Demokraziaren jaiaren (demokraziak jai daukalako, agian) ondorengo ajea atzean uzteko literatura sendabelar ona izan daiteke. Mark Haddonen Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia eleberria, behintzat, bada, zalantza barik. Deskribatzen oso zaila da Haddonen liburua, Igela argitaletxeak euskaratu digun beste harribitxi horietako bat (eta asko dira dagoeneko). Kontatzen digun istorioa oso modu berezian agertzen zaigu, tarteka gure logikari ihes egiten dioten hausnarketek maisuki etenda. Izan ere, narratzaileak gure logikari ihes egiten dio, 15 urteko gazte autista baita. Christopher. Gure ohiko logika ez baita dagoen bakarra.
Niri, literaturaren liluran bete-betean eta hasieratik harrapatzeaz gain, arazo hori daukatenez zer gutxi dakidan, zein mundu ezezaguna den erakutsi dit. Ia oharkabean joan zaizkit orrialdeak, Christopherri auzokidearen txakurra nork hil duen ikertzeko lanean jarraituz. Horixe baita eleberria, Christopherrek, oztopoak oztopo, nobela poliziakoa idazteko burutuko duen lana. Baina hiltzailearen peskizan, bila ez dabilen beste gauza garrantzitsuagoak topatuko ditu eta erabaki latzak hartu beharko ditu, betiere bere logikari eta irakatsi dizkiotenei leial.
Ez dut honekin antzik daukan beste libururik ezagutzen. Ederra, bikaina, bestelakoa. Literaturan, zorionez, zer asmatu geratzen dela erakusten diguten horietarikoa.
Erantzun bat Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia bidalketan