Vang Vieng
Vientianetik kilometro batzuetara Laoseko herri berezietako bat dugu: Vang Vieng. Hara sartu bezain laster ohartuko gara turismotik bizi direla hemengo biztanleak; edo, behintzat, kale nagusietan eskaintzen zaigunak hori iradokitzen du: jatetxeak eta ostatuak, masaje etxeak eta beste komertzio motaren bat edo beste. Izan ere, Vang Vieng Laosera doazen turista guztien ezinbesteko geralekua da.
Giroari buruz, ez da Laoseko beste edonongo sentsazio baketsu eta lasaietatik batere urruntzen. Turismo burrunbatsurik, beraz, ezta hemen ere. Gehiago da atmosfera hippie-reggae arnasten dena. Berriro ere, herrialde hau ez dago presaka bizi direnentzat egina.
Baina berezitasuna beste ezaugarri batetik datorkio. Nahikoa dugu jatetxe gehienen menua aztertzea zerbait ezohikoa topatzeko: “Happy menu” deritzona. Horren barruan, happy pizza, happy sandwich, mushroom tea, joy, eta antzeko erreferentziak idoroko ditugu. Zergatik dena hain happy? Vang Vieng-darrak oso zoriontsuak direlako? Hori ez dut zalantzan ipiniko, baina misterioa laster argituko dut.
Momentuz, egin dezagun osteratxo bat. Osteratxoa ez da oso luzea izango, kaleak laster bukatzen baitira. Baina merezi du, herri txiki honek oihan erdian kokatuta, natura bete-betean arnasteko parada eskaintzen digulako. Ibairaino jaitsi, jolasa ezelan ere eteten ez duten umeekin topo egin, zuku eder eta freskagarriaz zintzurra busti, eta bertakoentzat ere azoka ñimiño bat topatuko dugu. Buelta osoa agian hamar minutuan egin daiteke, baina inguratzen gaituen ederraz gozatzen dakienak ordu bete ere har dezake aspertu barik.
Zer egin ere eskaintzen du. Horretarako turistentzat beren beregi paratutako jarduerak antolatzen dituzten agentziak daude. Beraz, kirol apurtxo bat egin nahi baduzu, laster eramango zaituzte kanoaz ibilalditxo batera, eta oihana gertuago sentitzeko aukera izango duzu, zubi eskegietatik ibili, inprobisatutako tirolinetan behera jaitsi, ibaian bainuak hartu, eta kanoaz leizeetan ezkutatutako tenpluak topatu bitartean. Patxada maite baduzu, berriz, flotagailu erraldoi bat hartu, eta ordu betez utz diezaiokezu korronteari eramaten, bidean garagardoak eskaintzen dizkizuten bitartean.
Aitortuko dut, nik ez bata ez bestea, egun osoa masajeak hartzen eman nuen, arrazoi asko baitago hauetaz etengabe disfrutatzeko gogoa izateko…
Eta eguna hiltzen hasi dela dirudienean, gerturatuko gara reggae doinuetan bildutako jatetxe batera. Bada garaia zoriontasunaren giltza ezagutzeko. Eta baten batek asmatuko zuen legez, Happy menu hauen sekretua marihuanan datza. Beraz, belar kutuna daramaten hainbat jaki gozo dasta dezakezu, baita txirriak eginda eskatu. Opioarekin ez ginen ausartu, baina eskaini, eskaintzen zuten. Eta beste gauzatxo batzuk ere bai… Garagardoekin batera, eguna bukatzeko giro paregabea, mundu guztia lagun egiten duten horietarikoa. Eta gainera… hiruzpalau aldiz jarri zuten Punkamineren CDa!!
Yupiieeee!
he entendido “restaurantes, hostales, casas de masaje y otros comercios” :-)). Tambien he entendido “happy pizza, happy sandwisch, mushroom tea” jiji ;-). Bueno, voy a seguir leyendo a ver si pillo algo más…
Que tengas un buen día.
Ederto! Apurka-apurka ikasten da. Espero que poco a poco entiendas cosas mas complicadas, jajajajajaja. Musu bat Alemaniara!