Miraritik itzartu ostean

Atzean geratu da zapatuko kontzertua. Atzean, Kafe Antzokian
gertatutakoei dagokienez, une haiek sortutako sentipenek, ordea,
bizi-bizirik dirautelako. Handia izan zen bertan gertatu zena, oraindik
ere miraria deritzet bertan elkartu zirenei. Miraria delako ideia zoro
hori edukitzea, hasteko, eta ideia zoro horretan sinistuta hainbeste
jende engaiatzea: musikariak, antolatzaile mota guztiak, propagandista
sutsuak, hacker maitagarriak… Miraria delako munduko beste muturrean
egonda han bertaratu zinetenon artean sentitu ahal izatea, nire
itxialditik zuekin guztiekin batera bizi ahal izatea. Miraria delako
taula gainean sortu ziren, sortu zenituzten magia, giroa, uki zitekeen
maitasuna.

Aste batzuk lehenago hasi nintzen sentitzen zerbait berezia ari zela
mugitzen. Horrela sentiarazi didazue zuetako askok: Lourdes arrebak,
Dabidek, Joseba Barrenetxeak eta Joseba Martosek, Manexek, Rafa Ruedak,
Lutxok… Azken biak Gatazka Gunean egindako aurkezpenean ikusteak
taupaka jarri zidan bihotza egun batzuk lehenago. Egunero iristen zen
albiste zoro berriren bat: nik ere bideotxo bat prestatu behar nuela
(egundoko erronka, izerdia botarazi zidana!), zuzeneko txata egongo
zela, zuzeneko emanaldiak egongo zirela, mezuak jasotzeko
erantzungailua jarriko zela…, eta azkena, Twitter kontua sortu behar
nuela. Ai ama! Beste astebete joan balitz ez dakit zer asmatzeko gai
izango ziren!

Eguna iritsi eta hasi aurretik skype bidez antolatzaileekin hitz
egiteko parada izan nuen. Horrela atarikoetan barruan bizi zen giroa
dastatu ahal izan nuen eta webkameraren aurretik bihotza bizkortu
zidaten aurpegiak ikusi nituen. Giro alai horretan guztiz murgiltzeko
garagardoa falta nuen! Baina… ezin ondoko dendara erostera joan,
dakizuenez… Halako batean ekitaldia hasi zen, nire pantailatik
kultruna, maputxeak… sartu ziren, gogoa zaldi zoroaren pare jarri
zidaten irudiak hasi ziren kikuak egiten. Soinua ez zen honaino iritsi,
baina sentitu egin nuen eta, Edorta eta Iratiren berbak aditzerik ez
banuen ere, irudimenak ordezkatu zituen eta lehen malkoak etorri ziren.
Orduan, haiek hizketan ikusi nituenean, hasi nintzelako han gertatzen
ari zenari benetako neurria hartzen. Atzean zeukaten pantailari eta
batez ere haren esanahiari erreparatu nien lehen aldiz. Han bildutako
jendea, taula gainean zeuden Edorta eta Irati, handik igaroko ziren
musikariak… bertan egoteko arrazoia neu nintzela barneratu nuen
estreinako aldiz. Eta orduan hura dena ezinezkoa zela sentitu nuen eta,
are gehiago, ezinezko hori posible egin zutenen meritua ere ulertu
nuen. Lagun horiek amestu zuten utopia zen, egia bihurtuta, eta hura
gauzatzeko gai izan baziren, zer utopia ez gara, denon artean,
gauzatzeko gai izango?

Askok amesten dugun bestelako mundu posible hori holako ekintzen
bidez ere eraikitzen da. Gizartea borondatezko lankidetzan oinarrituta
eraiki daitekeela sinisten dugunok, berben bidez baino askoz gehiago,
uste horiek eguneroko ekimenetan betetzen ditugunean frogatzen ditugu
gauzagarri. Zapatuan xamurtasunak herri bi (seguruenik bi baino gehiago
ere bai) lotu zituen, Wallmapu eta Euskal Herria eta, batez ere,
maputxeak eta euskaldunak, herria jendeak eraikitzen duelako. Goikoek,
gobernuek, erakundeek, legeek, legelariek, alderdi politikoek
eraikitzen dutela sinistarazi nahi badigute ere, herria geuk eraikitzen
dugu, egunez egun eta inoren baimenik gabe. Euskaldunok, nahi duten
munduko herri eta herritar guztien laguntzaz, Euskal Herria, eta
maputxeek, era berean, Wallmapu.

Gertatutakoak, maputxeekiko elkartasuna areagotzeko, haien
eskubideak aldarrikatzeko balio izan ez ezik, Euskal Herrian hazi
gorri-beltza landatzeko ere balio izan badu, askoz hobeto, oraindik
ezkutuan edo ahopeka geratzen badira ere, gure herrian asko direlako
bihotz libertarioak, maputxeen artean diren bezalaxe. Gizakien eta
herrien arteko harreman horizontalaren ametsa gogo askotan dago.
Beharbada garaia iritsi da Estatuak iraganeko kontua direla eta
oraingoa herrien unea dela aldarrikatzeko. Aldarrikapen horren partaide
izateak maiz kartzela ekarri arren. Zapatuko miraria gertatu bazen,
zergatik ez amestu hura beste mirari handiago baten hazia izan
daitekeela? Horrela izan zein ez, horrela izatea nahi zein ez, hura
posible egin zenuten guztioi, eskuzabal zuen musika ederra eskaini
zeniguten artistoi, hara bertaratu zineten denoi, sartu nahian
sarrerarik gabe geratu zinetenoi ere, mila esker eta milioi bat
besarkada. Zapatuan bihotza ez zitzaidan bularrean kabitzen eta zuei
guztioi zati bana oparitzeko beste puztu zitzaidan, maitasun eta
xamurtasunez.

Oharra: Nire lagunik onenetariko baten iradokizunari jarraituz, nire jatorriari buruzko berba batzuk utziko ditut hemen. Nitaz hitz egiten denean, azken boladan jaiotzez bilbotarra eta azken urteotan bermeotarra naizela esaten da. Egia esan, nik beti izan dut neure burua erdi bilbotartzat (matxorria, begoñarra, zehatz-mehatz) erdi mundakartzat, nire bizitzako unerik eta oroitzapenik kutunenetakoak (besteak beste, nire bizitzako uda ia guztiak eta hainbat eta hainbat parranda…) Mundakan emandako egunei lotuta daudelako, nire lagunik zaharrenak Mundakan egin nituelako eta familia mundakarra izan dudalako beti. Beraz, eta kontzertura mundakar asko bertaratu zirela jakitun, hemendik nire eskerrona nire bihotzeko herriari, Mundakari, eta hango lagun zoragarri guztiei.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude