Blog honi ekin nionetik ez dira gutxi bete gabe geratu diren aginduak. Bai adierazitakoak (herri, bidaia edo talde honi edo hari buruz idatziko nuela), bai nire golkorako geratutakoak (liburu zoragarri honi edo hari buruz idatzi behar dut…). Zerrenda hori buruan gordeko dut. Blog hau idazten duenaren buru-desantolamenduaren isla bada ere, ez dago zertan strip-tease osoa egin behar.
Aspaldian daukat buruan beste ideia bat, hasieran non gauzatu ez nekiena eta une batean bideratzeko tresna blog hauxe izan zitekeela ikusi nuena. Baina orain arte, nagiaz gain, beste kontu batzuek ere galarazi didate ekitea. Beharbada, hau ere bete gabeko agindu bihurtuko da hasi eta lasterrera, baina bide guztiak lehen urrats batekin hasten dira, urratsa txikia zein handia izan. Hel diezaiogun bideari, beraz, Sumo talde argentinarra entzun/deskubritu bitartean.
Aspaldiko ideia hori nire ideia anarkista batzuk biltzen eta egituratzen joatea izan da. Zeren, zertarako balio du buruan hainbat ideia sakabanatu izatea horiei irtenbiderik ematen ez bazaie? Batez ere, gizartearen norabidea, munduaren egoera eta nik neuk horri guztiari egiten diodan (edo hobe esanda, egiten ez diodan) ekarpena nire kezka nagusietakoak izanda.
Agian azken egunotan Malatesta irakurtzen hasteak eman dit azken bultzada. Hobe lukete eskola guztietan haren testu batzuk irakastea, irakatsi ohi den hainbeste zaborren ordez…
Anarkismoa lilura beste nahasmen sortzen duen ideologia da. Utopikoa izatea da egotzi ohi zaion “kritika” nagusia. Inork gutxik esango dizu berez anarkiaren ideia txarra denik. Beste barik, ezinezkoa dela entzungo diezu gehienei. Polita, baina ezinezkoa. Eta nire galdera: ezinezkoa ez dela frogatuko balitz, zerk galaraziko liguke hain eder aitortzen dugun ideiarantz abiatzea? Zer kaltek ekarriko liguke saiatzeak?
Ezagutzen dugun mundua, ordea, ez da utopikoa, benetakoa da. Egiten du horrek on? Estatuak frogatuta daude, eta zelan gainera… Izan da inor gai frogatzeko mundu guztiarentzat ondo dabilen estatua posible dela? Ez dago frogatuta munduko estatu guztiek gizarte desberdintasunak eta etengabeko biolentzia sortzen dituztela? Estatuaren beraren barruan ez ezik, estatuen arteko desberdintasunak eta biolentzia. Eta hala ere irentsi egiten dugu, ez gustuko dugulako, etsipenez baizik. Edo batzuei joko politikoak eragiten dien plazer morbosoagatik, agian. Edo egoera horretako pribilegiatuek euren biolentzia polizial, dialektiko, moral eta ekonomikoa darabiltelako uneoro gauzek horrela “behar” dutela konbentzitzeko.
Hemen zirriborratuko ditudan ideien bidez ez dut frogatu nahi anarkia posible ez ezik, biolentziarik gabeko sistema aske bakarra dela. Are gutxiago beste inorentzat baliogarria behar lukeen teoria bat eman. Beti pentsatu dut anarkista beste anarkismo egon behar dela, ezinezkoa delako, eta osasungarria ere ez delako, lagun bik dena guztiz berdin ikustea, klonak ez badira. Anarkismoaren funtsa, hain zuzen ere, desberdin pentsatzen dutenen arteko akordioa da ezer bada. Ulertzea gura askatasunak muga bi baino ez dituela behar: geure muga fisiko-psikikoak eta gure ondokoaren askatasuna bera. Sortuko dugun edozein komunitate, beraz, beti izango da desberdinen artekoen adostasunetik, bakoitzaren amore emate txiki batzuetatik etorriko. Eta hori ulertuta baino ez gaude prest bizimodu anarkista besarkatzeko. Okerra da, beraz, jende askok anarkismoari egozten dion ideia: anarkia nork nahi duena egitea dela, alegia. Baina kaosa eta anarkia nahasteko ideia setati hori ez da debaldekoa ez kasualitatezkoa. Azken boladan oso argi ikus dezakegu zelan erabiltzen duten estatuek, boteretsuek, beldurra euren “ordena” ezartzeko aitzakia izateko. Denoi euren bortxa eta gure askatasunen murrizketa etengabea onarrarazteko.
Hau sarreratxoa baino ez da eta berton utziko dut momentuz. Aurrerantzean, eta gauzak apur bat sistematizatze aldera, buruan dauzkadan ideia eraikitzaileen eta suntsitzaileen arabera banatuko dira edukiak. Ez dut uste beharrezkoa izango denik testu bakoitza sailkatzea nahi duenak behar den lekuan kokatzeko. Ezer berririk sortzeko, zorionez zein zoritxarrez, lehen zeuden gauza kaltegarriak suntsitzea ere beharrezkoa izaten delako. Suntsipen ideologikoa, morala, ekonomikoa, fisikoa… Askotan goitik ezarritako terrorismoek beheko terrorismoen erantzuna behar dute eta ez dut nik premia hori ukatuko.