Atzo ZPri apurtxu baten entzunda nahikoa izan nuen ulertzeko Espainiako presidentea Euskal Herriaren independentziaren aldeko mugimenduaren lagun sutsua dela. Antza, demokrazian denetari buruz hitz egin daiteke, aingeruen sexuaz ere bai. Total, hitz egitea debaldekoa da! Batez ere, hitz egiten dena aurrera eroateko biderik ez dagoenean, eta beraz, hutsala. Independentziaz berba egin nahi duzula? Egizu… Azken finean, bere izpiritu guztiz demokrata horretan argi utzi zigunez, %51ek ezin dio %49ri proiektu bat inposatu (%51 hori, ordea, bizi daiteke %49k inposatutako proiektuan, hori integratzailea ei delako). Beste era batera esanda, oraindik eredu autonomikoan aurrera egin daitekeela uste duten inozo horiei argi eta garbi esan die: Espainian dagoena eta beti egongo dena gure Konstituzioa da, kito. Besterik gura duzuela? Independentzia da geratzen zaizuen bide bakarra.
Hori da, beraz, Espainiak uzten digun aukera: gauzak oraintxe bertan dauden bezala, erdiari ere gustatzen ez zaion hori onartu eta baselina apur batekin ipurdian eroso egokitu, edo bilatu behingoz Espainia “demokratiko” horretatik, bere herritar “guztien” iritzi eskubidea (tira, kartzela ekar dezake iritziak, baina azken finean, etxebizitzak daukan prezioa ikusita, seguruenik gazte eta ez hain gazteei arazo horretan laguntzeko estrategia da) babesten ei duen proiektu handi eta “solidario” horretatik ospa egiteko, askatzeko, ihes egiteko modua. Espainia, Espainia, Espainia, handi eta bakarra, ala independentzia. Horretara animatu gaitu azken finean. Gertatzen dena da dialektika oso berezia darabilela gure independentzia nahiari hauspoa emateko. Estatutu berririk, Estatu beraren barruko kokapen eta harreman berririk ez:
I N D E P E N D E N T Z I A