Gaur, asko maitte doten proiektu bat aurkeztu da Donostian, Koldo Mitxelenan: Euskal Herriko Ahotsak. Aintzane Agirrebeña eta Asier Sarasuak emon dittue azalpenak eta horren laburpena ekarri dot hona, barrenian dago. Penaz nago Patxi Baztarrikaren esanak hemen ez jasotziakin, ze oso ondo
egon da: Jantzitta, zehatz eta sinistuta. Ez da aurkezpen guztietan pasatzen dan kontu bat, baiña Baztarrikaren hau bereziki ona pentsau jata. Badihardugu elkariaren prentsa-oharretik etarata:
Helburua
Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.
Egiten dugun lana:
- Jende nagusiari elkarrizketa egin bideoz, euskal herri guztietako hizkerak eta ahozko ondarea biltzeko. Gainera, lehendik egindako grabazio zaharrak ere berreskuratzen ditugu.
- Materiala katalogatu landu eta kodifikatu; datu-basean txertatu.
- Grabazioak transkribatu eta editatu
- Informazioa online jarri
2004tik gaurdaino jasotako informazioa
* Herriak: 62
* Hizlariak: 986
* Zintak: 1212
* Pasarteak: 7722
* Transkripzioak: 1572
* Audioak: 1176
* Bideoak: 1021
Webgunea: http://www.ahotsak.com/ Etengabe ari gara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen. Helburua da, 2012. urterako euskal herri guztietako lekukotasunak jasotzea eta online jartzea.
Ezaugarriak
* Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu.
* Publikoa eta doakoa da.
* Proiektu irekia da, eta interesa duen orok har dezake parte.
* Hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu bere baitan.
* Metodologia sistematikoa eta zehatza jarraitzen da.
* Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.
* Era guztietako hartzaileak izan ditzake: ikerlariak, ikasleak,
zaletuak, senideak… filologoak, historialariak, antropologoak…
Proiektuaren eta webgune honen ardura Badihardugu Euskara Elkartearena da. Hala ere, egitasmo honen asmoa da, Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik parte hartu ahal izatea Ahotsak.com-en, eta dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlarirekin ari gara elkarlanean, denon artean ahalik eta proiektu sendo eta biziena lortu ahal izateko.