Museoak agora bihurtu beharko genituzke

Museo txiki zein handiek entzun beharko luketen hitzaldia entzuten egon naiz gaur Koldo Mitxelenan. Eta museoak izan dira aipagai, baina edukia lantzen dugun guztiondako izan da argigarria.

Haritz Solupe

Hainbat ideia on bota ditu aurkezpen landu batean (gustatu zait aurkezpenak egiteko prezi tresna ). Aipatu dituenen artean: euskal kultur ekosistemara heltzen jakin behar dugu eta bezeroa modu zabalean ulertu behar dugula. Ez eraikinetara gerturatzen den bezeroa bakarrik, baita web bidez edo eskuko telefonoaren bidez gurekin harremanetan jartzen dena ere. Edukiak plazaratu behar ditugu bezeroaren arretaren arabera. Elkarlanetik egin behar dugu lan eta txikiak izanagatik gure burua erakutsi.
Lizentziekiko ardura ere erakutsi du Aldundiak. CC lizentzien aldeko apustuak serioa dirudi eta eskertzen da diru publikoz egindakoa publikoaren esku lagatzea. Erakunde askok dute ikasteko Gipuzkoakotik.

Nanci Proctor

Smithsonian zer den azaltzen-eta jardun du. Aurkezpen landua eta esperientzia pertsonalean oinarritua Solupek moduan.
Kuriosoa hitzaldiko tarte batean eman duen datua. Beraien 19 eraikinetara 30 milioi lagun joan dira fisikoki aurten. Eta birtualean? 180 milioi!!!!  Horiek datuok ikusita serio hartu beharko da 2.0 teknologiak erabili eta jendearengana heltzen saiatzea. Lau multzotan dute banatuta beraien zeregina: eraikinen kudeaketa da bat; bestea, dituzten webguneak; hirugarrena, sare sozialak; eta laugarrena, teknologia mugikorra. Lau arlo eta ezin jakin esaten zein den garrantzitsuagoa zein baino. Gurean ez legoke dudarik… eraikinetako hormak behar den moduan izateari garrantzia kentzen hasi beharko dugu gainontzeko hiruren mesedetan izango bada…

Proctorren esaldi batekin geratu naiz: izugarri gustatzen zait museoetan argazkiak ateratzen uzten didatenean. Hain zuzen ere, Smithsonian uzten dute argazkiak ateratzen, bideoak egiten… Proctorrek argi du: doako propaganda dira jendeak egindako “lanok”, twitterren partekatzen dira, Facebooken, iphonearekin argazkiak atera eta flickr-era igotzen dituzte… baieztatu du. Komentatio hau eta Sustatun agertutako artikulu hau  aitzaki hartuta, Haritz Rodrigez Xurikenek galdetu dio Soluperi ia zein den arrazoia Tabakaleran edo KM-n argazkiak ateratzen ez uztekoa, kontradikzioa dela esana eta jarduna. Vegap aipatu du Solupek (webgunera sartzen bazarete SGAE-n koloreak akordatu eragingo dizkizue). Aldundiak gura duela, baina legea oso katramilatsua dela. Aldunditik egindako lanak bai, gaur egun CC lizentziapekoak dira.

Museoek zelakoak izan behar dute?

Gustatu zait Proctorrek zelan azaldu duen gaurko museoak nolakoak izan beharko luketen: museoak AKROPOLISAK izatetik (han goian, tenplu garrantzitsuak, gutxirendako lekuak…) AGORA izatera (elkarrizketa lekua, konpromiso sozialerako gunea, ideiak partekatzeko plaza..) pasa dira edo pasa behar dira derrigor. Eta plazetan argazkiak ateratzen ditugu, elkarrizketak izaten ditugu, bankuan jarri eta begira gozatzen dugu… eta lagunak  gonbidatzen ditugu plazara plaza bera bizi izaten laguntzen digutelako, gozatu egiten dugu… eta bai, guztiz ados nago museoak plaza bihurtu behar ditugula.