Bikain eta Hamaika: aurkezleak ebentoetan

Atzo eta gaur bi ebentotan izan naiz. Guggenheim-en bata; bestea Itsasadarraren Itsas Museoan. Lehenengoan Bikain ziurtagiria jaso genuen Goienakook eta beti dago ondo errekonozimendua den heinean. Urrezkoa 6 enpresak jaso genuen eta garrantzitsua izan da guretzako enpresa horien artean egotea. Bestetik, gaur arratsaldean Bilboko Hamaika aurkeztu da. Aurkezpen bideoa dago jarrita Hamaikaren webgunean. Guk ekitaldian ikusi dugun horixe, hain zuzen.

Bataz zein besteaz luze berba egin daiteke: ezberdinak izan dira eszenografian, jende kopuruan, jendea bera ere ezberdina, pintxoak ezberdinak, batean zuzeneko musika eta bestean kantu aukeraketa bat, batean bestean baino enpresario gehiago, ezberdina izango da hedabideek batari zein besteari eman dioten tratamendua (kuriosoa, gutxienez batzuek zein gutxi ematen dioten batari eta beste batzuek zein gutxi besteari)… eta ezberdina izan da aurkezleetan ere.
Harrapatu egin nau Pili Kaltzadak. Hori da hori erraztasuna eta egoten jakitea. Euskarari ostikadarik ez, aurkezpen landua, inprobisazio puntuak, paper garrantzitsua ekitaldian, gidari lana ondo eginda… Gustua ematen du eta berari ere esan egin diot zenbat gustatu zaidan. Ez da beti gertatzen, baina aurkezle onek asko janzten dute edozein delarik ere ekitaldia.

Berdintasunak: biak Bilbon izatea bai, behintzat. Eta baita bien webgunetan (bikain eta Hamaika) egindako aurkezpenaren berririk ez egotea emanaldia amaitzeaz bat. Internet beranduagorako-edo utziko zuten.

Portzierto, ia Bilboko Hamaikak ondo hasten duen ibilbidea. Euskarazko telebistagintzarendako ona litzateke. Nire animoak.