Zer multimediago bloga baino! Ez da eguneroko (asteroko? hilabeteroko?) idatzi soil bat, idatziarekin batera jarri daiteke podcast bat, argazki bat, bideo bat, mapa bat, aurkezpen bat… danerako dago aukera eta aukera guztiak doan dira. Doan dira erabilpen minimoak, behintzat, eta askotan nahikoa ere badira. Asko daude, eta onak ere makina bat. Erabiltzen ditudan adibide batzuk (gehiago daude, zelan ez):
- Bideoa: youtube
- Argazkiak: flickr
- Podcast-a: odeo
- Mapeatzeko: tagzania
- Aurkezpenetarako: slideshare
Ez, ez dihardut txinoz berbetan. Interneten nabigatzen dakienak erraz asko erabiliko ditu aipatutako bostak. Nik ere erabiltzen ikasi badut zuk ez duzu ikasiko ba!
Bai, kazetaritza aldatu da, baina ez dakit kazetariak aldatzeko prest dauden. Ez dakit, sikiera, kazetaritza fakultatean ere multimedia zentzu hau erakusten den. Badirudi zailagoa-edo behar duela hamarnaka urte kazetaritzan diharduanarendako, baina kazetari gazteenek ere ez dute ba ahalegin berezirik egiten… Ez, ez diot soldatapean egiten dutenaz, blogek behar dute norberanetik ere. Horregatik ere gustatzen zaizkit, ez direlako derrigor soldatapeko, zerbait dagoenean idatzi daitekeelako eta ez dagoenean ez. Aukera bat delako, futbolean jokatzea moduan, edo telebista ikustea, edo bizikleta hartzea.
Bloga ez da guaiada bat, bloga ez da idazle txoropito batzuen jugetea, bloga ez da bakarrik jolasa. Blogak komunikatzaile izatea ahalbidetzen du, iritzi emale eta jasotzaile, kazetari. Kazetariak prest daude? zu prest zaude?