Aurkikuntza berria izan da Haruki Murakami. Hau ere Martari zor dizkiodan gauzen poltsara doa. Izan ere, Murakamiren Kafka en la orilla espero nezakeen guztia gainditu du. Irakurri arte ezin nien Martaren berbei neurria hartu. Gustatuko zitzaidala argi zeukan berak, baina zein neurritaraino gozatu dudan zaila da orain hitzez azaltzea. Literatura nahi duen modura menderatzen duen idazlea topatu dut, sormenari mugarik ipintzen ez dizkioten horietakoa. Eleberri honen orrialdetan gauza asko nahasten dira, elkarrekin naturaltasun osoz bizitzeko: tragedia klasikoaren oihartzunak, gizarte modernoaren kontraesanak, erudiziotik gertu dagoen kultura maila, nerabe baten nortasuna definitzeko arazoak eta borondate sendoa, mundu onirikoa eta erreala, mamuak, biziak, hilak, profeziak, patua, Nakata “ergela” bezalako pertsonaia liluragarriak, katuekin mintzatzeko edo zerutik sardinak zein izainak erorarazteko gai, konturik naturalena balitz legez. Denbora. Esanahirik ez duen denbora. Iragana eta oraina nahasten dituen denbora, gorpuzten diren ametsen eskutik. Murakamik eraikitako munduan ezerk ez du muga zehatzik. Are gutxiago logikaren arauek. Eta lerroz lerro hipnotizaturik eroaten gaitu, misterioaren eta umorearen artean, surrealismoaren altzoan. Sexualitatea, haragi eta izerdizko erotismoa, krudeltasun gordina, sentiberatasun handiko irudiak… Metafora, etengabeko metafora. Garrantzi handia duelako pertsonaientzat ere metaforak, Kafka Tamura eta Ôshimaren arteko elkarrizketetan ageri den bezala. Aurreiritzi eta konbentzioen aurkako jarrera, askatasunaren aldarrikapena, maitasunarena… Mezu asko, zentzu filosofikoko pasarte asko. Ez dago eleberri honek gordetzen duen guztia laburbiltzerik hola, lerro gutxitan.
Ez dut istorioa hemen argitzeko asmorik. Oraindik nago txundituta eta ez dut irakurri dudan guztia guztiz barneratu. Barne-barnean geratu zaidan galdera bat bai, hemen botako dut: edukiko dugu laster Murakami euskaraz gozatzeko aukerarik, ala idazle itzel honen trena ere galduko dugu euskal irakurleok, ohi den legez? Ea editoreren bat animatzen den, seguru bainago irakurle leial nahikotxo lortuko lukeela.