Malaysia I

Laosi eskainitako saila bukatu nuenetik ahaztuxeak ditut bidaiak, eta ez zer kontatu ez dagoelako. Izan ere, Laosekin hasi nintzenetik daukat buruan zein izango zen hurrengoa. Baina aitortuko dut, gero eta alferrago nabil eta gero eta gehiago kostatzen zait artikulu luzeak izan daitezkeenei heltzea. Gaur, ordea, txanda iritsi zaio Asiako herrialdeen artean bereziki atsegina egin zitzaigun besteari, Malaysia, alegia.

Ez dut, ez pentsa, Laosena bezain sail luzea egiteko batere gogorik, eta printzipioz ez dut uste hiru atal baino gehiago eskainiko diodanik. Ez kontatzeko gehiago ez duelako, esan dudanez, alfer samar nabilelako baizik. Hasi aurretik, gainera, ohartarazi behar dut Malaysiaren alde kontinentalaz baino ez dudala jardungo, Borneokoa ez baitut ezagutzen.

Malaysia gehiengo musulmana duen asiar herria da, Indonesiaren antzera, baina batez ere, gehiengo horren gainetik, kultura nahasketa da. Jatorrizko malaysiar gehienak musulmanak badira ere, India eta Txinatik heldutako asko bizi da bertan -txinatarrak egin ziren neurri batean hango ekonomiaren kontrolarekin, eta dirudienez, horri erantzuteko indartu zen islamdar kultura-, eta Thailandiarekin du muga. Seguruenik, sakonago aztertuz gero, eta bertan egon ginenean zerbaiti antzeman zekiokeen prentsan, erlijio eta kulturen arteko tentsioak egon badaude, baina azalean behintzat, kultura desberdinak elkarbizitzarako gai dira. Adibide adierazgarrienetakoa Melakan ikusi genuen: kale berean, hurrenez hurren, tenplu budista, txinatarra, hinduista eta mezkita topatu genituen, elkarrengandik oso metro gutxitara.




Hau izan da ezagutu dugun lehen herri musulmana, baina egia esan, mezkitak eta emakume batzuen buruetan zapiak ikusteak baino ez zigun horren berri eman. Bestela, noizean behin egiten genituen lagunei galdetzen genien zer erlijio zuten, kuriositatez, ez baitirudi horretaz oso arduratuta bizi direnik. Erlijioa bata zein bestea, malaysiarrak atseginak, jatorrak, zabalak eta irribarretsuak dira. Oro har zintzoak, fidatzekoak, puntualtasun kontuetan izan ezik, bizitza patxada handiz hartzen baitute.






Malaysiatik bidaiatzea oso erreza da. Guk autobusa erabili genuen gehien bat, eta gidatzeko modua batzuetan ikaratzekoa gerta badaiteke ere, batez ere mendietako errepide estu eta bihurgunetsuetan zelako alaitasunez hartzen diote batak besteari aurre ikusita, aukera gomendagarria da.

Ostatuei dagokienez, eskaintza handia dago, oso prezio honetan, eta leku turistikoenetan berehala duzu hainbat lagun inguruan beren ostatuen katalogoak eskuan. Onena patxadaz begiratzea da, begiratzeak ez gaituelako ezertara behartzen. Gu gehienetan familian legez sentitu ginen, batez ere Melakakoan, eta bertan, gainera, informazio oso baliagarria lortu genuen hurrengo hirietan nora jo jakiteko.

Prezio aldetik, ez dago kezka handirik. Guk 5-10€ bitartean ordaindu genuen oso leku txukun eta garbietan. Garestiena Kenyir lakuan ordaindu genuen, baina kontuan izanda prezioaren barruan harainoko furgoneta, lakuaren barruko garraio guztiak, otorduak eta hango mutilei eskatu beharreko guztia -kanoak, txangoak, arrantza…- zeudela, agian 25€ eguna bi pertsonentzat, oihanaren erdian ur gaineko ostatu batean galduta sentitzeagatik ez da hainbeste… Gutxitan sentitu dut hangoa lako bakerik!


Janariari dagokionez ere, kexa gutxi. Eskaintza kultura nahasketa bezain zabala da, eta merke-merke egin daiteke otordu ederra. Garagardo ohikoena Tiger da, baina thailandiarrak ere lor daitezke. Horretarako, herri musulmana dela kontuan izanda, errezena txinatar tabernetara jotzea da, eta botilak oso handiak direnez, 600ml inguru, hobe erdi bana hartzea eta bukatu ahala eskatzen joatea, berotuko ez bazaigu. Garagardoak garagardo, gure jateko modurik gogokoena azoketako burruntziak, arrain-bolak eta holako mokadutxoak izan ziren. Penang-en jandakoak benetan gogoangarriak! Onena denetarik probatzea, dena baitago gozo. Eta fruta! Zenbat eta ze goxoa! Durian delakoa bereziki, usainak kontrakoa adierazi arren. Baina nik, bertako arroza, fideoak eta satay burruntziak barkatu barik, aholkatzen dut lehen aipatutako txinatar tabernetan ere geratzea hango zopak, bolatxoak eta gutizia guztiak probatzeko. Zerikusi gutxi dute taberna horiek hemengo txinatar jatetxeekin eta gustura luza daitezke orduak bertan garagardo hotza edan bitartean.








Non lo egin, zer jan, zelan mugitu eta norekin berba egin izanda, zer geratzen zaigu? Malaysia bera, jakina. Kultura aniztasunak oso interesgarri egiten du Malaysia, baina ez gutxiago herri eta hirien edertasunak eta paisaia aniztasunak: hiri jendetsuak, azoka koloretsuak, tenplu ikusgarriak, bistatik galdu arte zabaltzen diren te-sailak, ur-jauziak, oihanak, hondartza paradisiako eta bakartiak, arrantza portuak… Hartu mapa, bapo jan, eta oinei bideetan galtzen uztea onena.




















Hurrengo ataletan bitan banatuko dut Malaysia kontinentala, zati bien artean badagoelako desberdintasunik: mendebaldean alde turistiko eta nahasiena, ekialdean alde lasai eta musulmanena.

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak , . Gorde lotura.

2 erantzun Malaysia I-ri

  1. egilea: joserra

    Hau bai erreportaia! Zorionak, Asel ,eta eskerrik asko horrenbeste erakustearren.

  2. egilea: asel

    Eskerrik asko zuri irakurri eta erantzuteagatik 😉 Hurrengoetan zehatzago berba egingo dot merezi daben hango leku batzuei buruz. Argazkiak, jakina, ez dira faltako 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude