Hemen nago buruari eragiten (ez gehiegi ere, ez pentsa): konstituzio eguna ospatu, inondik ere ez, baina hala ere eskaini dizkidan oporrak disfrutatzea kontraesana ete? Urtero datorkigu gai hau, errealitatea bezain temati, eta ezin neure buruari galderak egiteari utzi.
Ondo dakit gure inguruan batek baino gehiagok erabakitzen duela egun honetan normaltasun osoz lan egitea (ez dakidana da guztiek, koherentziari zintzo-zintzo jarraituta, jaiegun honek eskain dezakeen biharko zubiari ere uko egingo dioten), eta bitartean, nik urtero ondoetorria egiten diodala oporraldi txiki honi.
Zergatik egin behar nuke lan? Espainia ez delako nire aberria, eta beraz, haren konstituzioak niretzat duen esangura bakarra ukazioarena delako, ez ospatzekoa, inondik inora. Eta hori jakinda, etxeko berotasun gozoan geratzearen aldeko hautua egiten dut modu guztiz kontzientean, euren buruarekin ados lan egiten dutenak bihotzez miretsita.
Nire zalantza, ordea, harago doa. Nire buruarekin guztiz zintzo jokatu gura badut, zenbat jaieguni egin behar diot uko urtean? Demagun ez dudala neure burua katolikotzat hartzen: erlijio honek ipini dizkigun igandeak zelan zurituko ditut? Eta egutegia betetzen duten beste santu eta patroi guztien egunak? Are gehiago: Gabonetan, hain gertu egonda, oporrak nire kontziezntziari traizio egin barik hartu ahal izateko (maisua izanda egun nahikotxo baitaukat zain), zer egin behar nuke? Gogoratu Olentzaro bera gure herrian kristautasuna baino zaharragoa dela? Baina Olentzaro horrek Gabonen zentzu komertzial eta kontsumista berbera badakar berekin, eta neure buruari euskal paganoa ere aitortzen ez badiot, zer gehiago asma dezaket?
Eta inoiz Europako konstituzioa onartzen bada eta hari eguna eskaintzen badiote, zer zabor mota izan daitekeen jakinda, zer egin?
Harago joanda: anarkista izanik, gero eta arrazoi gutxiago geratzen zait jaiegunak egutegian gorriz markatuta datozen horietan hartzeko. Ez dut Estaturik gura, eta beraz, konstituziorik ere ez. Espainola ez, jakina, baina euskalduna gehiago maiteko nuke? Erosoago sentitu bai, baina maite… Beraz, langilearen eguna geratzen zait ospatzeko, apika. Edo Bakuninen urtemuga…
Onena, beharbada, urtean zenbat egun dagozkigun jakitea, eta egun horiek geuk nahi dugun lekuan kokatzea litzateke, nork bere esangura emanda; baina ez dirudi, gaur gaurkoz, oso errealista. Beraz, zeren arabere erabaki jaia hartu ala ez?
Mementoz, nire koherentzia falta horretan geratuko naiz eta oparitu dizkidaten bost egun hauei ahalik eta probetxu handiena ateratzen saiatuko naiz, besteen balizko aukera guztiei nire errespeturik zintzoena agertuz, eta onartuz hemen idatzi ditudan guztiak neure burua zuritzeko aitzakia demagogikoak izan daitezkela.
Bihoa hemen nire keinu xumea apur bat lasaiago geratzeko…
Ez dut nik, ba, horrenbeste buruko min hartu… polita iruditzen zait baina nork bere jaiegunen zerenda egitea, hurrengo post batean zeure propioa egingo duzu?
agian berbera erabiliko nuke, baina buelta emanda: egungo egun gorriak lan egiteko bakarrak eta beste guztiak norberarentzat đ
kaxo!!! ni DBHko ikaslea naz ta eztet ulertzen zeatik emen jai egun oi ospatu behar da?? ezteu nai ta
puakume utxek die ta oiri eurre eman behar zai eurre!!!