Atzo, berriz ere, Txileko poliziak, Pinocheten diktaduraren txakur leialak eta hari esker Hegoamerikako poliziarik harroputz eta autoritarioenak, maputxe gazte bat hil zuen. Hori izan da”gatazka maputxe” edo “gatazka indigena” deritzoten bidegabekeria historikoaren azken “emaitza”.
Baina zein da gatazka horren atzean dagoen arazoa? Alde batetik, maputxeak europar jatorrizkoak ez izatea eta, europar ikuspegiak ezarritako parametroen arabera, herri txiroa, xumea izatea. Bestetik, maputxeek kapitalismotik guztiz aldentzen den bizimodua izatea eta europar estiloko “zibilizazioan” sartu nahi ez izatea.
Bekatu handi bi horiek direla-eta, aspaldi, Txileko gobernuak maputxeei (europarrek “otzandu” zituzten azken indigenak, Inken inperioari eta espainiarrei arrakastaz eusteko gai izan zirenak) lurrak kendu eta latifundista zuri batzuen artean banatzea erabaki zuen. Jakina, gobernuarentzat hura ez zen gatazka izan. Gatazka maputxeak euren betiko lurrak berreskuratzeko altxatzen hasi zirenean sortu ei zen. Estatu bortizkeria neurririk gabeari aurka egiteko indar ñimiñoena erabiltzea indarkeria eta terrorismoa deritzoten garaietan bizi garelako.
Maputxeak komunitate txikietan bizi dira, lurretik bizi ere (beraz, pentsa Estatuak ostu zienaren balioa…). Komunitate bakoitzak bere buruzagiak hautatzen ditu, eta elkarrengandik sakabanatuta bizi dira, egitura finko eta handirik gabe, baina denak maputxe izatearen sentipen sakonez. Gerrarako, elkar defendatzeko baino ez dira elkartzen komunitateok.
Txileko talde indigenarik txiroena dela diote, batez ere kapitalismoaren parametroen arabera neurtzen delako aberastasuna, gaur egun. Eta hor dago koska: maputxeek ez dute eredu kapitalistan sartzeaz ezer jakin gura. Lurrari lotutako, lurra beste ezeren gainetik errespetatzen duen bizimodu xumeari eutsi nahi diote. Ez dira txiletar sentitzen, ez dira txiletarrak. Txile haien gainean sortutako Estatua baino ez da, txiletartu nahi dituen Estatua. Txiletar gehienek ez dakite gauza handirik maputxeei buruz. Maputxeen lurraldeetan (Araucanian, Bio Bion…) bizi direnek zerbait gehiago, estilo oso europarrean, maputxeak direlako gizarte zibilizatua barneratu behar dutenak, eta ez alderantziz.
Gobernuarentzat ez da arazo handia. Diktadura bukatu zenean (politikoa, diktadura ekonomikoak bertan dirauelako, Pinochetek utzi zituen eta harrezkero inork ukitu ez dituen egiturei esker), Txileko gobernuak lurrak itzultzea agindu zien maputxeei. Bere garaian oparitu zizkien latifundistei erosi eta maputxe komunitateei emango zizkieten. Paperean. Agindu hori ez da inoiz bete, eta maputxeek pazientzia galdu dute.
Orain, komunitate batzuek gatazka aldarrikatu eta lurrak okupatzeari (berreskuratzeari) ekin diotenean, gobernuaren erantzuna barregarria (edo negargarria) izan da: gobernuak ez du negoziatuko indarkeria darabilten komunitateekin. Beretzat gorde duena da indarkeria ez darabiltenekin ere ez duela negoziatzen.
Dirudienez, maputxe gazteen ordua da. Gero eta gazteagoak dira borrokan dirautenak, baita poliziak hildakoak ere. Arrazoia, adituen esanetan, gazte horien prestakuntzan dago. Gazteek kontzientzia gero eta sendoagoa daukate, oroimen historiko gero eta luze eta mingarriagoa (euren aitaita-amamen, gurasoen, osaba-izekoen… atxiloketa bortitzak ikusiz hazi dira), eta, batez ere, prestakuntza gero eta osoagoa: irakurriagoak (hezkuntza mailarik baxuenera kondenatuta dagoen herria izanagatik), politikoki heziagoak, informatuagoak, eta teknologia berriekin ohituak. Gainera, maputxe ez diren gazte anti-kapitalisten elkartasuna daukate, batez ere anarkistena.
Beste maputxe bat hil dute, bai, garesti ordaintzen delako kapitalismoari bizkarra emanda bizi nahi izatea.