien historiari, alegia, herri horietan, sarean, borondatez eta
horizontalki antolatutako herri burujabeetan baino ez dagoelako
benetako independentzia baterako edo, zehatzagoak izateko, hautazko
interdependentzia baterako giltza. Estatu guztiek, frantses,
gaztelar, espainol zein euskal estatu izan, herrien askatasuna,
autoantolakuntza, auzolana eta jabetza komunala suntsitzeko baino ez
dute lan egin, euren sorreratik beretik. Monarkia zale berriek,
Estatu apologista berriek, ezkertiar izatea zer den aztertu behar
lukete. Pentsatu behar lukete, euskal Estatua aldarrikatzen dutenean, Estatuak dakarren guztia, hots, euskal armada, euskal atzerritartasun legeak, euskal polizia, euskal kartzelak, euskal errepresioa, euskal kapitalismoa… ere eskatzen dituzten. Tirania monarkiko bat zuritzeko prest daudela ikusita, beldur naiz benetan hori dena zuritzeko prest ez ote dauden, aurretik “euskal” ipinita autoritarismoa ere eder eta desiragarri bihurtuta.

Aurtengo mendeurrenetan zerbait
aldarrikatu behar badugu, Estatu ororen desagerpena eta herrien
burujabetasuna aldarrika ditzagun, eta bidea egin Euskal Herriek
banakako zein taldeko askatasuna eskura dezaten. Izenda ditzagun
Estatuak, monarkiak eta konstituzioak oro herrien etsai, herrien
azpiratzaile. Udalbiltza, esaterako, eredu interesgarria izan
zitekeen, alderdi interesetatik kanpo antolatutako benetako
herri-batzarren koordinazio erakundea izan balitz, demokrazia
zuzenaren isla, burujabetza de facto baten bidean, baina tamalez,
horretatik oso urrun geratu zen, botere borrokaren baitako beste
eszenatoki bat bihurtuz. Behetik gorako ereduen lurperatzaile izan
diren goitik beherako sistemak aldarrikatzeak ez dio askatasunari
mesede handirik egingo.

Libertariook erantzukizun historikoa
dugu, Estatu ororen aurrean, benetako herrigintza bultzatzeko, eta
urte egokian gaude horretan buru-belarri jarduteko. Jose Mari
Esparzak bere liburuan erakutsi digunez, historian Euskal Herriak
jaso dituzten hainbat mapa egon dira, hainbat politika eta
administrazio ikuspegi eta interes jaso dituztenak. Bada garaia
goikoen eta garaileen erabakietatik harago, euskal herriek, euskal
herritarrek, egun gure herrietan bizi diren biztanle guztiek
borondatez, burujabetasunez, askatasunez, behetik eratutako mapa
marraztu dezaten.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude