Mahaia osatzeko urratsak


Ikusita zenbat arazo duten gure politikari maiteek mahai famatua osatzeko, gure artean beti erabili ditugun arauak gogoraraztea otu zait, zerbait aurreratuko dugulakoan.

Mahai inguruan jesartzeko aurrebaldintza bakarra tokatzen zaizun guztia edateko gertu agertzea da. Ez du balio, behin hasita, edozein aitzakiarekin mahaia laga gura izatea, ez bada txiza egiteko edo, kasu larri batean, gorputzean gehiagorako lekua uzteko. Beraz, aulkitik altxatuz gero, komunera joateko baino ez.

Gomendatzen da mahaikide bi baino gehiagok parte hartzea. Bakarkakoak, argi dago, ez du zentzurik, alkoholismo larriaren lehen zantzua izateaz gain, eta aurrez aurrekoek ere emaitza negargarriak ekarri ohi dituzte. Zenbakirik onena, gure lurraldeak legez, sei lagunekoa da. Zazpigarrena beti izan da zalantzazkoa, eta gure kasu honetan zazpigarren hori gonbidatzeak joko guztia pikutara bidaltzeko arriskua dakar.

Mahai gainean, zenbat partaide, hainbat botila (hasteko). Kalimotxoa edo gorria gaseosarekin, modu demokratikoan erabakiko da, eskua altxatuz. Pitilingorria ere onartzen da, baita ukabila jasotzea ere.

Arauak, betikoak: dadoak ezkerretatik eskumatara, are gehiago, suposatzen denean jesarriko diren alderdi gehienak ezkertiarrak direla; kinitorako 1 eta 2 baino ez da onartuko, alderdi batzuetakoek 5 eta 6 onartzea eskatzen badute ere; berdintzeak ez du balio, mahaia osatzeko hainbeste denbora galdu eta gero, ez dugu orain gehiago luzatuko pitokeriekin; bikoteak igo daitezke, jakina, hau baita tresna honenetarikoa aukeratzeko zer arerio konbentzitu gura dugun amaitutakoan; ez dago hasteko minimorik, zintzoei, gutxi izanagatik, aukeraren bat eman behar zaie; 1 eta 3rekin automatikoki edaten da, eta hemen ez dago gezurretarako lekurik, eta edalontzi osoa edango da harrapatua izanez gero; gezurretarako beste aukera asko dago, alderdi guztiek baliatzen jakin behar dituztenak. Jakina, hizkuntza ofiziala euskara izango da, gutxienez zenbakiak, horiek guztiek ezagutu behar lituzkete-eta.

Hau da gure betiko kinitoa. Horren ondoren, nork izango du arazorik adostasunetara iristeko? Interesgarriena izango da biharamunean batzuen aurpegiak ikustea, zer erabaki onartu zuten gogoratzen direnean. Eta gure egungo joera soziokulturaletara ekarrita, kamera batzuk ipini eta zuzenean eskaintzen badute, ETB 1ean, jakina, inoizko reallity showrik arrakastatsuena izango dugu, benetan mereziko duen bat, hainbeste urteren ondoren!

Kategoria: Sailkatugabeak Etiketak . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude