Erosketak
Inoiz Asiatik mugitu denak ondo daki azokak direla derrigorrez bisitatu beharreko tokiak. Koloreak, usainak, zaporeak, norabide guztietatik iristen zaizkigu. Baina horrez gain, hango herrialdeetan laster ohitzen gara 7-eleven edo antzeko dendaren bat edonon eta edonoiz eskura izatera, merkatal gune erraldoi eta modernoetan freskotasun apur bat bilatzera… Dendetan berriz ere mendebaldeko gizartearekin topo egitera, alegia. Laosen, aldiz, hobe dugu horrekin guztiarekin ahaztea. Hiriburutik hasita, ez da oso azkarra izan behar konturatzeko ez duela Kuala Lumpurren, Tokion edo beste edozein hiri erraldoitan aurki dezakegun giroarekin zerikusirik. Erostera deitzen gaituen argi gutxi kaleetan, eta denda txikiak, besterik ez… Zorionez!
Zorionez, Laosen berehala galtzen dugulako gure ohitura kontsumisten usaina eta jabetzen garelako zenbat gauza ez den premiazko: hasteko, gero eta errotuago dugun autoaren etenbako erabilera, amerikar ergelkeriari jarraituz merkatal zentro handi eta plastikozkoetan orduak eta poltsikoa alferrik galtzeko. Desabantaila hasieran apur bat galduta sentitzea izan daiteke, sarri ez baitugu topatuko ezagun egiten zaigun freskagarri hotza non eskuratu. Baina garagardoa eta ura dauden bitartean ez dator txarto multinazional orojaleei bizkarra ematea…
Dena dela, inor ez dadila izutu, dendak egon badaude, baina ez guk ezagutzen ditugun supermerkatu itxurakoak, eta gure herrietako tradizio gero eta galduagoetara itzultzeko parada ederra eskaintzen digute. Muang Vieng Thong-en, esaterako, merkatal gune bizi eta ederra topatu genuen, xarma berezia duena. Nahi duenak, beraz, bila dabilena topa dezake arazo handirik gabe.
Baina arestian esan dugunez, azokak izaten dira lekurik interesgarri eta koloretsuenak. Batzuk turistikoagoak dira, eta iluntzean dute euren unerik gorena. Guztien buru, hor dugu beste batean aipatutako Luang Prabang-ekoa. Kale osoa trafikoari itxita, motorrak eta bizikletak dira noizean behin pasatzen diren ibilgailu bakarrak, eta batere presa barik ibil daiteke postuek libre uzten duten bidetxotik. Saltzaileak ez dira erasokorrak, baina behin interesa agertzen badugu, trebe baino trebeagoak dira guztiak. Zenbat oihal ez genion erosi sorgin eder hari! Bost minutu gehiago luzatu, eta zeuzkan guztiak saltzeko gai zen! Prezioak adostea, gainera, ez da batere nekeza. Askok kalkulagailua eskainiko dizute, euren prezioarekin, zuk zeurea idatz dezazun. Baina hemengoak ez dira vietnamdarrak lakoak, ondo dakite non duten muga, eta ez dute edozeren gainetik saltzeko grina hori. Horretan ere ezin atseginagoak.
Gauak eta han-hemenka zabaltzen diren tela alaien liluratik kanpo, eguneroko premiak asetzekoak ere sano interesgarriak dira. Haietan euren eguneroko saltsan idoroko ditugu laostarrak. Gustura ibili ginen gu Sam Neua-ko salmahaiek osatzen dituzten kaleetatik.
Hiri nagusietatik kanpo, saltoki xumeagoak ikusiko ditugu. Seguruenik kostatuko zaigu haietako askotan saltzen dena identifikatzea. Horrek hango bizimoduan gehiago sakontzea eskatzen du. Maizen topatuko ditugunak barazki postuak izango dira. Horietarako edozein leku da ona.
Esaterako, mendi artean errepidean barazkiak saltzen zituen familia batek kalabazin itxurako zerbait oparitu zigun ilusio handiz, gure txoferrak erosketak egiten zizkien bitartean, eta guk harekin zer egin jakin ezinik, hurrengo ostatuko andreari eman genion. Berak jakingo zuen hobeto hari probetxua ateratzen… Adeitasunaren keinu hura, ordea, geurekin eraman genuen, edozein jaki baino gozoago.
Hurrengorako, hobeto ikertuko ditugu bertako produktuak! Bukatzeko kontu praktiko bat: ez dut gogoratzen Laosen diru txartela ezertarako erabili izana, kutxazainetan dirua ateratzeko izan ez bazen, eta horretarako batere arazorik ez. Ez dago arazorik euroak aldatzeko, baina aurrerantzean dena billetetan ordaintzera ohituko zara (txanponik egon ba ei dago…). Trukea zein den kontuan izanda, prestatu poltsikoan milioiren bat eramateko diru-paperetan…