Gaztanbera egiten ikasi dut

Orain pare bat hilabete probatu nuen herriko elkarte batean. Demasa! eta ez zirudien zaila egiteko… lagunei egingo  nuela esan eta animatu naiz.
Lanik handiena ardi esnea topatzea izan da. Elgetan hiru-lau lekutara jo dut, baserritarrengana, baina ardi batzuk antzututa, besteren batean nik nahi beste ez zuten… Neu ibili naiz  berandu. Eroskira joan naiz gero, baina astean bi bider bakarrik izaten omen dute ardi-esnea eta astelehenetan ez. Goienan geundela komentatu dut ardi-esne bila nenbilela eta bingo! Eulalirengana eraman naute, Zubillagatik metro batzuetara dagoen baserrira. Ardiak jaisten harrapatu dugu 70 urteko Eulali, andra guapa askoa. 3 litro esne 4,60 euro ordaindu eta baserritik atera gara gazta eder askoa janda eta baxoerdi ardo edanda. Merkea eta ona. Baina harira, gaztanbera…

Sukaldean.com blogean errezeta dagoen ikustera joan naiz, baina ez dagoela-eta hasi naiz idazten mezu hau. Ez ez, ez dut errezetaleku bihurtuko bloga, baina postre erreza eta efektiboa proba egitea gura baduzue.

Zer erabili dudan dozena bat lagunendako egiteko

  • Hiru litro esne
  • Sei gorringo
  • gatz piska-piska bat
  • azukrea 15 koilarakada
  • Karamelo likidoa.
  • Legarra

Zelan egin

Gaztanbera Esnea egosi koilaratxo erdi gatz botata. Egosten diharduanean bota 15 koilarakada azukre. Egosi. Hozten laga. Epela dagoenean sei gorringo bota eta ondo nahastu. Prest eduki ontzitxoak karameloa ondo zabalduta dutela ontzi guztian zehar. Ontziak bete esnearekin eta legarra gehitu (kutxarilatxo erdi). Buelta bat eman legarra zabaltzeko eta listo, laga gatzagiari bere lana egiten. Asentatuta dagoenean hozkailura.  Bihar  probatuko dugu ia zelakoa dagoen. Mezu hau irakurri badu kuadrilakoren batek badaki zer dagoen postrerako.

Eskerrik asko Eli Arantzabali gure etxeraino etorri eta pazientzia osoz erakusten jardutearren. Sobran geratutako sei zuringoekin bizkotxo bat ere egin dugu, baina hau beste egun baterako. Ederra usaina dagoena hau idazten dudan bitartean, uuuummmm.

Oh.: Gaztanbera esaten zaio gatzatu edo mamiari ere makina bat lekutan, baina Elik esan didanez Nafarroa aldean ikasi zuen hau egiten eta Gaztanbera deitzen ei zioten.