Bizitza bizitza da, handiena

Imanol Murua
kazetariak idatzitakoa oso osorik mezu honetan. Idazten ekin naiz,
baina asmatu ez. Ulertu ere ez dut ulertzen gertatzen dena eta azaldu… ezin berbak josi saiatu naizen arren. Berria egunkaritik hartua:

Zaila da bizkarrezurrean behera hotzikara ez sentitzea, albistea
entzunda. Euskal herritar bat beste euskal herritar bati hurbildu zaio,
gizaseme bat beste gizaseme bati, bost tiro eman dizkio eta hil egin
du. Isaias Carrasco, 42 urteko arrasatearra, PSE-EEko zinegotzi ohia.
Bi alaba eta semea, aitarik gabe. Emaztea, alargun. Gurasoak, semea
betiko galduta. Inoiz konpondu ezingo den kaltea.

ETAk erabaki du Isaias Carrasco hiltzea. Giza eskubideen artean
oinarrizkoena, bizitzeko eskubidea, kendu egin dio euskal herritar
bati, giza eskubide guztien jabe beharko lukeen gizasemeari.

Garai batean PSE-EEko zinegotzia izan zelako aukeratu bide du
ETAk Isaias Carrasco. 2003ko hauteskundeetan 2.375 arrasatearren botoa
jaso zuen zerrendako kidea. Ikuspegi politikotik, gaur egun inolako
ardurarik ez zuen herritarra. Bizkartzainik ez zuena. Alderdi
sozialistako militanteen artean, katebegi ahulena.

Kargurik gabeko militantearen aurka eginez, alderdi
sozialistari bete-betean jotzeaz gain, PSOEko -edo PPko- kideen artean
jomuga izan daitezkeenen taldea, mehatxatuen taldea, izugarri handitu
du ETAk, lehendik ere oso zabala zen zirkulua are gehiago zabalduz.
Lekutan daude Komando Autonomo Antikapitalistek 1984an Enrique Casas
senatari sozialista hil zutenean -hauteskunde kanpaina baten bukaeran,
hura ere- ETA militarrak eta Herri Batasunak hilketa hura arbuiatu
zuteneko garaiak, politikari bat hiltzea onartezintzat zutelako.

Ataka zailean dago ezker abertzalearen ildo nagusia, bere
osoan. Joko politikoaren zelai ofizialetik kanporatua, buruzagi
politikoak espetxeratuta, eskuak lotuta eduki nahi dute Estatuko
aginteguneek. Politikaren zelaian pausoak emateko ezinduta, egunetik
egunera zailago du prozesuaren alternatiba prozesua dela sinestea.
Politika egitea eragozten badizute, nekez sinetsiko baituzu politikaren
aukeratan.

Eta, ataka horretan, bidegabekeriari bidegabekeriarekin
erantzuteko hautua egin du ETAk. Batasunak, EAE-ANV eta beste
hainbestek jasaten duten bidegabekeria politiko eta humanoari
erantzuteko, autobideko ordainleku bateko langilea hil du. Gorpu bat
mahai gainean, Espainiako Gobernuaren eta alderdi nagusien politika
baldintzatzen saiatzeko.

Jatorrian, arazo politikoa dago. Itsuak ere ikusten du. Gatazka
politikoa. Herri baten erabakitzeko eskubidearen ukazioa. Jakina da
gatazka politikorik gabe ETArik ez legokeela, hilketarik ez legokeela.
Baina itsuak ere ikusten du gatazka politikoa konpondu ezinik
jarraitzearen ondorio derrigorrezkoa ez dela ETAk ekintza armatuak
egiten jarraitzea. Atentatuak egitea, ETAk esku artean dituen
aukeretako bat da. Isaias Carrascoren heriotza, ETAren erabakiz ekidin
zitekeen tragedia da.

Atentatu bakarra den, edo ziklo armatu gordin baten hasiera,
ETAk erabakiko du. Gertaera honek ezker abertzale politikoan
zalantzarik gabe eragin duen ezinegonak biderik egingo duen, inoiz
jakingo dugu. Eta atzokoak konponbidea zer neurritaraino zailduko duen,
denborak esango du.

Bitartean, Bernardo Atxagak idatzi eta Jabier Muguruzak abestutakoa gogoratzea merezi du. Bizitza, bizitza da.