Txileko lehendakariak urtea ixteko hitzaldia ematen duen bitartean, hemen ere kapitalismo suntsitzailearen aurka egingo dut greba. Berdin dit hitzaldia nork ematen duen, hemen eta han demokrazia burgesa gure aurka jaio zen, pribilegiatu gutxi batzuen eskubideak babesteko. Argi geratu da azken urteotan, inoiz baino gehiago, salbatu beharrekoak langileak ez, banku ahalguztidunak zirenean. Krisiaren eragileak salbatu behar zirenean. Orduan munduko “demokraziek” ez dute diru faltarik izan haiei laguntzeko. Jakina, demokrazia burgesaren oinarria dira bankuak, benetako jabeak. Alderdi politikoak, parlamentuak, poliziak, epaileak… haiek defendatzeko tresna hutsak baino ez dira.
Gaur, beraz, greba orokorra, eta hobe grebak sistema osoa hankaz gora utzi arte balirau, egun bakarreko borroka eguna izan barik. Baina ahaztu barik greba kapitalaren aurkakoa eta langile eta langabetu guztien aldekoa dela, zein ere duten herria, kolorearen azala edo hizkuntza. Ez dezagun ahaztu, krisialdiak krisialdi, Euskal Herria oraindik ere herri pribilegiatua dela, eta Europa osoa legez, zapalduta bizi diren herrien odoletik edaten duela egunero bere bizi kalitateari eusteko. Batzuentzat krisialdiak erosotasun galera apur bat ekarri duen bitartean, oraindik ikusezin ditugun benetako txiroak, egunero zer jan ez daukatenak, gure lehen munduko transnazionalek gure azoka oparoetan saltzeko daukaten guztia lapurtzen dieten horiek egunero, urtero bizi dira krisialdian. Borroka ez dadila geurekoia izan, pribilegio batzuei eustearen aldekoa. Egin dezagun borroka borrokatzeko indarrik ez kultura nahikorik ez daukatenen alde ere, egunero, krisialdiaren barruan zein krisialditik at.