ETB-k euskarazko iragarkirik ez ematea ona litzateke?

Pentsatu dagigun RTVE-k publizitatetik ez onartzea ondo dagoela. Eta bueno, ondo egon liteke ikus-entzuleondako… 2010eko urtarriletik zero iragarki izango dira RTVE-n eta dagoeneko ez dute iragarki berrien salmentarik egiten, beraz, gutxitzen joango da kopurua lauhileko honetan. Hurrengo urtean ez da izango notizia mahatsa jan ondorengo iragarkia.

Baina bideo zati honetan zera ere esaten du: “Autonomikoek ere bide bera jarraitu beharko lukete”. Hau da, ez luketela iragarkirik onartu behar. Eta jarraitzen du esateko: ” UTECAk ez ditu gura bi telebista publiko eredu ezberdin. Autonomikoak neurri berberak hartzea beharrezkoa da. Autonomikoek aldatu beharko lukete iragarkien ziurgabetasuna aurrekontuen ziurtasunengatik pribatuendako merkatua utziz.”

Baina hizkuntza gutxituan egiten den telebista baterako eragina berbera izango da? Hau da, kalte egiten digu iragarkiak euskaraz entzuteak? Ni ezezkoan nago, kalterik ez dago, eta gainera, euskarazko bideogintzarako, telebistagintzarako eta ikus-entzunezko produktuetarako atzerapausoa litzatekeela Euskal Telebistak muzin egitea iragarkiei. Gure merkatu txikia ahuldu egingo litzateke.

Sartu barik diru gehiago beharko lukeela EITB-k (bai, gehiago…): Gehiago edo gutxiago ikusiko ditugu euskarazko iragarkiak gainontzeko hedabideetan? Nire erantzuna argia da: gutxiago. Eta argi dago hori ez dela laguntzarik onena eskualdeka dauden euskarazko tokiko telebistendako ezta euskararendako ere.

UTECA zeintzuk osatzen duten eta zer gura duten jakinda… zer gurako dute ba bertako partaide izateko zabalkunde “nazionala” behar dela dioten telebistek? Horiek esango digute zer den ona autonomietan? Zer den ona euskarendako? UTECAk eskatzea libre da, baina hemengo Gobernuak kasurik ez egitea ere balegoke. Ezta?

Edo hau tokiko telebista baten lanean diharduen baten kezka baino ez da, eta ikus-entzule guztiek ontzat emango lukete iragarkietatik EITB-k batzen duen dirua denon poltsikotik ateratzea?