Umeak
Laosi buruz berba eginez gero, derrigorrezkoa da hango umeei artikulu bat eskaintzea. Sail hau abiatu nuenean aipatu nuenez, hango ezaugarrietako bat herri guztietan erruz topatzen diren ume alaiak dira. Saltoka, korrika, beti jolasean eta gura legez mugituz nagusien kontrol handirik gabe. Normala, arrisku bakarra oso noizean behin eta oso astiro pasatzen diren autoak izanik. Kaleak, ibaiak, tenpluak… edonon jaun eta jabe.
Jakin-min handia izan ohi dute, eta lotsa barik gerturatuko zaizkigu. Bereziki kamerak ikusiz gero. Ez dakit zer duten argazkiekin, baina askotan haiek ateratzea saihesten dute eta, euren arteko txantxa moduan, beste norbaiti egiteko eskatuko digute barre artean. Hori bari, haiei eginez gero, berehala ikusi nahiko dute.
Dena dela, batzuetan uzkurrago ikusiko ditugu. Guri ez zitzaigun gertatu, baina bai bidaide batzuei: galdutako herrixka batean sartu eta ume guztiak ihesean. Arrazoia? Zuriak nekez ikusten diren mendi eta oihanetan gizaki txuria da, hain zuzen ere, umeak izutzeko erabiltzen den mamua, gure aspaldiko sakamantekas modukoa: falang (atzerritarra) beldurgarria! Begirada mesfidatiek, hortaz, ez gaituzte harritu behar.