Xam Nua
Honekin, eta urtearen bukaerara hurbiltzearekin batera, Laosi eskainitako saila itxiko dut. Ez dut uste betiko agurra izango denik, Laos oraindik ere zain daukagu-eta, baina orain arte egin dugun bidaia hemen bukatzen da
Ekialdera jarraituz, eta Vietnamera zeharkatu aurretik, Xam Nuan (edo Sam Neua) geratu ginen. Berriro ere arroz-zelaiek inguratutako herria dugu hau. Herri bizia dugu, Laoseko parametroetan hiria ere badela esan daiteke. Kanpoko turismo gutxi jasotzen duena (alde turistikoetatik urrunegi), baina barruko joan-etorrietan garrantzia bide daukana. Mugimendu horien guztien arrazoi nagusia, seguruenik, haren azoka da. Azoka koloretsua, hamaika produktu, berdin jatekoak zein hango eguneroko bizimoduak eskatzen dituen tresnak, ontziak… Argi dago hau dela hango bizitzaren bihotza, eta merezi du bertan luzatzea eta postuen artean patxadaz galtzea.
Xam Nuak ez du ostatu falta; zapore guztiz lokala dute, bezero gehienak, esan legez, Laoseko beste herrietatik etorritako erosle edo saltzaileak baitira, eta beharbada vietnamdarrak ere bai, kokapena kontuan izanda. Horrek negozio kutsua ematen dio, Laosen oso ohikoa ez dena. Dena dela, eta zorionez, tokitan dago kapitalismoaren usainetik.
Hiritarrago izan arren, inguruan ez da bost solairutik gorako etxerik ikusten, eta hemengo moduan, neska nerabeak mugikorretan mezuak idaztean ikus badaizteke ere, giro kalatarragoak beste edozein herritako naturaltasuna gordetzen du. Adibidez, bere denda aurrean burua garbitzen zuen neskak guztiz laostarra zen irribarre jatorra eskaini zigun argazkiaren ondoren. Hori dena gure ostatuaren kalean bertan, leku guztiz gomendagarria, betiko moduan. Hango jabe jatorrei utzi genien bideko saltzaileak oparitu zigun kalabazina (argazkian, Marta ostatuaren sarrera ondoan dago).
Hirigunetzat har dezakegun alde honetatik aterata, osteratxo ederrak egin daitezke eta arroz-zelaien lasaitasuna arnastu. Asfalto gutxi, trafiko gutxi, eta zu motorrez edonora eramateko prest dauden gazteak, sos eskaerarik gabe. Zure argazkiengatik jakin-min handia dutenak, lagunei argazkiak ateratzea jolas bihurtzen dutenak… Benetan erraza dirudi han adiskidetzeak, berezkotasun osoz, inongo mesfidantza barik. Ez dute gonbidapenik behar zugana jotzeko. Eta hori eskertzen da, hizkuntzen muga guztien gainetik.
Imajinatzen dut han ere egongo direla tenpluak ikusteko, baina ez ginen haien bila ibili, nahikoa izan genuen inguru naturalaz eta kaleez gozatzea. Autobus geltokia topatu, eta hilabete batzuk lehenago kanpotarrentzat ireki zuten mugara abiatu ginen, erraza izan ez arren, harainoko garraio publikorik ez baitago eta beste herri batean negoziatu behar izan baikenuen garraioa. Muga bera, oinez igaro genuen. Uste dut aduanakoek jende gutxi dutela oraindik euren erregistro-liburuan.
Vietnamgoa, ordea, beste istorio bat da; hurrengo baterako agian. Bpaigohnder!