Posible al da banku greba?

Ez
da ezer berria hemen aztertuko dudan aukera (eta azterketa ez da
munduko sakonena ere izango); iaz ere, konbentzimendu handirik gabe,
aitor dut, lagunarte txikian proposatu nuen, orduan neukan Facebookeko
lagun batzuen artean, oker ez banago. Orduko erantzunetatik, besteak
beste, argi geratu zitzaidan honako ideiak “lehen munduan” baino ez
duela bere benetako ahalmena hartzen, erraz ulertuko denez. Azken
boladan CGT abenduaren 21erako kontsumo greba ari da proposatzen.
Kontzeptuarekin bat etorrita baina holako ekintza isolatu batek eduki
dezakeen eraginkortasunari buruzko zalantzak handiak izanda, mota
horretako deialdietan harago joaterik ez ote dagoen nabil bueltaka. Une
honetan, gainera, egun jendea gehien mugiarazten duen arloko, hots,
futboleko, aurpegi ezagun baten bultzada balia liteke. Izan ere, Eric Cantonáren proposamenak freskatu du nire buruan hona ekarriko dudan ideia.

Uste dut inork gutxik jarriko duela zalantzan kapitalismoaren oinarri
eta euskarri nagusiak bankuak direla. Orain, merkatu “libreak”
aspaldiko krisialdirik sakonena eragin (edo hori saldu digute,
behintzat) eta mundu osoko gobernuek batez ere bankuak salbatzeko jarri
beharreko guztia jarri dutenean, horretarako langileei azken urteetako
bide sozialdemokrata erreformisten “aurrerapen” apurrak kendu behar izan
badizkiete ere, inoiz baino argiago eduki behar genuke gerra honetan
haiek aurrera egiteko gu azpiratu behar gaituztela, eta alderantziz, guk
aurrera egin nahi badugu haiek azpiratu behar ditugula. Hortaz,
zergatik ez zabaldu kontsumo grebarako deialdia nazioarteko banku greba
erraldoi batera? Seguruenik ondo hausnartu eta denboraz jokatzeko kontua
da baina, posible litzateke euren burua antikapitalistatzat daukaten
mundu osoko gizarte mugimendu, sindikatu, elkarte, alderdi… guztiek,
edo mendebalde aberastukoek behintzat, horretarako, ez egun bat, aste
pare bat finkatzea? Egun interneten bidez inoiz baino errazagoa izan
behar luke bat egin lezaketen mugimendu guztiak konektatzea, ideia
taldez talde zabaltzea, eta internazionalismoa berba hutsa baino zerbait
gehiago dela agertzea.

Mendebalde aberastuaz hitz egiteak badauka bere zergatia. Argentinar
lagun batek oso ondo ohartarazi zidanez, herri askotan horretarako prest
leudekeen gehienek ez daukate ezer bankuetan, edo hutsaren hurrengoa.
Gurean, ordea, onartu behar dugu anarkista gehienok ere daukagula lotura
bankuekin, eguneroko bizimoduak irentsarazten dizkigun beste kontraesan
askoren artean. Eta gainera, banku horien basatzazko oinei geuk
pilatutako aurrezki apurrek eusten diete.

Pentsa dezagun ondo: zer gertatuko litzateke data jakin bat finkatu,
demagun abenduaren 21 hori bera edo aipatu albistean proposatu den
abenduaren 7a, eta astebeteko epean horretarako prest gauden guztiok
bankuetan daukagun dirua aterako bagenu? Batzuek, hasteko, esango didate
askorentzat hori ezinezkoa dela, gure Europa burges honetan
proletarioenek ere dauzkatelako hainbat faktura -elektrizitatea,
telefonoa, hipoteka…- kontu korronte horietan helbideratuta eta,
zenbat leudeke gertu zenbaki gorritan geratu eta egoera larriari holako
zorrak eransteko arriskuari aurpegi emateko? Beharbada bakoitzak ikusi
behar luke, ahaleginean hiltzeko prest ez badago, zenbat litzatekeen
utzi beharreko zuhurtziazko kopurua. Baina, bestalde, banku greba
horretan hipotekak ordaintzeari uko oldea ere sar liteke. Agian
ametsetan baino ez nabil edo kafeak kalte egin dit, baina pentsa
dezagun: zer egoera ekonomikotan geldituko lirateke bankuak oso egun
gutxitan milaka lagunek euren kontuetan daukaten diru gehiena atera eta
gainera hipotekak ordaintzeari uko egingo baliote? Gaitasuna leukakete
bat-batean milaka ez ordaintzeri aurre egin eta horiek denak
ordainarazteko? Higiezinen merkatua hondoa jota dagoen unean
errentagarria, are bideragarria edo desiragarria litzateke bankuentzat
etxe horiek guztiak bere egin eta pisu mortu hori salgai jartzea?

