LETEren kantuek bete zuten Arantzazu

 

Berrian irakurri berri dut Gorka Erostarberen
artikulua. Pettiri (besteak beste) emandako erretratu handia ikusita gaueko
artistarik borobilenaz zer zioen irakurtzera jo dut amaieraraino-eta… kaka! Ez
zion denborarik eman edizioa itxi aurretik. “Egunkari honen edizio itxi zenean,
Petti eta Erramun Martikorena euren kantuak eskaintzeko zeuden artean ere” dio artikuluaren azpen puntuan.

Polito hasi zen arratsaldea Arantzazun. Missa
Pro Defunctis abestu zuen Iruñeko kamera koralak. Antza, Lourdes Iriondoren
azken agurrean kantatu ziren hauek guztiak. Ni Amaierako Laudate dominum (de
las “vesperae solemnes de confessore”, K. 339) lanarekin geratu naiz. Sopranoak
demaseko lezioa eman zuen gure gozamenerako.

Egiari zor, ekitaldia hasi, hasi zuen Noel
Elorga aurkezleak 19:00etan. Horrelakoetan egin ohi denez, eskerrak eman zizkien
Hamabostaldiari, Arantzazuko Frantziskotarrei eta Mondragon Corparation-i
(guretzako, Mondragon Taldea).

Koralaren 40 minutuak pasata laster hasi da
bigarren kontzertu moduan defini genezakeena. “Ingurumen eder eta gardenean,
basilikak euskal leinu sortzaileei eskaintzen dien lekuan, euskal
espiritualtasunaren kabian”, Elorgaren esanetan. Arantzazu bera ere 69koa dela
gogorarazi digu, “Ez dok 13” denboretakoa hau ere. 

Piel Paul Berzaitz-ek egin ditu lehen lau
kantuak. Niretzako oraindik ere beldurra-edo, errespetua ematen didan “Ni naiz”
kantarekin hasi da. Egokiagoa dirudi kantuak kantaera beltzagoa, marrantatuagoa
duen kantari batendako, baina kantua hain da sakona… “Negarra begian” izan da
gero “Habanera”-ren aurretik “Lore gorrien balada”. Berzaitz-ek Xalbadorren
hitzak dituen kantuarekin izan omen zuen lehen harremana Leterekin.

Antton Valverde urtetan izan da Leteren
ondoko. Lagun. Mikrofonoa eskuan kantatu du “Amodio amore” eta pianoan jarri da
Letek euskarara itzuli eta Valverdek berak musika jarri zion “Itzulera”
kantatzeko. “Hitzez hitz” kantatu ostean etorri da “Jardin bat zuretzat”:
“Amaitu da bidaia…” hil baino lehenxeago idatzia. Ospitalera zioala, gaixo,
Lourdes Iriondo geratu zen muino berean geratu zen Lete eta Elorgak kontatu
zuenez han entzun ei zuen ahots neutral bat bidaia amaitu dela esanez.
Kontakizunak jantziko du, batzurendako, baina kantua bere hutsean da
entzutekoa.

Joxan Artzek errezitaldi bi egin zituen.
Tokatzen ez zitzaionean taularatu eta esan zigun “mutu, gor eta elbarriturik”
utzi dutela Iriondo eta Leteren heriotzak. Heriotza gai hartuta egin zituen
lauzpabost poema eta poesia poesia denean espiritualitatea dela edo izan beharko
lukeela adierazi zigun. Bigarren agerraldia inprobisatua izan zen eta
inprobisatu ere egin zuen bigarren saioan. Niri gustatu zitzaidan, hala ere.

Joxan Goikoetxeak egin zuen bakarkako lana. “Errota
zahar maitea” soinu hutsez. Eta 1.700 lagun jarri gintuen ahopeka laguntzen,
konpasa eramaten. Momentu polita izan zen, jakin baitakigu oso lagun izan
zirela Lete eta bera. Nik batera ezagutu nituen Espaloian egin zuten
errezitaldian. Goxo egon ziren biak afalorduan.

Amaia Zubiria: Noel Elorgak Zubiriaren hainbat meritu nabarmentzeaz gain aurkeztu du esanez “emakumeak defenditzen dituen tertuliakide
moduan, behar ere behar dela defentsa hori…”. Segituan erantzun dio Zubiriak, “ez
luke behar!”. Lau kanta egin ditu: “Zure trixtura” piano hutsez, “Itsasoak urak
handi” arotz familiaren kantua, “Maiteaz galdezka” eta “Nabil”. Aitortu du
edozein kantarik idaztea gura lukeen moduko kantua dela “Nabil”, baina pozik
dela pentsatuz guretzat idatzia dela.

Petti: Azkar, ahots berodun eta indartsu
moduan definitu du aurkezleak nafarra. Euskal kantagintzaren balore seguru
horietakoa dela esan zuen Elorgak. Eta bai, balore segurua da Petti, nahiz eta
ez dakidan zenbateraino den baloratua eta are okerrago zenbatek ez den baloratua. “Altzateko Jaun” kantatuz hasi zuen bere
jarduna Pettik. Behetik kantatuz oso goraino ere heltzeko. Bete egin zuen
Arantzazu Pettiren ahotsak. Nire ondoen Hernanitik etorritako bikotea zegoen,
50 urtetik gorakoak. Galdetu zidaten ia zein den ahots hori duen gizona.
Berakoa dela, hainbat disko dituela, gitarrarekin ere oso ondo moldatzen dela…
Hernaniarrak ez du zalantzarik izan, “ez nuen ezagutzen, baina gaueko onena
izan da Petti hori”. Gaua ere bazen ordurako. “Euskal Herri Nerea” errezitatu
eta kantatu zituen eta “haizea dator ifarraldetik” kantuarekin inor ez zuen
utzi jarrita. Txalo zaparrada handiak jaso zituen beste batzuetan baino
lotsatuago ikusi genuen Pettik. Lau kantu zituen egiteko, baina hiru eginda
erretiratu zen taulatik. Karlos Gimenezek ere burutu zuen bakarkako lana. Inork gutxik
jartzen du zalantzan pianoarekin duen abilezia eta abilidade hori sentimenduz lagunduta eman zuen Arantzazun.

