Euskadi Irratian Maria Bitoria delako 72 urteko emakumea zen berbetan Antton Aranbururekin: Gipuzkoako herri batean jaioa, asko bidaiatzeko aukera izan duena, sei-zazpi hizkuntza ikasitakoa, txiki-txikitatik berezia zela aitortzen duena, liburujale amorratua… Aspaldian, Kariben bizi dela ulertu diot (eitb.com -en jardun dut bila, baina datu gehiagorik ez eta ezin zehaztu). Han, beti esan ei du “Vasca” dela. Barru barruan duen sentimendua ei da, politikaz gaindiko sentimendua, esan duenez.
Gira eta bueltaka berriz!
Astebete ez da Valladoliden somos vascos erantzun niola arraro berbetan igarri eta galdera egin zidan Mil Vinos tabernako zerbitzariari. Bigarren txikitoarekin galdetu nion ia zer ulertzen zuen berak vascos horretatik. Eta hark: Pues de la comunidad autónoma!.
Eta bai, baskongadetakoa naiz, baina lehenago euskalduna, eta gero Euskal Herrikoa. Ez zen asmoa nire burua baskongadotzat definitzea. Hori bai, gaur gaurkoz ere ez dakit nola erantzun beharko niokeen berriz ere galdetuz gero. “vasco” berriz? “euskaldún?” “Navarro?” edo “De Euskal Herría”, akaso?
Zerbitzariak beste trago bat gonbidatzeko balio izan zuen, behinik behin. Atera ahala zioen: No quería crear un problema… Guretzako ordu erdiko eztabaidagaia izan zen. Halaxe kontuak, ardoak onduak.