Azken boladan dugun bero sapa honekin ez da batere zaila lurralde arabiarretan nork bere burua kokatzea. Agian horregatik sentitu naiz Mila eta bat gauen gauak eleberri harrigarrian hain barruraino sartuta. Zalantzarik gabe, Nagib Mahfuz-en lan honek aukera bikaina eskaini dit txikitan hain kilikagarria nuen Simbad, Aladin eta enparauen unibertsoan barneratzeko. Berriro ere aurreratuko dut ez dudala batere asmorik kritika literariorik egiteko, Tolstoik begira nazala! Disfrutarazi didan liburu baten gainean hitz pare bat baino ez. Orain arte arabiar literatura ezezagun handia izan dut. Hurbilena Yasar Kemal turkiarraren Ararat mendiaren sumina irakurrita ibili naiz. Eta durbante bat ikusita burura terrorista badaezpadako bat ekarrarazi nahi diguten garai hauetan, interesgarria da komunikabideen iruditik harago dagoen mundua ezagutzeko beste ate batzuk bilatzea. Interesgarria baino, ezinbestekoa.
Literaturak eskaintzen digu, zalantza barik, horretarako parada, eta Nagi Mahfuz-ek Mila gau eta bat gehiago klasikoari zer jarraipen ematen ausartu zen ezagutzea ere ez zen gazta puska txarra. Muturra hurreratu orduko, ordea, ziplo harrapatuta geratu nintzen haren zepoan. Eta ez dut burua ateratzerik izan azken lerroraino iritsi arte.
Hauxe baita eleberri honen abiapuntua: sultanak Xerezade barkatu eta berarekin ezkontzea erabaki duen unea, hiriko birjinen odol-huste burugabeari amaiera emanez. Aurrerantzean topatu dudana giza grinarik makurrenak agerian uzten dituen istorio kateatze etengabea izan da. Xariar sultanaren hiria pertsonaia harrigarriz bete du Mahfuz-ek, hola edo hala guztiak harrapatzen dituen sare erraldoi bat osatuz. Izen guretzat exotikoen dantzak ez du atsedenik, eta agian hori izan dut une batzuetan zailena: pertsonaia bakoitzaren izena ondo kokatzea.
Gehien gustatu zaidana jeinuen presentzia ezkutu zein agerikoaren erabilera gizarte oso baten ustelkeriarako joera saihestezina begi bistan ipintzeko. Azken finean, jeinuek darabiltzaten amarruak nork bere buruari egiten dizkionak baino ez dira. Eta horretan, handikiak zein herritar xumeak, ia denak doaz bata bestearen atzetik jausten. Jausi, haietariko askoren buruak ere jausiko dira lege islamiko gupidagabeari jarraituz.
Kontatzeko estiloari eta magiaz inguratutako giro klasiko horri beste dimentsio bat eman dio Mahfuz-ek. Dimentsio sozial eta kritikoa; horri dagokionez, beste ezeren gainetik erlijioaren erabilera hipokrita eta itxurakeria marrazteko trebezia gustatu zait. Horretan, hangoak eta hemengoak berdin. Liluratu nauen memento bat, berriz, Gamasa Al Balti-k bere exekuzioa eta geroago bere buru esekia ikusteko parada izan duenekoa.
Ai, agian laugarren dimentsioren bat ere ikusiko niokeen eskura liburuko pertsonaiek maiz aipatzen duten haxixa izan banu! Horrek ere pentsarazi dit: alkoholik onartzen ez duen erlijio batekoek naturaltasun osoz hartzen zuten haxixak zergatik du hainbeste zailtasun egungo gure gizartean? Hori, ordea, beste hausnarketa baterako da…