Erramun Martirikorenaren txanda horrenbestez.
Instrumentazioari lotzeko eginahalak eginda osatu zituen bi kantu, “San Martin
azken Larrosa” eta “Nafarroa Arragoa”. “Kontrapas” utzi dute gero denok batera
kantatzeko. Berriz bueltatu zen Petti “Lore bat zauri bat” egitera, erritmo
bluseroan eta gitarra elektrikoari kaña emanda lagundu zion Xanet Arotzenak.
Laugarren kantuan ere ezin hobeto Petti. Egia da gaueko izarra izan zela Petti. Ni emozionatu egin nintzen. 

Amaierara heldu zen kontzertua eta bazen ordua ere. 22:30ak jota eta pare bat kanta geratzen ziren… “Errotar zahar maitea”
ziren egitekoak, baina “kontrapas” kantatu genuen denok zutik. Gero “Xalbadorren
Heriotzean” entzunegia nire gusturako.

Hiru ordu eta berrogeita bost minutuko
kontzertua. Guk korutik ikusi dugu eta soinu eta argi neurtuekin. Ondo. Merezi
zuen. ETB-k eman behar omen du kontzertua abuztuaren 18an 21:00etan. Nik ez
nuen muntaia handirik ikusi kontzertua egoki grabatzeko. Irteeran erregaloa: Argiako lagunek Leteren elkarrizketa bat eta Argia astekariaren zenbakia. Elorgak “oroz gainetik eskerrak Argia astekariari” . Nik halatsu.

Xabier Lete hil da

Xabier Lete orain urtebete egon zen gure herriko kafe antzokian Josean Goikoetxea lagun zuela. Jendez beteta zegoen eta poemak irakurtzera etorri zen, errezitaldi musikatua egitera iazko azaroaren 29an. Orduan ere pattal zebilela zioen berak afaritan eta urtebetean…
Oso gogorapen ona dut egunaz. Poesia entzuten belaunaldi askotako jendea eta taula gainean orduko poeta, hasiera haietako poeta eta kantaria, Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetakoa. Guretako luxua izan zen gure etxean tamaina horretako lagun bat izatea eta berarekin afaloste goxo bat konpartitzea. 

Emanaldia bera sakona eta hunkigarria izan zen eta jende askoren malkoak ikusi genituen errezitaldi ostean. Ikaragarrizko indarra erakutsi du Letek errezitaldia
interpretatzen eta jendearen galderak-eta erantzuten, Liburuak sinatzen, elkarrizketan, antolatzaileokin eta lagunekin afaltzen jardun zuen. Horrekin geratuko naiz eta duela bi urte argitara eman zuen  “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuarekin.

Ordukoa da argazkia (goiena.net):
XabierLete

Eta Espaloiko argazki eder gehiago atera zituen Atauri blogean Jose Felix Diaz de Tuestak.

Xabier Leteri kantuan egin diote domeka eguerdian kantu-jiran. Beste omenalditxo bat.

                        XX

Azken oihurik gabe aldenduko naiz
argia gandutu zen menturazko lurraldean barrena,
ez diot nehork itzalari abegirik eskainiko
baina itzalaren erresuman itzaliko gara,
zer pena bizitza galtzea diozu ilunabarrean
maite dituzunak gogoeta xehe iheskaria direnean
eta ibaiarekin batera aldenduko zarela jakitean
nehork mintzirudikatu ez zuen
haraindiko ibar urrunera,
hala ere, ederra zen bizitza eta bizi izatea
azkenik galeraren zerrenda ankerretan
idatzia utzi bagenuen ere
gurutza ditzagun elkarrekin, maite
azken belazea, azken loredia.

                               III

Eskatu, dena eskatu genion bizitzari

argia, gozamena, jakituria,

paradisuetako hondartzetatik

erbesteratuak zian ginen arte…

baina trenek gauerdietan

xixtuz iragarritako bidaia

helmuga harrigarrietara egitean

ni ere bidaiari izanen naiz

bizidun ororen edalontzia hondarreraino ustuz…

baina birlotua orain uneari, orduei

urruneko hiri ederren itxaropenik gabe

larrosen urrinaz oroitzen naiz

eta gorputz jainkotuen erakartasunaz…

Hor jardin isila baratzondoaren ezkutuan

etxearen ibilgune beti berrasmatuak

oihan hezearen abaroa mendi hegaletan

eta palmondoen itzalean

dohain eta amaitzen ekialdeko itsasegiak…

haruntz noakizue betirako, ametsen galbidetik

adiskide maitatu gaur ia ahaztuok.

Oh.: “Egunsentiaren esku izoztuak” liburuko Vulnerant ommes kapituluko hogeigarren eta hirugarren poemak.