Egun honako galderari erantzun behar banio: zer da esklabotza? eta berba gutxitan: hilketa da, erantzungo banu, nire ustea, zalantza barik, ulertuko litzateke. Ez nuke arrazoibide handirik beharko gizakiari pentsamendua, borondatea, nortasuna kentzeko eskubidea bizi eta herioko eskubidea dela eta gizakia jopu bihurtzea hura hiltzea dela frogatzeko. Zergatik, beraz, ezin diot zer da jabetza? galderari zehatz-mehatz: jabetza lapurreta da erantzun, ulertuko ez zaidala seguru egon gabe, bigarren adierazpen hori lehenengoaren aldaketa hutsa baino izan ez arren?
Gure gobernuaren eta gure erakundeen oinarria bera, jabetza, eztabaidatzea erabaki dut: nire eskubidea da. Nire ikerketatatik aterako den ondorioan oker naiteke: nire eskubidea da. Laket dut nire liburuko azken gogoeta lehen orrialdean kokatzea: hori ere nire eskubidea da.
Egile batek irakasten du jabetza eskubide zibila dela, okupaziotik jaioa eta legeak berretsia; beste batek defendatzen du eskubide naturala dela, haren iturria lana dela; eta doktrina hain aurkako horiek onartuak eta txalotuak dira. Nire ustez ez lanak, ez okupazioak, ez legeak, ezin dute jabetza sortu, hura egilerik gabeko egina baita. Zentsuratuko naute horregatik? Zenbat iruzkin eragingo dute holako adierazpenek?
Jabetza lapurreta da! Horra hor 93.eko ordara jotzea! Iraultzen matxinada istilutsua!…
Horrela hasten da Pierre Joseph Proudhonen Zer da jabetza? liburua. Hasiera probokatzaile bezai argi eta zorrotza. Hori da anarkismoaren jaiotza, liburu horretantxe erabili baitzuen frantsesak “anarkista” hitza lehen aldiz bere ideologia definitzeko. Eta ezin zuen bere hasieran hobeto asmatu. Estatua bera kolokan jartzeko jaio zen ideologiak bete-betean asmatu baitzuen oraindik ere denok kateatzen gaituen munstro horri eusten dion oinarria jotzen. Estatua jabetza (batez ere pribatua, Estatu kapitalisten kasuan, eta Estatuarena berarena, Estatuko sozialismoetan) babesteko tresna nagusia baino ez da. Jabetza da haren funtsa eta jabetzaren defentsa da zentzua ematen dion oinarri bakarra. Estatua, eskubide guztien aurretik (askatasun, berdintasun, segurtasun… eskubideen aurretik), jabetza babesten duen boterea delako.
Ez ditut hemen Proudhonek darabiltzan argudioak errepikatuko. Besterik gabe, esango dut anarkismoaren aitak zuzenbidetik zein ekonomiatik jabetzaren alde erabilitako argudio guztiei heldu eta banan-banan deuseztatu zituela, hasieran adierazitakoa, jabetza lapurreta dela, argi utziz. Historian jabetza zelan eta noren “eskubideak” defendatzeko sortu zen begiratzea baino ez dago. Zelan izan daiteke unibertsala pribilegiatu batzuek baino ez daukaten eskubidea, oinordetzan, meriturik gabe ere, ematen edo ukatzen zaiguna, eta, besteak beste, askatasuna, berdintasuna eta segurtasuna (justizia bera) ukatzen dituena.
Bestalde, liburu honetan ideia jaio baino ez dela egin senti daiteke, indartsu jaio bazen ere, eta Proudhonen esanak batzuetan jainkoaren ideia kendu ezinik eta matxismoak jota aurkitzen ditugu. Zorionez, horietan ere Proudhonek jabetzari buruz bezain ausart jokatu zuten beste batzuk etorri ziren anarkismoaren aitaren okerrak zuzentzera, Bakunin bera lehena. Hori baita anarkismoak daukan beste alde onetako bat: dogmatismo orotatik urrun, egile bakoitzak gogoko duena hartu eta okertzat daukana baztertu egiten du, ideia osatu, aberastu, hobetu, ezer bukatutzat jo barik.
Zoritxarrez, oraindik ez dauzkagu holako liburu ezinbestekoak euskaraz. Beharbada, egunen batean gure hizkuntzako apalategiak anarkismoak emandako testu ederrekin aberastuko dira. Bitartean, erederetara jo beharko dugu.