Gabonetako e-postalak-edo

Jaso ditut 70 mezutik gora. Badakit oraindik gehiago ere helduko direla eta % 90 izango dira pisutsuak, birusen bat egongo da ehuneko horien arten, asko dira Gabonetako bola diztiratsuekin edo zuhaitz itsusiekin eginak, hizkuntzaren gaineko errespetu gutxi…

Spama diren? Gehientsuenak lagunek bidaliak dira, enpresa harremanetik sortutako ezagunek… asko dira harreman pertsonal ona izatera heldu naizen jendearenak. Nire helbidea nik neuk emandakoa da eta enpresa bateko parte naizen aldetik publiko xamarra ere bada erabiltzen dudan posta helbidea. Ezin esan spama denik, beraz. Asko, eskertu ere egiten ditut eta borondate ona egongo da, baina…

Hainbat eratako mezuak daude. Jaso ditudanetako batzuk:

PDF mezuak: jode, gainera mezua eta pisua bidaltzen dizuela klik egin behar, beste programa bat zabaldu eragin eta han arbola ziztrin bat. Topagunetik horrelako hiru bidali dizkidate.

jpg mezuak: asko dira hauetakoak ere. Benetako pisua dute. Askotan dira ume baten argazkiarekin, edo Olentzero, edo postal erako argazkia eta gainetik “eragiok mutil” moduko mezuak… edo hau “Gabon zoriontsu (sic) eta urte berri on” JoxSystems enpresatik. Edo jpg pisutsu bat Euskal Kantuzaleen Elkartetik. Baita Aldundiko kirol sailetik, alderdi politikoren batetik, betsozale elkartetik gif bat…

pps mezuak. Puffff, okerrenetarikoak. Berez nago nahiko gogaitua hauekin, baina Gabonetan bidaltzeak biderkatu egiten du mezu hauekiko gorrotoa. Euskalteletik jaso dut horrelako bat. Ez da, seguruenik Euskaltelek orokor moduan darabilena, baina zer esango dizuet ba, erdaraz egoteaz gain mezu-kate tipiko horietako bat, hoaxes bat goitik behera komertzialak bidali didana.

Testu hutsezko mezuak: ez, ez dira seguruenok erakargarrienak estetikoki, baina testua baino ez izateak badu niretzat erakarpen bat. Euskararen Aholku Batzordeko teknikariengandik jaso dut horrelako bat. Aspaldi ez nuen hauen berri. Gustatu zait.

Elebitako mezuak. Izan testu hutsekoak, argazkiekin etab. Ez ditut gustuko. Pentsatzen dut bidaltzaileak badakiela nora bidaltzen duen, ba joño, ez legoke gaizki hizkuntza bakarrean bidaltzea. Bidaltzaileak egin ez duena egiteko eskatzen didate niri eta ez dut gustuko.

– Hiru edo lau, edo hamaika eletan daudenak: gggrrrr. Oso desfasatua geratu da estilo hau, ez? urtero egiten du norbaitek: Feliz Navidad, Bon Nadal, Merri christmas… Lenbur fundaziotik jaso dut horrelako bat

Klikagarri direnak. Gipuzkoako Aldunditik jaso dut bat. Gustatu zait. Ideia gustatu zait. Landua da, klik egitera bultzatzen du… Eta pisurik handiena beraien webgunean jarri dute. Hizkuntza bakarrean… Ondo. Elkar liburu dendatik ere jaso dut. Polita, pisurik ez didate bidali, baina oraindik ez dira enteratu euskara hutsean bidalita nahikoa dela. Hori bai, detaile polit bat jarri dute: “elkar liburu dendako promozio mezu gehiago jaso nahi ez badituzu klik egin
hemen.

Ikus-entzunezkoen garaian gaudela gutxik dakite, antza. Polita, goxoa eta musika ia perfektuarekin jaso dut Goierri Telebistako lagunen mezua. Gustura jasotzen den mezu horietako bat, originala, aukeratua, landua… ederra! Zorionak!

Helbide guztiak bistan dituztenak: en fin, hau netiketa kontu bat da, baina egunotan areagotzen den ohitura txar  bat. Denek dakite zenbati, zeini, zeini ez… bidali diren mezuak. GGGGRrrrrrrr. Norbere helbidea gero eta publikoago… en fin, errespeto falta ere bada. Gipuzkoako Aldunditik posta ona jaso dudan moduan hauetakoa ere jaso dut.

Erregearen postala. Klasiko bat dagoeneko. Aurten ikus-entzunezkoa ere ikusi dugu, baina niri jpg erako pare bat lekutatik heldu zait horrelakoa, Bienvenido Gil enpresatik eta herriko alkatetzatik. Sailka nezakeen jpg erakoen tartean, baina honek badu bestelako txispa bat. Postalaz gain mezu pertsonalizatuak izan dira eta horrek libratzen ditu.GabonEPosta2
Seguruenik mila modu daude urte berria modu egokian opatzeko, baina egokiak ez diren batzuen laburpena egin dugu hemen: ez bidali pisurik, kontuz dokumentu atxikiekin, ez bidali arrunkeriarik, ez helbide guztiak bistan, zaindu hizkuntza mesedez, egoki idatzi eta hizkuntza hautatuz, orokorkeriarik ez…