Anarkistok, eta oro har munduari ezkerretik begiratzen diogunok, argi daukagu egungo gizarte eredua ez dugula gogoko. Are argiago ez dela gustu kontua, zuzentasun kontua baizik. Bakan batzuk esne mamitan bizitzeko, behar dutena eta behar ez dutena izateko gehiengo bat miseria gorrian bizi eta hiltzea ezin da inorentzat bidezkoa izan, eskumatik hipokrisia ariketa erraldoi eta lizuna egin ezean, banaketa “naturalari” buruzko demagogia merkeren bat erabili ezean-edo.
Beharbada denok ez gatoz bat amesten dugun edo posibletzat jotzen dugun ereduaz eztabaidatzerakoan, eta horregatik ez da hori orain helduko diodan kontua. Premiazkoagoa da batzen gaituenari, gorroto diogun sistemari begiratzea, eta horretan ados gauden guztiok sistema hori suntsitzeko bideak elkarrekin bilatzea. Horretarako, ordea, jakin behar dugu zer suntsitu behar den eta zergatik.
Orain hausnarketa orokor bat baino ez dut egingo eta aurrerago, indarrik, gogorik edo bultzadarik badut, kontu zehatzagoak jorratuko ditut.
Gure helburua egungo gizarte eredua da. Gizarte bidegabea. Baina gizarte hau, eta eskala globalaz ari naiz, ez leku zehatz bateko gizarteaz, gainetik diseinatutako politikak ezartzen diguna da. Politikaz arduratzen direnek erabakitzen dute zer eredu den zilegi eta zein arriskutsu, zelan antolatu behar den lana, zelan hezkuntza, zelan zigorra, zelan ordena, zelan justizia, zelan merkatua… Zertarako eta eredu ekonomiko jakin bat babesteko.
Beraz, guztiaren atzean benetan dagoena ekonomia da. Ekonomia eredua erabaki dutenen interesak babesteko politika sortzen da, eta politikari profesionalak interes horiek inoiz arriskuan jartzen ez direla bermatzeko. Ekonomia eredu horrek bere neurrira egindako gizarte eredua behar du: ekoizleak eta kontsumitzaileak, jabeak eta langileak, aberats bakan batzuk eta txiroak. Nonahi lapurtzeko eskubidea bermatuko dion sistema politikoa, eta jendea nolanahi erabili ahal izateko gizarte antolamendua. Batzuen etengabeko kontsumoa, behar diren gauzak zein behar ez direnak ekoizteko eta makina horren funtzionamendu etengabeari zutik eusteko. Beste batzuen ahulezia kronikoa haien baliabideak nahi den legez ustiatzeko. Ekoizpenaren kontrola prezioak kontrolatzeko, bakan horien irabaziak muga “onargarrien” artean egoteko betiere.
Iraultzak beti antolatu dira botere politiko eta hark daukan botere militarraren aurka (azken finean, indar armatua politikaren tresna hertsatzailea baino ez da, ekonomia sistema arriskuan ez jartzeko indarkeriazko bermea). Gehienetan botere politiko bat beste botere politiko batez ordezkatzeko saioak izan dira, benetan ardura duena gehiegi ukitu gabe: sistema ekonomikoa.
Politika tresna bat da, baina bentako helburua, ez dugu ahaztu behar, egungo ekonomiari eusten dioten tresnak dira, sistema ekonomiko bera, alegia. Egungo ekonomiaren zutabeak suntsituz nekez iraungo luke sistema politikoak. Zutabe horiek dira, beraz, premiazko helburua gizarte sistemaren oinarriak aldatu ahal izateko. Eta ekonomiaren zutabeak higatzea denon esku dago, denok kontsumitzaileak garen heinean. Has gaitezen, oraindik hasi ez bagara, are gehiago egungo sistema neoliberalak bere gabeziak erakutsi dizkigun honetan. Sakondu dezagun sistemaren krisialdia, hemendik indartuta atera ez dadin. Asko dira historian galdutako aukerak.