Dena zuen alde espektakuluak. Hala ere, ilaran itxaroten egon, frontoira sartu eta iluntasun osorik ezin lortu, soinu garbirik ez, oihartzuna, taberna zabalik eta zaratatsu, jaien burrunba… en fin, frontoietako kontuak. Baina, hala ere, dena zuen aldeko espektakuluak: Sarri, Salvador, testu onak, musika ona, Otehitzari biraka gogoan, Mireia Gabilondo bergararra, dantzari finak, jende asko…
Eta gustatu zitzaidan. Merezi du ikustea. Dantza ikustera joan nintzen, baina zelanbait esatearren inguruak, zelofanak harrapatu ninduen. Hitzek eta musikak. Badirudi dantzaren mesedetan landutako espektakuluak dantza bera uzten duela inguruaren preso.
“Kiromantzidxa” entzun eta Aintzane Astigarraga bizkaieraz errezitatzen gogoratzea bat izan ziren. Sarriren poema hori zuen ardatz Dana Lanbrotuta ikustot ikuskizun ederrak. Etorkizun fatala, oraina ere halaxe… Zelako oparia liburua eta baita emanaldia ere. Horrelako gehiago behar genuke eta ez frontoietan. Herriz herri pasatu beharko lukete sorkuntza berriek. Hnuy illak gogorarazi dizkit 1937 gogoaren bidezidorretatik, apoaren edertasuna… eta badira berriagoak ere, taula ondora arrimatuz gero artisten jarduna txalotuko genituzkeenak.