Ipin gaitezen emaitzarik onenean, Europatik irten gabe: herri
guztietan prest gaudenok deialdiari kasu egin eta oso egun gutxitan
milaka euro hasiko ginateke bankuei eskatzen. Ekonomiaz ikasitakoa
nahiko ugertuta daukat baina dakidan pixka horren arabera egun mugitzen
den diru gehiena ez da materiala, birtuala baizik. Alegia, merkatuan,
kontuetan, transakzioetan dagoen dirutik oso gutxi dago paper edo moneta
benetan eginda, %10 inguru txarto ez banabil (eta zenbakietarako zelako
burua daukadan jakinda seguruenik txarto nabil, baina ideia bat
egiteko). Horrek esan nahi du, bankuei gurea den diru guztia edo gehiena
eskatuz gero ez legokeela likideziarik eta bankuek ezinezkoa luketela
horri erantzutea. Horretarako, derrigorrez, banku zentralek, gurean
Europakoak, diru material gehiago sortu behar luke, horrek ekonomian
dauzkan ondorioekin. Ez litzateke zaila kapitalismoaren aldekoak ere
izuak jota ibiltzea, diru barik gelditzeko beldurrez. Zer egingo lukete
bankuek, argentinar gisako “korralito” bat? Izan liteke. Horri espero
dituzten hipotekak kenduz gero, bankuen arazo finantzarioak areagotuko
lirateke, eta erabakia hartu behar lukete: dirutza gastatu hipoteka
ordaintzen ez duten milaka horien hipotekak egikaritzeko, auzitegietara
jotzeko…? Horren ondorioz, eta kasurik onenean jarraituz, bankuek,
batzuek behintzat, porrot egingo balute, noren ardura litzateke
hipotekak ordainaraztea? Agian, eta hau seguruenik ezjakintasunak
bultzatutako ameskeria baino ez da, bankuen gatibuak garenok etxeak
benetan geure egiteko bidea ere izan liteke. Edozelan ere, kapitalaren
aurkako benetako matxinadarako giroa piztu edo, leku batzuetan,
areagotzen lagunduko luke. Itota omen dauden gobernuek zer baliabide
edukiko lukete bankuak berriz salbatzeko? FMIren mafia eta
gobernuentzako mezua, gainera, argia litzateke: zuen burua salbatzeko
gure dirua behar duzue eta gu ez gaude zuen eskuetan uzteko gertu, zer
eta gure aurka erabil dezazuen.

Kasurik txarrenean, jende gutxik erantzun eta eraginik ez baleuka,
aste pare bat pasatuta nahi duenak dirua bankuan berriz jar dezala eta
galdutakoa ez litzateke asko. Gihar matxinoa apur bat astintzeko balioko
zukeen. Eta kapitalismoa amildegira eramateko prest benetan zenbat
gauden, gure benetako indarrak zein diren jakiteko. Porrot eginez gero
errua geure buruari baino ezin geniezaioke egotz. Baina saiatzeko prest
gaude?

Egitekotan eguna jarri eta serio joka dezagun, etsaiari prestatzeko
astirik eman barik baina gu benetan prestatuta egon aurretik presaka eta
ondo antolatu gabe jokatzeko arriskuak ere saihestuz.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Posible al da banku greba? bidalketan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude