Dirua

Zer da berez dirua? Zertarako asmatu zen? Beharbada diruak bere zentzua izan zuen gizarte primitiboetan, trukean oinarritutako harremanak zailtzen hasi zirenean. Distantzia handiak, ondasun galkorrak eta iraunarazteko bide gutxi… Seguruagoa zatekeen trukerako balio sinbolikoa erabili leku batean, transakzio batean, demagun, ardia behar duenari hura emateko, berak niri interesatzen zaidan ezer eduki ez arren, eta gero balio eskuratutako balio sinboliko bera beharbada handik urrun asteak pasatuta beste leku batean behar nuen olioa, edo gurdirako gurpila, edo arraina eskuratzeko. Baina zer da gaur egun dirua? Zer balio dauka? Ez dago hura jaterik, ez diruz janzterik edo ezer eraikitzerik… Diruz inguratuta gosez hil gaitezke berdin-berdin. Beraz?

Berez daukan balioa guk, gure fedeak ematen diona da. Txanponak edo diru-paperak edo, gaur egun, ordenagailu bateko apunte elektronikoa jasotzen ditugunean, hala egiten dugu sinesten dugulako jaso dugun horren ordez gerora behar ditugun gauzak eskuratu ahalko ditugulako, baliokidetasun moduko bat erabiliz. Hori da teoria, eta hala begiratuta ez du ematen ezer txarrik daukanik.

Diruaren errealitate gordina, ordea, harago doa. Dirua, benetako ondasunak ez ezik, zentzuak agintzen duenaren gainetik pila daitekeen ustezko balioa da. Are gehiago, dirua pilatzeko geroko irabazi batean sinestea baino ez da behar: espekulazioa, alegia. Gaur egun, ezer ekoitzi gabe, gizarteari onurarik batere ez dakarkion ezer egin gabe, “aberastu” liteke, hots, diru mordoa bildu. Diruak desberdintasuna egiten du. Ez du adierazten hura eskuratzeko egiten den lanaren balioa. Horrela, buru argiek asmatu dute “lan” mota batzuek besteek baino diru gehiago merezi dutela, eta gizarteak hala onartu du historikoki (ez gustura, atsekabez, baina beste biderik ez balego legez). Dirua arma burgesik boteretsuena da, egun gizartea mailakatzen duena. “Azkarra”, azeria, esango nuke, da gizartearentzat ahalik eta lan gutxien eginda “aberasten” dena. Hots, diruaren bidez, beste guztien benetako lan eta nekeari doako etekina ateratzen diona.

Argentinako kasua oraintxe bertan polita da ikusteko diruaren balioa zein den, falta dena dirua bera denean (txanponak, kasu honetan). Holako egoeretan posible da talde txiki batzuek diru urritasunari etekin handiagoa ateratzea, diruaren beraren balioa aldatzea, azken finean, esan legez, diruak gure irudimenak, gure sinesmenak ematen dion balioa baino ez dauka.

Sistema honen barruan, batzuek, bizi osoa lanean eta ondasunak sortzen eman arren, ez dira inoiz dirua biltzeko gai izango. Ez dute inoiz lortuko nahi dutena bizimodu duina eramateko. Beste batzuen egoera are okerragoa da, sistema horretatik guztiz baztertuta bizi baitira. Guk, eskuzabal burgesok, txanponen bat emango diegu noizean behin zein bihotz onekoak garen erakusteko. Txarrena: sinestu ere sinestuko dugu zerbait oparitu diogula, eta ez lapurtutako zerbait, lapurtutakoaren zati ñimiñoa, itzultzen ari gatzaizkiola.

Egun lehen munduak bizi duen krisialdia diruaren krisialdia da, espekulazioarena. Ezer eduki gabe asko izan balute bezala jokatu dutenena. Baina horretan ere, diruaren gurtzaileak salbatzera etorri da diru jainkoa, Estatuen eskutik. Txiroak salbatzeko egiten ez dutena krisialdia sortu dutenei salbatzeko egin dute. Baina jakina, Estatuak ere espakulatzaile horien poltsikoetatik bizi dira, haien diruek ordaintzen dituzte alderdi politikoak boterera daramatzaten kanpainak. Estatuak, azken finean, diruaren jabeen morroi leialak, txakur zintzoak baino ez dira.

Diruaren beste kalteetako bat da guztiok sarrarazten gaituela bere jokoan, bere logika gaiztoan. Lehen munduan batez ere. Bestela, begira dezagun zein diren azken hamarkadetan langileen sindikatuek izan dituzten eskaera nagusiak, zergatik egin diren greba handiak…, eta ikusiko dugu atzean langile-burgesak izateko gogoa egon dela. Hots, burgesek beste diru izateko desioa, burgesen bizimodu bera eraman ahal izateko. Alde batera geratu dira, salbuespenak salbuespen, jabetza bera, sistemaren logika bera aldatzeko aldarrikapenak. Ezker mugimenduek ahaztu dute, diruaren logikan sartuta, gobernuetatik datozen sosen pastela banatzeari begira, euren helburu nagusia lantegien, soroen, lanaren eta haren emaitzaren jabe egitea zela; euren lanaren etekina kapitalisten eskuetatik kendu eta eurek kudeatzea, autogestioa erabiltzea zeinek bere lantokian. Diruak langilea burgestu du.

Beraz, anarkista ororen helburuetako bat, helburu nagusietakoa ez esatearren, dirua eta bertan oinarritzen den ekonomia sistema guztia suntsitzea, desagerraraztea da.

Posible da dirurik gabeko gizartea? Hain korapilatsua den munduan funtziona daiteke dirurik gabe? Nire erantzuna baiezkoa da. Jakina funtziona daiteke, elkartasunez biziko bagara, eta askoz hobeto gainera. Kontua irakatsi diguten logika horretatik ateratzea da eta ikustea nik, egunero egiten dudan lanagatik, azokan dagoen sagar hori jateko eskubidea daukadala, hark, lantegian sartu dituen ordu guztiengatik, egun batzuetarako bakea eta atsedena ekarriko dizkion leku horretara joateko hegaldi hura hartzeko eskubidea dauka bezalaxe.

Diruaren logika atzera uzteak bankuak, aseguruak, maileguak, jabetza intelektualak, patenteak… eta ahazten ditudan beste gauza asko egiten ditu debaldekoak, premiarik gabeak.

Momentuz, dirua eta haren inguruan sortutako sistema bidegabea suntsitzeko premiaz jardun dut. Hurrengo batean utziko ditut hemen mundua dirurik gabe ibiltzeko ideia batzuk. Nire irudimenak eman dizkidan irtenbideak, ez bakarrak eta seguruenik ezta onenak ere. Baina seguru nago munduan nirea baino buru askoz argiagoak daudela dirurik gabeko mundu bidezkoagoa diseinatzen laguntzeko. Norbaiti bidea ez bururatzeak (ondo dakidalako irakurriko nauzuen zuetako batzuen kritika holako sinplista izango dela, barkatu didazue) ez du esan nahi bide hori asmatzerik ez dagoenik. Nire ustez, gaur egun diruan ipintzen dugun fede bera edo are handiagoa gizakiarengan aurrean daukagun pertsona bakoitzarengan ipintzean dago gakoa, gizakia dirua bera baino fidagarriagoa baita (edo behar luke).

Esan legez, hurrengo batean garatuko ditut horren inguruko ideia zehatz batzuk.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , , , , . Gorde lotura.

3 erantzun Dirua-ri

  1. egilea: Hasier

    Honen inguruan, erabat liburu praktikoa irakurri nuen gazteleraz direla zenbait urte (Mi vida sin dinero). Arras interesgarri iruditu zitzaidan Alemaniako irakasleak dirurik gabe bizi ahal izateko esperientzia: trukearen aldeko apustua praktikoa jarri zuen martxan  Hannover-en.

  2. egilea: nonor

    Egia da diruaren logikan mugitzen garela diruari balio bat eman diogunetik.
     “Menuda mierda, metes dinero y te sale un cacho de carton.” Lehengo egunean lagun batek metrorako creditrans bat atera zuen. Antza, ez zen konturatu paper zati bat sartu zuela kartoi zatiaren truke.
    Noski sistema ekonomikoa aldatu dezakegula. Gizakia bezain moldakorra eta malgua da gizakiak sortutakoa, hau da, kultura. Baina ez nago hain ziur anarkismoaren alde gauden. Ezinezko utopia polita dela diotenek ez dut uste sistema anarkista batean zoriontsu izango zirenik.
    Zaila da estresa eta horrek eragindako depresioa bere arazo nagusitzat duen hiritarra, adibidez, tibetera joatea monjeekin. Monjeok ez dituzte (itxuraz) horrelako arazorik baina, hain da desberdina bizimodua lekuz kanpo sentituko ginatekeela, hain ditugu sartuta beharrizan, balore ata aurreiritzi batzuk aldaketa gogorregia izango litzatekeela.
    Ba, uste dut anarkismoarekin antzerako gauza bat gertatuko zela. Topiko asko daude anarkismoaren inguruan, baina benetako arazoa kontsumorako desioa dela uste dut. Dirua dugunean diruok gastatzea munduko gauza normalena da gaur egun. Are gehiago, ez dugun dirua ere gastatzen dugu. Ez nuke nahi bihar mundu anarkista batean bizi, mundua ez dago prest. Eta desberdintasun gabeko munduaren alde gaudenok ere arazo ugari izango genituzke mundu berria onartzeko.
    Teorian anarkismoa zehatz mehatz zer den ez dakigun anarkistak gara, altermundistak, eta praktikan…langile soilak, langile soilen betebeharrekin, eta udan, ondartzara.

