Liburu hau kasualitatez erosi nuen orain dela gutxi, egun batzuk lehenago amak gomendatu zidala gogoratu barik. Arrazoi nagusia ez zen oso literarioa, John Boyne irlandarra nire urte berekoa zela irakurtzea baino.
Hautu bitxi horrek irakurketa liluragarriaren ateak zabaldu dizkigu. Argi dago batzuetan patuari utzitako erabakiek ezusteko ederrak dakartzatela.
Eta sarrera hau egin dut liburu honetaz ezin delako askoz gehiago esan. Halako zerbait dioskute atzealdean, liburu honi heltzeko buruko egoera onena ezer ez jakitearena dela. Gorde duen literatura bete-beteari egin diezaiokegun mesederik onena, baita geure buruari ere, lehen lerroetatik harrapa gaitzala uztea da, eta protagonistaren begi xaloetatik topatuko dugun errealitate horretan murgil gaitzala. Errealitatea zein den ez dizuet nik argituko.
Hartu, ireki, eta utzi xarmatzen, prestatu bidaia literarioaz gozatzeko. Ez dut ezagutzen liburu honek zapuztuta utzi duen inor. Plazer eta lilura hutsa, bere errealitate gordinean! Ikaragarrizko pribilegioa holakoak kalera atera eta gutxira euskaraz dastatu ahal izatea.
Nik liburua irakurri dut eta ederra iruditu zait, edozein haritzi ez darion ezkurra.