    Laburbilduz aditzera eman nahi dudana da nire baitan sistema anarkista “puru” batera moldatzeko arazo ugari ikusten baditut, zer pentsa sistema hau legitimatzen duten gehiengoari begira. Horrelako ideiek ez dute balio gaurko gehiengoarentzat. Gauza simpleagoekin hasi beharko ginateke kontsumorako desioak itzaltzen. Bidea oso luzea da eta gustatuko litzaidake pentsatzea ez dagoela helburu zehatzik; aurrera pausu bakoitzak helburu aldaketa bat ekarri behar du, bidea baita helburua justifikatzen duena, inoiz ere ez alderantziz.

    Segi aurrera blogarekin, euskarazko blog interesgarriena daukazu eta zure mezuetan zintzotasuna agerikoa da.

    Eskorbutoren abesti hau etorri zait burura. Ze ondo zeramaten autokritika!

    NADIE ES INOCENTE

    Los rifles silvan desafinados
    la canción de muerte que han creado
    Los de derechas se tropiezan
    con los de izquierdas y viceversa
    Estamos insultando a la ley
    y estamos en su truco al dinero
    Como perdedores, como perdedores, como perdedores
    estamos en su juego
    ¡Oi! ¡Oi! ¡Oi!
    Sometidos, controlados
    por un país tercermundista
    Corroidos, condenados
    por un sistema de cobardes
    Estamos insultando a la ley
    y estamos en su truco al dinero
    Como perdedores, como perdedores, como perdedores
    estamos en su juego
    ¡Oi! ¡Oi! ¡Oi!
    Nadie es inocente, todos terroristas…

  3. asel egilea: asel

    primeran ulertzen dut diozuna. ez dut uste anarkistok, edo ez nik, behintzat, anarkismoa egun batetik bestera etorriko denik. are gehiago, anarkismoa ulertzeko modu ugari dago eta ez dut uste elkar baztertzen dutenik. mutualistak, sozialista libertarioak, anarkokomunistak, anarko indibidualistak… nork bere bide ideala dauka buruan, eta kontua nork bere estiloa garatu ahal izateko ateak irekitzea da, inoiz ere inori bide jakin eta bakarra inposatu barik. horregatik, gaur gaurkoz anarkismoaren biderik interesgarrienak esperientzia txikietan daude. fabrikak autokudeatzeko esperientziak, egitura horizontalak, auzoko esperientziak… apurka-apurka botereari, estatuari, beretzat dauzkan esparruak ostu eta hustu, erakutsi estatu barik jendeak berez antola ditzakeela behar dituen kontuak. libre, nork bere estiloan, bere errealitatera egokituz, bere kulturara, bere premia eta gustuetara. anarkismo hitzaren baitan ez da absoluturik kabitzen, bide guztiak dira posible oinarri bakarra hartuta: inork inor ez esplotatzea, inork inoren lanetik ez dagokion etekina ez ateratzea. arauak bai, baina nork bere buruari emandakoak. urteak beharko dira ohitzeko, ikasteko, beste bide bat posible dela benetan sentitzeko eta sinisteko. anarkia egunez egun eraikitzen da, dogma eta ezarpen guztietatik at. benetako utopia mundu hau ondo dabilela sinistea da. demokrazia, merkatua, etekina, kapitala…, hori dena mundu orekatu eta libre baterako ona dela sinistea da utopia, eta zoritxarrez jende askok sinisten du hala, gezurra, iruzurra, egunero begien aurrean izan arren. Edozein aldaketa txiki da garrantzitsu, ez da bat-batean mundu mailako iraultzarik behar. iraultza txikiek eroango gaituzte iraultza handira.
    eskerrik asko zure ekarpenengatik, diodana eztabaidatzeagatik. eztabaida, iritzi trukaketa, da aurrera egiteko, lokatzetan harrapatuta ez geratzeko bidea.
    Eta Eskorbutoren kanta itzela gainera! jejeje, eguna alaitu didazu XD

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude